Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

«Tolosako tren geltokian gertatutakoa euskara eta euskaldunen aurkako eraso bat izan zen»

Euskal Herrian Euskarazeko bi militantek Tolosako tren geltokian segurtasun agente batekin izandako talka azaldu dute NAIZ Irratian eta baieztatu dute «euskara eta euskaldunen aurkako eraso bat» izan zela.

Audio_placeholder

«Tolosako tren geltokian gertatutakoa euskara eta euskaldunen aurkako eraso bat izan zen»

Loading player...
Segurtasun agente batek lurrean inmobilizatu zuen EHEko militante bat.
Segurtasun agente batek lurrean inmobilizatu zuen EHEko militante bat. (EHEbizi)

Euskal Herrian Euskarazek salatu zuenez, Tolosako tren geltokiko segurtasun langile batek eraso egin zion igandetik astelehenerako gauean militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Orduan adierazi zutenez, tren geltokiko agentea gazteari oldartu egin zitzaion, mutilak euskaraz hitz egiteko eskatu ostean. Era berean, euskaldunen aurkako mezuak oihukatzea leporatu ziote segurtasun agenteari.

Ostegun honetan NAIZ Irratian izan dira erasoa pairatu zuen gaztea eta berarekin zegoen kidea ere. Azaldu dutenez, 01:00ak aldera tren estaziora abiatu ziren. «Jende asko zegoen. Trena beteta zegoela esan ziguten eta trenaren aurrealdera joan ginen. Botoiari eman genion irekitzeko eta segurtasunekoak "no veis que está lleno" esan zigun, modu txarrean».

Bi gazteek adierazi dutenez, segurtasun langilea garrasika hasi zitzaien. «Ez genituen formak ulertzen». Orduan, haietako batek «lasaitzeko eta euskaraz hitz egiteko» esan zion. «Euskara hitza entzun bezain laster garrasika esan zigun "qué euskara, estamos en España y te hablo en español". Ez ginen isildu, esan genion ez zuela eskubiderik hori botatzeko. Oso bortizki hasi zitzaigun».

Une horretan segurtasuneko lankide bati laguntza eskatu zion. «Gu lasai geuden, ez oso aztoraturik. Segurtasunekoak estaziotik bota nahi gintuen eta ezetz esan genion. Buelta eman nuen eta bat-batean lepotik hartu eta lurrera bota ninduen, belaunarekin inmobilizatuz».

NAIZ Irratian azaldu dutenez, «lasai eztabaidatzen ari ginela esaten saiatu ginen, jende gutxi zegoela estazioan», baina jarrera ez zen aldatu.

Erasoa pairatu zuenearen lagunak ere ezer gutxi egin ahal izan zuela azaldu du. «Nire kidea lurrea zegoen bitartean besteak helduta ninduen, laguntzera ez gerturatzeko. Besteak (laguna lurrean zeukanak) iraintzen gintuen. Eta orduan lankidea gerturatu zitzaion eta belarrira zerbait esan zion. Lasaitzeko esan ziola uste dugu».

Orduan lortu zuen lurretik altxatzea. «Bagenekien galtzeko dena genuela eta lasai negoela esaten saiatu nintzen, gaztelerara pasa nintzen eta agobiatzen ari nintzela esan nion. Nire kabuz altxa nintzen eta bere kidearekin hizketan hasi ginen, lankideak izan zuen jarreragatik», azaldu du lurrean eduki zuten gazteak.

Eta hor amaitu zen gertakaria. «Segurtasuneko biek, ezer esan gabe, alde egin zuten. Hurrengo trenean alde egin genuen etxera. Ertzaintzaren kotxe bat ere gerturatu zen, segurtasuneko kideekin hitz egin eta alde egin zuen», azaldu dute.

Apirilaren 6an EHEk Baionan manifestazioa deitu du eta «holako erasoei erantzun kolektiboa» emateko baliatu behar dela adierazi dute gazteek NAIZ Irratiaren uhinetan. «Justizia eskatuko dugu euskara eta euskaldunentzat, ez dugulako erasorik onartuko». Izan ere, tren geltokian gertatutakoa «euskara eta euskaldunen aurkako eraso» gisa ulertzen dute.

Babesa

Astelehenean Euskal Herrian Euskarazek gertakariaren berri eman zuenetik, «kriston babesa» jaso dutela baieztatu dute, baita Tolosako Udalarengandik ere. «Esan ziguten Renferi azalpenak eskatuko zizkietela, baina Renfek ez omen du inolako erregistrorik. Ezer gertatu ez balitz bezala egin dute», azaldu dute. Hala ere, haiek irudiak dituztela jakinarazi dute.

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok, bestalde, sare sozialetan idatzi zuen «kezkaz» hartu duela gertatutakoa, eta Tolosako Udalak gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko zizkiola Renferi.

Behatokia: «Ez da kasu isolatu bat»

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, ohar bidez, erabat gaitzetsi ditu gertakariak, eta babes osoa adierazi dio gazteari. «Baina ez da kasu isolatua. Izan ere, 2023ko otsailean Tolosako Renferen geltokian herritar batek euskaraz hitz egiteagatik segurtasun agente batek jarrera oldarkor eta mespretxuskoaz tratatu zuela salatu zuen. Orduko horretan ere aldirietako gerentziatik entzungor egin zioten Behatokiaren ohartarazpen eta eskarei», ohartarazi du.

Euskaraz bizi nahi duten herritarren aurkako erasoek «forma asko» hartzen dituztela gehitu du Behatokiak. Kasu honetan bezala, indarkeria fisikoa azkenaldian erakusten diren bestelako indarkeria eta oldarraldi diskurtsibo, politiko eta juridikoen jarraipena dira». Horren aurran, administrazio eta arduradun publikoei «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zorrotz eta ausartagoak har ditzatela» eskatu diete, eta «gizarte eragile eta herritar guztiei hizkuntza eskubideen defentsarekiko jarrera proaktiboa izatea».

Zentzu horretan, hizkuntza eskubideen urraketarik jasan duten pertsonak Euskararen Telefonoa (www.euskararentelefonoa.eus) doako zerbitzuaren bidez salatzera animatu dituzte.

Jaurlaritza Logoa