Zuzenean

«Badirudi zaintza krisia bigarren plano batera igaro dela herri honetako agenda politikoan»

‘Denon Bizitzak Erdigunean’ lelopean, hainbat sindikatu zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko mobilizatuko dira martxoaren 6an, Bilbo eta Iruñean, eta honen inguruan gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Maddi Isasi, LABeko Idazkaritza Feministako kidea.

Audio_placeholder

«Badirudi zaintza krisia bigarren plano batera igaro dela herri honetako agenda politikoan»

Loading player...
Maddi Isasi, LABeko Idazkaritza Feministako kidea
Maddi Isasi, LABeko Idazkaritza Feministako kidea (NAIZ Irratia)

2023ko azaroaren 30ean, Euskal Herrian lehen aldiz Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra burutu zen. Ekimen horrek zaintza krisiari aurre egiteko eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko borrokarako ziklo bat abiarazi zuen. Gaur egun, borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko lanari eutsi nahi zaio, euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean aurrera egiteko. Hori horrela, hainbat sindikatu zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko eta pribatizazioaren erantzuleak interpelatzeko mobilizatuko dira martxoaren 6an, Bilbo eta Iruñean.

Maddi Isasi LABeko kideak argi azaldu du, greba egunaren ostean lanean jarraitu dutela, eta orain beste urrats bat emateko garaia iritsi dela. «Greba Feminista Orokorretik urte bete baino gehiago igaro den honetan, eremu sindikalean, Mugimendu Feministarekin batera, beste urrats bat emateko beharra ikusi genuen».

Osteguneko markoa intersindikaleko markotik jaiotako planteamendua dela ere azaldu du, kaleetara ateratako aldarrietan borrokan jarraitu eta estrategia amankomunak pentsatzen jarraitzeko planteamendua. Aldarri hauek konpromezu konkretuetan negoziazio kolektibora lurreratu eta ekintza sindikalaren bidez lantokietara eramatea dute helburu. Baina ez hori bakarrik, izan ere, lantokietatik at, kaleetan eta agenda sindikal eta politikoan tentsio bat mantentzeko beharra ere ikusi zuten: «Badirudielako zaintza krisia bigarren plano batera igaro dela herri honetako agenda politikoan. Guretzat oraindik garrantzitsua zen eremu sindikalean lan-zentroz lan-zentro aldarrikapen hauek mantentzea».

Jaurlaritza Logoa