Zuzenean

Adin txikiko bati modu jarraian sexu erasoak egitea leporatuta, Mario Lopez Gernikako nesken saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ezarritako 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra positiboki baloratu du Gernikako Sare Feministako Arlette Apraizek. Epaileak hasieratik biktimari emandako «sinesgarritasuna» azpimarratu du.
Nolako balorazioa egiten duzue Mario Lopezen aurkako epaiaz?
Epaiarekin pozik gaude errudun izendatu dutelako Mario Lopez. Garrantzitsua iruditzen zaigu, uste dugulako alde batetik erreparatzailea izango dela erasotuarentzako. Suposatzen dugu epai honen esperoan jarri zuela salaketa hori. Uste dugu epai honek erreparazio horretan positiboki egin dezakeela ekarpena. Baina uste dugu ere harago joan daitekeela. Gaur egun oraindik isilik dauden biktima horientzat ere arnas pixka bat ematea suposatu dezake. Zentzu horretan, errudun izendatzearekin oso oso pozik gaude.
Baina badauka beste elementu bat eta bereziki garrantzitsua iruditzen zaiguna; epaiak sinesgarritasun osoa ematen dio erasotuari eta haren kontakizunari eta hori iruditzen zaigu guri epailearen klabe nagusia. Guk honen berri izan genuenean hartu genuen hautua da epaileak hartu duena, hau da, errelato horri balioa ematea eta horretan zentratzea ondorengo guztia.
Eta beste gako bat, baimenarena da. 13 urteko ume batek eman ezin duen baimenean oinarritu da epaia, borondate-falta horretan. Uste dugu aurrekari nahiko interesgarria markatzen duela epai honek.
Askotan ere zalantzan jarri izan da sistema judiziala bera. Aipatu izan da zaharberritu behar dela, balio feministak ere erantsi, baina kasu honetan behintzat, aintzat hartu dira gakoetako batzuk ezta?
Bai. Benetan, kritikak kritika, uste dugu epaia benetan klabe egokietan kokatu dela.
Gernikako saskibaloi taldearekin izandako harremanez ere gogoan dut galdetu genizula azken elkarrizketan. Epaiaren ostean ez dakit, aukera egongo da hitz egiteko?
Guk klubarekin bukatu genuen. Harremana tranpatia izan zen hasieratik eta moztea erabaki zen garaian. Guk orain daukagun erronka herrian da. Orain dela urtebete, iazko martxoak zortziaren harira mozio bat aurkeztu zen Gernika-Lumoko udalean; bertan eskatzen zen kirol arloko mahai bat osatzea eta markatzen zituzten irizpideak herri mailan zeuden taldeetan txertatzeko. Eta gure iparra, hortxe dago. Gernikan kirol talde gehiago daude. Hau ez da Lointeken hasi eta bukatzen den afera bat eta gure apustua da herri mailako apustu bat egitea eta hor inplikatuta dauden eragile guztiak horri begira jartzearena. Horrek suposatzen duelako eskolak horri begira jartzea, eskola-kirolari begira eta klubak neurriak eta bitartekoak jarri behar izatea. Eta guzti hori nik uste dut mugimendu feministaren akonpainamendu horrekin egin behar dela.



