

Zuzenean 11:00h - 13:00h
Haria 2
13:00h - 14:00h
KirolHaria
14:00h - 16:00h
Zebrabidea
«Gehiengo sozialaren alde egin dugu, zerbitzu publikoak mantentzearen alde»
EAEn EAJ, PSE eta Podemosen adostu duten zerga erreformaren «balorazio oso positiboa» egin du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuak NAIZ Irratiarekin solasean. «Argi dago gure norabidea: gehiengo sozialaren alde egin dugu, gure zerbitzu publikoak mantentzearen alde», esan du.

«Gehiengo sozialaren alde egin dugu, zerbitzu publikoak mantentzearen alde»

Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasun diputatua, gustura agertu da zergen erreformaren akordioarekin. «Gehiengo sozialaren alde egin dugu, zerbitzu publikoak mantentzearen alde», adierazi du ostiral honetan NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.
Honako neurriak azpimarratu ditu: «Lanaren errentak asko hobetzen dira, enplegu duinaren alde, eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta kontziliazioa lortzeko urratsak ere badira. Etxebizitzan, bereziki gazteen alde hartutako erabakiak oso berriak eta aurrerakoiak dira».
Jasangarritasun diputatua izanik, «oso pozik» dago ingurumen babesarekin eta «zerga guztietan gai honetan bereziki egiten diren aurrerapenekin».
Norabide egokia
«Norabide egokia hartu dugu, eta zerga erreformak norabide hori bermatzen du, argi eta garbi», baieztatu du. «Neurri batzuk sakondu egin dira, norabide egokian. Progresibitatean, adibidez, lan errentetan eta bereziki aurrezki eta kapital errentetan, eta baita sozietateek ordaindu behar duten gutxienekoan ere».
«PPrekin ezin genuen inolako adostasunik lortu. Gainera, publikoki salatu nahi dut, EH Bildu ez dela busti, bazter batean gelditu da eta ez du mahai gainean proposamenik jarri»
«Gauza batzuk entzun ditut, eta ez nago ados», argitu du. «Nik uste dut zerbitzu publikoak mantentzeko lortuko ditugun sarrerak bermatzen direla eta hori garbi ikusiko da hurrengo urteetan. Gehiago nork ordaindu behar duen argi uzten du zerga erreforma honek eta, horregatik, guk PPrekin ezin genuen inolako adostasunik lortu. Gainera, publikoki salatu nahi dut, EH Bildu ez da ezer busti, bazter batean gelditu da eta ez du mahai gainean proposamenik jarri. Beraiek jakingo dute; politika hutsean jokatzen ari dira eta ez gure ongizate sistema bermatzearen alde. Horretan egon da PSE. Eta EAJ eta Podemosekin lortu dugun akordioa oso-oso positiboa da. Ikusiko dugu hurrengo urteetan zer onura ekarriko dituen gure gizartearentzat».
Zerga akordioaren bidez aldundiek diru gehiago jasoko dutela adierazten dute lehen aurreikuspenek. Hala ere, diputatuak azaldu duenez, egoera ekonomikoak markatzen du zenbat ordaintzen den. «Azken urteak oso positiboak izan dira. Aurten Gipuzkoako Aldundian historian izan dugun aurrekonturik handiena dugu. Horrekin ere oso pozik gaude. Gauza da zer nolako egoera ekonomikoa izango dugun etorkizunean. Zergen sistemaren bidez erabakiko da nork ordaintzen duen gehiago eta nork jasotzen dituen onurak».
Diru iturri berriak
«Errenta handiena dutenek gehiago ordainduko dute, progresibitatea areagotu dugu. Sozietate zergan ere gutxienekoa %15etik %17ra pasatu denez, hortik ere diru gehiago jasoko da. Eta egongo dira zerga berriak ere, adibidez ingurumenari dagozkionak. Batzuk kenkariak izango dira, baina beste batzuk zerga berriak», agertu du Asensiok.
«Etxebizitzaren gaian, gazteentzat eta errenta baxuak dituztenentzat kenkariak egongo dira. Baina errenta handiak dituztenentzat ez dago inongo kenkaririk; hortaz, progresibitatea asko areagotzen da. Hortik sortuko dira sarrera berriak eta baita onura berriak ere gutxien dutenentzat».
Etxebizitzan %150eko errekargua ezarriko da ondasun higiezinen gaineko zergan, baina soilik Bizkaian eta Araban. Zergatik ez Gipuzkoan? Hori udalen esku dagoela erantzun du diputatuak.
Auziak, artxibatuta
Artxibatu egin da ingurugiroaren aurkako delituengatik erraustegiaren baitan irekitako eginbideetako bat. «Urte eta erdi daramat egoera honetan. Ez da zilegi hala egotea; politikan ez du denak balio. Kasu honetan, GuraSOSek egindako salaketa bat da, beste bat, eta denak galdu ditu. Politikariok defentsa gutxi dauzkagu halako egoeretan, eta injustua da. Hainbat eta hainbat gauza idatzi dira, beti gauza bera esanez, ikertua nintzela, auzipetua nengoela, eta gure legitimitatea zalantzan jarriz. Guk bagenekien ez zegoela inolako deliturik», esan du.
Bukatu da ekonomia zirkularrari buruzko munduko zazpigarren topaketa. Aldundiaren estatistikek diote 6.500 milioi euroko eragina duela ekonomia honek Gipuzkoan. «Gure BPGaren %6tik gorakoa da. Ekonomia berri bat bultzatzeko modu berri bat da eta iraultza bat ikusiko dugu datozen urteetan», iragarri du.