Zuzenean 17:00h - 18:00h

Bideokluba

Maite Bidarte

18:00h - 19:00h

Otea lili

Ritxi Aizpuru

19:00h - 21:00h

Haria 3

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Noiz erabili mugagabea?

[1x8] Ikasgai honetan mugagabea landuko dugu. Noiz erabili behar da mugagabea?

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Noiz erabili mugagabea?

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Akaitz Sarasola hirietako bioaniztasunaren inguruan hizketan.
Akaitz Sarasola hirietako bioaniztasunaren inguruan hizketan. (Bigarren Kafea)

ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz?  

NEREA:
Kaixo, Ander. Ondo, eta zu?

ANDER:
Primeran, eskerrik asko. Hemen ari naiz, leihoaren beste aldean dagoen basoari begira, te goxo bat hartu bitartean.

NEREA:
Zein eder dagoen basoa zuhaitzen kolore nahasketarekin!

ANDER:
Egia esan, izugarri gustatzen zaizkit basoak udazken koloretan. Gaurko eguraldi ederrarekin, ondo-ondo ageri dira kolore horiek guztiak.

NEREA:
Horiz eta gorriz, dena lokarturik.

ANDER:
Halaxe dio Benitok Lertxundik Udazken koloretan abestian, bai.

NEREA:
Gogoan duzu zergatik hartzen dituzten kolore hauek zuhaitzek?

ANDER:
Bai, badakit txikitan zergatia ikasi genuela, baina ez nuke azalpena ematen jakingo.

NEREA:
Horri buruz aritu zen, hain zuzen ere, Akaitz Bigarren kafea saioan aurrekoan, eta zuhaitz guztiek kolore aldaketa egiten ez dutenez, bi zuhaitz talde bereizi zituen. Bi zuhaitz mota daude eta, hara!, beraiek erabaki dute nolakoak izan.


AUDIOA | Akaitz Sarasola

NEREA:
Zein azkarra den natura!

ANDER:
Dena arrazoi batengatik egiten du, bai.

NEREA:
Beraz, bi zuhaitz mota ditugu: batzuek ez dute hostorik galtzen, eta, klorofilari esker, urte osoan egiten dute fotosintesia guk arnasa garbia hartu ahal izateko.

ANDER:
Besteek, berriz, fotosintesia urteko atal batean egiten dute eta neguan hostoak galtzen dituzte pisua galtzeko eta elurrak eta haizeak kalterik ez egiteko.

NEREA:
Akaitzek zuhaitzek bi erabaki hartu zituzten esan du audioan.

ANDER:Hala da, ez du bi erabakiak erabili.

NEREA:
Izan ere, badakigu, zenbaki kontuak eskuartean ditugunean, ondoren dagoen izenak mugagabea hartzen duela.

ANDER:
Hala da, erabaki horiek zehaztu gabekoak direnez, ez dugu bi erabakiak esango.

NEREA:
Hori bi erabaki jakin direnean bakarrik erabiliko genuke. Adibidez, gaur bi erabaki hartu baditugu, eta bi erabaki horiek onak izan badira Gaur hartutako bi erabakiak oso onak izan dira, esango genuke.

ANDER:
Beste hainbat momentutan ere erabili du Akaitzek mugagabea. Adibidez, amaieran galdera bat egin die irratsaioko aurkezleei: zer zuhaitz irudikatzen duzue?

NEREA:
Kasu honetan ere, zuhaitz asko dagoenez, eta zein zehazten ez duenez, zer zuhaitz esango dugu eta ez zer zuhaitza edo zer zuhaitzak.

ANDER:
Askotan, galdera orokorretan, horrelako adibideak erabili ohi ditugu: Zer ordu da? Zein lagun etorriko dira festara?

NEREA:
Zein kolore duzu gustuko?

ANDER:
Zuhaitzen koloreez ari garela, hori, gorri, eta marroixkak.

NEREA:
Ba niri berdea ere izugarri gustatzen zait!

AUDIOA | Akaitz Sarasola

NEREA:
Berde ikusten ditugun zuhaitzak!

ANDER:
Eta ez berdea. Kolorea orokorrean aipatu du, beraz, berde, gorri, edo hori ikusiko ditugu zuhaitzak.

NEREA:
Zenbat buruhauste ematen dizkigun askotan mugagabeak!

 

ANDER:
Noiz erabili ikasi behar da.

NEREA:
Gaur adibide batzuk ikasi ditugu!

ANDER:
Zenbakiekin erabiliko dugu, aurretik aipatu ez ditugunean: bi txakur ditut, lau lagun etorri dira.

NEREA:
Hainbat bezalako hitzen ondoren ere bai: hainbat liburu irakurri ditut aurten, hainbat laguni aipatu diot hori.

ANDER:
Galdera askotan ere mugagabea agertuko da: Zein lekutan egon zara aurten? Zer ordutan geratuko gara? Zein astetan hartuko ditugu oporrak?

NEREA:
Nahi duzunean! Baina luzeak izan daitezela!

Akaiz Sarasolari egindako elkarrizketa osoa entzuteko, hemen.

Jaurlaritza Logoa