

Zuzenean 15:00h - 17:00h
Zebrabidea
17:00h - 18:00h
Bilynch
18:00h - 19:00h
Alde Erantziz

Nafarroan energia komunitate ugari jarri dira martxan azkeneko urteotan, eta, esan daiteke, Nafarroako Foru Erkidegoa erreferente bat bilakatu dela. Horregatik, Gelditu Makinak saiora gonbidatu dugu Miguel Angel Llamas 'Pitu, ekonomia alternatibo eta solidario baten aldeko REAS sareko kidea. Begirada Nafarroako energia komunitateetara luzatuko dugunez, solasaldira gehitu dira Nafarroako Komunitatearen Eraldaketa Bulegoko (KEB) Unai Jimenez eta Goiener taldeko Asier Gutierrez.
Komunitatea Eraldatzeko Bulegoa Nafar Gobernuak bultzatutako proiektua da, NASUVUNSA-ren bidez. Helburu nagusia da, komunitate energetikoen bidez, herritarrak ahalduntzea trantsizio energetikoan. Dagoeneko, 6 haztegi dauden Nafarroan eta Iruñerria lantzen duen Eraldaketarako Bulegoarekin kordinatzen dira. Beraz, osotara, 8 teknikari daude Nafarroan. Zergatik ugaritu dira, ordea, Nafarroan beste erkidego batzuetan baino gehiago? bada, Jimenezek argitu duenez, «Nafarroako Parlamentuak foru-lege bat onartu du komunitate energetikoei marko legal bat ematen diena. Espainiar Estatu mailan, lehena da eta, horrez gain, Europar diru-languntzen bidez IDAEk (Institulo para la diversificación y Ahorro de la Energia) gurea bezalako bulegoak bultzatu ditu».
Ez da nolanahiko lana Komunitatea Eraldatzeko Bulego (KEB) horiek egiten dutena, erronken artean daude energia erabiltzeko eredua aldatzea, energia komunitatearen kontzeptua ezagutaraztea, kontsumo arduratsu eta kontziente bat sustatzea edota pertsonak erdigunean kokatzea eta haien ekimenen arteko lankidetza sustatzea.
Goiener merkaturatzailea buru-belarri dabil komunitate energetikoak sortzea sustatzen, Asier Gutiérrez Goiener Taldeko kidea da eta argi du: «Tresna garrantzitsua direla herritarrei ahalduntzen laguntzeko eta herritarrak erdigunean jartzeko energiaren arloan». Ekinak emaitzak ekarri ditu eta, Nafarroako KEBak zabaldu dituen datuen arabera, 27 komunitate daude Foru Erkidegoan, 1160 bazkide biltzen dituzte. Komunitate energetiko gisa erregistratzeko bidean dauden eta lanean ari diren taldeak ere hamarnaka direla zehaztu dute elkarrizketatuek.
Ez Unaik, ez Asierrek, ez dute argudio faltarik energia komunitateak defendatzeko, izan ere, energia arloko multinazionalen eskaintzaren oso desberdina da komunitateek eskaintzen dutena. Hasteko, Jimenezek dioen bezala: «Komunitate energetikoaren eredua komunitarioa da. Behar eta aukeretatik abiatzen da eta proiektu desberdinak eraman ditzakete aurrera: Autokontsumo partekatua, mugikortasun iraunkorreko proiektuak, baliabide energetikoen kudeaketak, efizientzia, kontzientziazioa…», Gutiérrezek osatu du: «Komunitate energetikoak ez du zertan energia bakarrik landu».
Jakitun dira, eta ez dute ezkutatzen, egitasmo hauek bidean zenbait muga eta oztopo dituztela eta, horiek, eragina murrizten eta epeak luzatzen dizkietela. Gutiérrezerk, zera: «Enpresa handiek izan dute boterea eta energia sortzeko ahalmena. Orain, guk, poliki-poliki, lortu dezakegu gure elektrizitatea eta energia sortzea. Fakturan ez da gehiegi antzematen baina aurrerapauso handia da». Jimenez bat dator: «merkaturatze elektrikoak oso erregulatuta dagoen esparru bat da», dio eta ohartarazi du komunitate energetiko batek izan dezakeen eragina mugatua dela baina, «bai erabaki dezakeela bere energiaren portzentaia bat nondik etorriko den instalazioa bultzatuz», edo bultza ditzakete gutxiago kontsumitzeko iniziatibak, mugikortasunean, adibidez. «Potentzialki eragin asko izan dezakete baina lan asko dago egiteko komunitateak sistema energetikoaren erdigunean jartzeko», gehitu du.
Oztopoei dagokienez, berriz, ekimenak legalizatzeko prozesuetan suertatzen diren galgak aipatu dituzte, kasurik onenetan, administrazioko ezagutza tekniko faltagatik izan daitezkeenak. Jimenezek eta Gutiérrezek azaldu dute lanean ari direla esparru horretan beren entitateen bidez eta, ekin ahala, ari direla arintzen izaera juridikoa onartzearen prozesuak. Gutierrezek gehitu duenez, «energia komunitateak sortzeak denbora eskatzen du. Gure prozesuak luzeak dira ongi egin nahi dugulako eta komunitateko kideak ahaldundu nahi ditugulako gerora beren kabuz jarraitu ahal izateko. Jakintza administratibo, juridiko, teknikoak jakin behar dira eta KEBek horretan asko laguntzen dute».