Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | -a itsasia: gauz(a), ausardi(a), animali(a)

[1x4] Ikasgai honetan zalantzazko -a itsasiak landuko ditugu: gauz(a), ausardi(a), animali(a), arnas(a), aitzaki(a), bidaia, abantaila.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | -a itsasia: gauz(a), ausardi(a), animali(a)

Loading player...
Oihana Azkue, Paraleloan kultur saioa grabatzen.
Oihana Azkue, Paraleloan kultur saioa grabatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz?  

NEREA:
Ondo esan beharko, eta zu?

ANDER:
Tira, ez dut oso gau ona pasa, begirik bildu ezinik ibili bainaiz.

NEREA:
Zurbil ikusten zaitut, bai. Zer gertatu da, ba? Amesgaiztoak izan dituzu edo beste ideia batzukburutik kendu ezinik ibili zara?

ANDER:
Atzo Oihana Azkue aurkezleak 'Paraleloan' saioan egindako aurkezpenak pentsakor utzi ninduen. Bertan, Goiatz Labandibarren Bekatua lanaren pasarte bat irakurri zuen.

NEREA:
A zer jakin-mina sortu didazuna. Goiatz kazetari eta idazlearen lehen eleberria da hau, ezta?

ANDER:
Bai, eta liburuan Garazi protagonistaren ahotsaren bidez, bere barne mundua eta bere pentsamenduak ezagutuko ditugu.

NEREA:
Eta zerk eraman zaitu gau osoan begirik bildu ezinik egotera?

ANDER:
Irakurritako pasarte batek. Nik egoera horretan banengo, zer egingo nukeen pentsatzen aritu naiz gau osoan.

NEREA:
Topatu al duzu erantzuna?

ANDER:
Oraindik horrekin nabil tematuta.

NEREA:
Ni berriz, pasarte hori entzuteko irrikaz nago. Jarriko dugu?

ANDER:
Jakina!

AUDIOA | Kultur haria

 
ANDER:
Dirudienez, Garazi ez da konturatu nola eta zergatik dagoen hor, baina orain ikusten du ez dagoela egon beharko lukeen ohean!

NEREA:
Horregatik, ez da begiak irekitzera ere ausartzen!

ANDER:
Normala! Ausardia handia behar da halakoetan!

NEREA:
Horrelako egoerek kemen eta adorea eskatzen dute.

ANDER:
Entzuten jarraitu nahi al duzu?

NEREA:
Nahiko ez dut ba! Jarri, jarri!

AUDIOA | Kultura haria

ANDER:
Oihana Azkueren saioko aurkezpenean entzun dugunez, eleberriko protagonista, Garazi, aitzakia bila dabil.

NEREA:
Izan ere, egon behar ez lukeen ohe batean esnatu omen da eta hortik ospa egin nahi du, baina aurretik, Asier bikotekideari esango dion aitzakia asmatu nahi du.

ANDER:
«Aitzakia on bat. Asierrek sinetsiko duen aitzakia bat. Oso aitzakia on bat. Zuk zerorrek ere sinetsiko duzuna».

NEREA:
Zuk halako egoeraren bat bizi izan al duzu noizbait, Ander?

ANDER:
Egia esan, ez dut gehiegitan izan aitzakia baten beharrik. Nahiago izaten dut egia esan eta zintzotasunez jokatu.

NEREA:
Arrazoi duzu, onegia zara aitzakiak asmatzen ibiltzeko, ezta?

ANDER:
Saiatzen naiz zintzoa izaten, bai!

NEREA:
Neuk ere aitzakiaren bat edo beste erabili dut noizbait, bai, baina ondoren damutu egin izan naiz egia esan ez izanaz, beraz, hobe zintzoa izatea.

ANDER:
Nerea, aitzakia hitzarekin bueltaka gabiltza, eta ohartu naiz zenbaitetan zalantza izaten dudala hainbat hitzen amaierarekin: aitzaki ala aitzakia?. Ez dut jakiten -a itsatsia daramaten edo ez.

NEREA:
Pertsona askori gertatzen zaigu hori, eta badakizu! Beti erabil dezakegu aitzakia on bat zalantza dugunean.

ANDER:
Aitzakia bat eskura izatea, beti da abantaila bat.

NEREA:
Gauza ona da, bai.

ANDER:
Nahiz eta egia osoa esatea beti hobe izan.

NEREA:
Hortaz, zinemara gonbidatzen zaitudan hurrengoan ez didazu aitzakiarik jarriko.

ANDER:
Ondo aukeratu beharko duzu filmaren gaia! Ez nazazu berriro ere animalia bati buruzko dokumental batera eraman!

NEREA:
Gustura egon zinela esan zenidan, eta!

ANDER:
Ez nuen gezurrik esan nahi!

NEREA:
Lasai, topatuko dut bidaia eder bat egiteko aukera ematen duen pelikula.

ANDER:
Horren zain izango nauzu! Tira, Nerea, zer ikasi dugu gaurkoan?

NEREA:
Hainbat hitzek -a itsasia daramatela eta beraz, ezin diegula inoiz -a hori kendu. Adibidez: zalantza, gauza bat, animalia ederra, abantaila latza, egia osoa edota bidaia luzea.

ANDER:
Eta inoiz zurekin erabiliko ez dudan aitzakia.

NEREA:
Nirekin beti egia! Honela bidaia goxoak egingo ditugu!

Hemen entzun dezakezu 'Paraleloan' saioan Goiaz Landarribarri egindako elkarrizketa

Jaurlaritza Logoa