Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | -Aro atzizkia

[1x1] Ikasi honetan -ARO atzizkia landuko ditugu: haurtzaro, gaztaro, zahartzaro, nerabezaro, urtaro, azaro, ikastaro.

 

Audio_placeholder

Adi eta Ari | -Aro atzizkia

Loading player...
Uxue Alberdiren 'Belarriko kilkerra' liburua
Uxue Alberdiren 'Belarriko kilkerra' liburua (Hamaika Telebista)

ANDER:
Zer moduz, Nerea?

NEREA:
Egun on, Ander.

ANDER:
Zuri animaliak gustatzen zaizkizu, ezta?

NEREA:
Bai, izugarri.

ANDER:
Kilkerrak ere bai?

NEREA:
Kilkerrak? Ezin zenuen beste animalia bat aukeratu?

ANDER:
Kontua da aurrekoan Uxue Alberdi idazleari egindako elkarrizketa bat entzun nuela Paraleloan saioan. Belarriko kilkerra izeneko liburua idatzi du eta Begoña Durruty ilustratzailearen marrazkiak dauzka.

NEREA:
Animalia horretaz aritu ziren idazlea eta ilustratzailea?

ANDER:
Ez, belarriko kilkerra aipatzean, ez ziren animaliaz mintzatu, belarrian edo barrurago kantatzen duen hizkuntzarekiko maitasunaz baizik.

NEREA:
Ze harreman arraroa, kilkerra eta hizkuntza!

ANDER:
Uxuek aitari zor dio ipuinekiko zaletasuna, txikitan ipuinak kontatzen baitzizkion, bertso zaharrak kantatu.

NEREA:
Seguru aitak txikitan kontatutakoek zerikusia izan dutela Uxueren idazteko sormenean eta grinan.

ANDER:
Badirudi Uxue eta Begoña kontuzale eta kantuzale izateak lotzen dituela.

NEREA:
Eta Begoña noiz sartu da proiektu berri honetan?

NEREA:
Udaberrian jaso omen zuen proposamena, kilkerrak kantatzen hasten diren urtaroan.

AUDIOA

NEREA:
Beraz, haurtzaroko hainbat konturi buruz aritu ziren irratsaioan.

ANDER:
Hala da, bai.

NEREA:
Ander, zuk garai hartako zein oroitzapen dituzu?

ANDER:
Nik? Ez asko! Ez dut memoria onik! Esan didate haurtzaroan aitona-amonekin egotea eta beraien haur eta gaztaroko kontuak entzutea gustatzen zitzaidala: jolas eta jostailuei buruzkoak, anai-arreben, bizilagunen eta adiskideen pasadizoak, eta abar. Beti esan didate zintzoa nintzela.

NEREA:
Zintzoa? Nik bihurri eta geldiezin irudikatzen zaitut ba!

ANDER:
Hori agian nerabezaroan! Garai horretan denok aldatzen dugu zerbait gure izaeran eta munduarekin haserre egon ohi gara!

NEREA:
Garai zaila izaten da hori!

ANDER:
Eta zu? Nerabe jasanezina izan zinen?

NEREA:
Ez, gurasoek beti esan izan didate ez dudala nerabezarorik izan, orain ari naizela garai hori bizitzen.

ANDER:
Haurtzaro eta nerabezaroa aipatu ditugu, baina urruti geratzen zaizkigu dagoeneko! Orain beste aro batean gaude eta gero zahartzaroan sartuko gara. Nola irudikatzen duzu zure zahartzaroa?

NEREA:
Zahartzaroa? Ez dut gehiegi pentsatu nahi horretan, Ander! Orain oraingoa eta gero gerokoa. Nahi baino lehenago iritsiko zaigu, baina ahal bezain beranduen etor bedi!

ANDER:
Ados! Konturatu zara, Nerea? Aipatu ditugun garai horiek adierazteko -aro atzizkia erabili dugu.

NEREA:
Arrazoi duzu. Izan ere, ‘-aro’ atzizkiak ‘garaia’ esan nahi du, eta beraz, atzizki horrek garai edo zikloa adierazten du.

ANDER:
Urteak dituen lau aldiak urtaroak dira: udaberria, uda…

NEREA:
Udaren amaieran udazkena eta urtea amaitzeko eta berria hasteko negua.

ANDER:
Niri udazkeneko paisaiak gustatzen zaizkit: zuhaitzen hostoen koloreak, orbela lurrean…

NEREA:
Benito Lertxundiren Udazken koloretan abestia gogorarazi didazu.

ANDER:
Abesti zinez ederra!

NEREA:
Ederra! Bueno zer ikasi dugu gaur, Ander?

ANDER:
Era askotara erabil dezakegula '-aro' atzizkia, gure bizitzaren garaiak zehazteko, urte-sasoiak edo urtaroak definitzeko, hilabete batzuk aipatzeko…

NEREA:
Bai, adibidez, azaroa, ereiten den hilabetean, hain zuzen ere, horregatik esaten diogu azaroa.

ANDER:
Bai, eta martxoa edo epaiaroa, uztaila edo uztaroa…

NEREA:
Gai zehatz bat lantzen pasatzen dugun denbora tarteari ikastaro esaten diogu.

ANDER:
Era berean, urteak dituen lau aroak urtaroak izango dira.

NEREA:
Txikitako pasadizoak haurtzaroan gertatu ziren.

ANDER:
Eta auskalo zer gertatuko zaigun zahartzaroan!

NEREA:
Hori ikusteko dago!

Hemen entzun dezakezu Uxue Alberdi eta Begoña Durrutiry egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa