Zuzenean

ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz?
NEREA:
Hementxe, zaharrak berri.
ANDER:
Zer esan nahi duzu?
NEREA:
Denak berdin jarraitzen duela! Ez da ezer aldatu egon ginen azken egunetik.
ANDER:
Ikasgaiarekin hasi zara dagoeneko! Zaharrak berri esamolde zaharra ekarri diguzu.
NEREA:
Hala da, bai. Gaur 'Kontatzera noazu' saioko pasarte bat entzungo dugu eta halaxe hasi dute eurek ere saioa.
ANDER:
Izan ere, gauzak lehen bezala mantentzen direla esateko, hau da, aldaketarik gabe, zaharrak berri esamoldea erabiltzen dugu.
AUDIOA-Kontzera noazu
NEREA:
Andonik audioaren amaieran berritasunak dituztela aipatu dio Eliri, horrek esan nahi du zerbait aldatu dutela gaurko saioan.
ANDER:
Normalean elkarren aldamenean izaten dira irratsaioan, baina oraingoan elkarri aurpegiak parez pare ikusten dizkiote, pantaila baten beste aldean, era telematikoan, hain zuzen ere.
NEREA:
Ez dakit hori gaur egun oso berritzailea den!
ANDER:
Beraiek aitortzen duten bezala, ziur aski ez da berritzailea, jende askok horrela lan egiten baitu gaur egun, baina beraien kasuan ohikoa ez denez, berritzailea dela esan genezake.
NEREA:
Dakizun bezala, Kontatzera noazu saioan, bertsolaritzari buruz aritzen dira hizketan.
ANDER:
Gaurkoan orain gutxi izan den sariketa bateko bertsoaldiari buruz aritu dira.
NEREA:
Hori adierazteko, «zahar-zaharra ez den, oraintxe pasatu berri den» egitura erabili du Elik. Entzun dezagun.
AUDIOA | Kontzera noazu
ANDER:
Berri hitzak konnotazio ezberdinak ditu. Horietako bat, duela gutxi egin dugun zerbait adieraztea.
NEREA:
Adibidez, nire aitak oso gustuko du baratxuri zopa eta hori prestatzeko, «nahiago izaten du ogi zaharra, egin berria baino».
ANDER:
Orain gutxi egindako kafea norbaiti eskaintzeko, hau esan dezakegu: «Kafetxoa egin berri dut. Nahi al duzu?»
ANDER:
Errepika dezakezu esan berri duzuna?
NEREA:
Jakina, Ander. «Nahi al duzu, egin berri dudan kafetxoa?»
ANDER:
Eskerrik asko! Baina nahiago iturriko ura.
NEREA:
Iturria aipatuta, Artzeren esaera zaharra datorkit burura: «Iturri zaharretik, ur berria».
ANDER:
«Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik».
NEREA:
Iturriak beti ematen baitigu ur berri goxoa.
ANDER:
Urte zaharraren atzetik, beti urte berri goxoa datorren bezala. Urte berri, asmo berri.
ANDER:
Zer ikasi dugu gaurkoan?
NEREA:
Asko direla zahar eta berri hitzarekin jolasten diren esamolde edo egiturak.
ANDER:
Gauzak aldatzen ez direnean, zaharrak berri esan ohi dugu.
NEREA:
Helduak gazteagoak baino interesgarriagoak direla esateko, oilo zaharrak, salda hobea erabiltzen dugu.
NEREA:
Edota zahar hitz, zuhur hitz, urteek ematen duten jakinduria azaltzeko.
ANDER:
Gauza bera adierazten du baleki gazteak, baleza zaharrak esamoldeak.
NEREA:
Kasu honetan ere gazteak ahalmena baduela, baina jakinduria falta zaiola eta zaharrak, berriz, jakinduria bai, baina ahalmenik ez duela adierazten dugu.
ANDER:
Esamolde horietaz gain, berri hitzak, duela gutxi gertatutakoa adierazten du.
NEREA:
«Etxera iritsi berri naiz».
ANDER:
Edota «entzun berri dudana, izugarria da».
NEREA:
Guk eduki zaharrak atzean utzi eta berriei ekin beharko diegu, beraz, hemen utziko dugu gaurko saioa. Hurrengora arte!
Betsoak gustuko badituzu, hemen entzun dezakezu 'Kontatzera Noazu' bertso saioa.