Zuzenean
«Sinbologia aldetik oso nafarra dena Karbunkulua da»
Karbunkulu Pomelatua Nafarroako armarri historikoa izan da. Noelia Guerrak, UPNko Castejoneko alkateak, horren erabilera debekatu du udalaren espazioetan, ETArekin lotura duela argudiatuta. Hori gogor kritikatu du Anjel Rekaldek, Nabarralde Fundazioko kideak NAIZ irratian: «Intentzio txarra dago».
«Sinbologia aldetik oso nafarra dena Karbunkulua da»

Castejoneko Udalak Karbunkulu Pomelatuaren erabilera debekatu du. Noelia Guerra UPNko alkateak «garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra» dela argudiatu du. Nabarralde Fundazioko Anjel Rekaldek jarrera hori salatu du NAIZ irratian: «Intentzio txarra dago debekuan, erabilpen politiko bat».
Izan ere, Rekaldek Karbunkulu Pomelatua Nafarroako armarri historikoa izan dela baieztatu du. «Zerbait baldin bada sinbologia aldetik oso nafarra, karbunkulu pomelatua da hain zuzen ere. Hori izan da, historikoki, Nafarroako armarri ezagunena. Monumentu historiko askotan agertzen da: 1200 urtean eraikitako Tuterako katedralean, Uxuen edota Nafarroako Kontuen Ganberan ikus daiteke», argudiatu du.
Nabarraldeko kideak karbunkulu pomelatuaren jatorriaz ere aritu da: «Eguzkilore bat egon daiteke jatorrian, edo ezkutu baten egitura izan daiteke ere. Ez dago oso argi».
Jatorriaz harago, Rekaldek dio, datuek eta arkeologiak erakusten duten bezala, karbunkulu pomelatua izan dela nafarren benetako ikurra
Kateen bertsioa, aldiz, ondoren, «eta ideologia epsainolista betekin», garatu zela dio Rekaldek. Kateak 1212an izandako Navas de Tolosako batailarekin lotuta daude. Elezaharraren arabera, bataila hartan, Antso VII .a Azkarrak almohade kalifa babesten zuten kateak hautsi zituen, eta hori oroitzeko, bere armarrian jarri zituen.
«Hor atzean dagoena nazional-katolizismoaren ideologia da. Atzean dagoen errelatoa da Navas de Tolosara joan zirela espainiako errege kristau guztiak musulmanen kontra. Badago, alde batetik, irakurketa erligiosoa eta, bestetik, nazionala. Baina hau historiaren desitxuraketa bat da, izan ere, garai horretan, Espainia ez zen existitzen ere», azaldu du Rekaldek.
Adituaren arabera, kateak mende asko geroago agertzen hasi ziren Nafarroako armarrian: «1512ko konkista baino lehenago iaia ez dira kateak agertzen. Ikur nagusia karbunkulu pomelatua zen».



