Zuzenean 08:00h - 13:00h
Asteburuko Haria
13:00h - 14:00h
Ofizio eta afizio
14:00h - 15:00h
Gramofonoa

ANDER:
Arratsalde on, Nerea.
NEREA:
Baita zuri ere.
ANDER:
Zer berri dakarzu gaur?
NEREA:
Donostiako Onkologikoaren inguruko berri interesgarri bat entzun dut, eta horri buruz aritzea gustatuko litzaidake.
ANDER:
Zerbait gertatu al da, ba?
NEREA:
Jon Galfarsoro elkarrizketatu dute. Gipuzkoako onkologikoko erabiltzaile eta pazienteen batzordeko kidea da.
ANDER:
Zer aipatu du?
NEREA:
Hemendik aurrera, Onkologikoan Gipuzkoako minbizidunak hartuko direla. Bost urte pasatu omen dira adostasun bat lortzeko, baina albiste ona dela esan du.
ANDER:
Ederra! Osakidetzan aurrerapausoak ematen ari dira, ezta?
NEREA:
Aurrera urratsa dela gehitu du, bai, baina artatze integral baten beharra azpimarratu du. Gainera, oraindik gabezia asko daudela eta Onkologikoa «desitxuratua» dagoela eta «iluntasuna» nagusi dela dio. Gaixoak alde batetik bestera aldatuz ezin direla bizi gaineratu du.
AUDIOA | Jon Galfarsoro
ANDER:
Onkologikoan dauden hainbat gabezia aipatu ditu Jon-ek.
NEREA:
Horien zerrenda txiki bat egin du, eta horretarako ere partikula erabil zezakeen.
ANDER:
Orain arte onkologikoan egiten ez zuten eta aurretik aipaturiko gabezia bati beste bat gehitzeko «Kirurgia ere ez dugu egiten» esan zezakeen.
NEREA:
Edota «ezta kirurgia ere».
ANDER:
Ere partikularen erabilera errepasatzea komeni zaigu.
ANDER:
Ere, aditza dagoen esaldietan erabili ohi da: «Ni ere oso gustura nabil lanean zurekin».
NEREA:
Oso garrantzitsua da aztertzea non kokatzen dugun ere partikula hori. Kasu horretan ni izenordainaren ondoren jarri dugu, aurretik beste norbaitek lanean gustura dabilela esan duelako.
ANDER:
Eta ni pertsona honi gehitu natzaio. «Ni ere oso gustura nabil lanean zurekin».
NEREA:
Esaldian aditzik erabiliko ez bagenu, baita ni ere edota ni ere bai erabiliko genituzke.
ANDER:
Horrela geratuko litzateke elkarrizketa. «Nerea, oso gustura nabil lanean zurekin».
NEREA:
«Baita ni ere», edo «ni ere bai, Ander».
ANDER:
Gauza bera gertatuko litzateke, jakina, ezta ere eta ere ez egiturekin.
NEREA:
Lanean gustura ez banago, hau esango nuke: «Ni ez nabil oso gustura lanean».
ANDER:
«Ezta ni ere» edo «ni ere ez», erantzungo nuke nik. Adibide hauetan ikusi dugun bezala, oso garrantzitsua da erreferentzia hitza non jartzen dugun begiratzea.
NEREA:
Audioarekin jarraituz, minbiziak artatze integrala behar duela esan du hizlariak.
AUDIOA | Jon Galfarsoro
ANDER:
Entzun dugun bezala, «minbiziak beste artatze mota bat behar du».
NEREA:
Azkarra, kalitatezkoa eta bai duina ere.
ANDER:
Hala da! Zerrenda horretan baita ere edo ere bai egiturak erabil ditzakegu.
NEREA:
Bost urteren ondoren, Osakidetzak erabaki bat hartu du minbizia artatzearen inguruan, eta Jonek hemendik aurrera egingo diren pausoetan jarri nahi du arreta. Pozten da 2024ko aurrekontuetan gai honi ere aipamen bat egingo zaiolako, eta dekretu bat bakarrik gelditzen delako Onkologikoaren integrazioa Osakidetzan ziurtatzeko.
ANDER:
Hala da. Hortaz, zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Ere partikula-ren erabilera ikastea oso garrantzitsua dela.
ANDER:
Ere esaldian aditza dugunean erabiliko dugu.
NEREA:
Ez dagoenetan, berriz, baita… ere /… ere bai
ANDER:
Edo ezta… ere / …ere ez egiturak erabiliko ditugu.
NEREA:
Beti ere arreta, hitzen ordenan jarriz.
ANDER:
Osakidetzak arlo askotan jarri behar du arreta, baina minbiziak ere ezinbestean eduki behar du bere lekua.
NEREA:
Ahal dugun heinean, gu ere hori bultzatzen saiatuko gara.