Zuzenean
Hizkuntza berri bat ikastea ez da egun batetik bestera egiten den zerbait, eta NAIZ Irratiak euskararen ikaskuntzan laguntzeko bere alea jarri nahi izan du ‘Adi eta Ari’ podcastarekin. Euskara ikasteko metodo eta eduki ugari daude eskuragarri gaur egun, baina gure helburua da prozesu hori atseginagoa, gertukoagoa eta egunerokoan erraz txertatzeko modukoa egitea. Podcast honetan, euskarazko esamoldeak, gramatika edukiak eta kultur erreferentziak modu arin eta entretenigarrian landuko ditugu. Martxoaren 10etik aurrera, astelehenetik ostiralera zabalduko da podcasta 20:50etan.
NAIZ Irratiko saio ezberdinetan egindako elkarrizketa errealak baliatu dira ‘Adi eta Ari’ podcasteko ikasgaiak sortzeko. Horrela, euskara maila hobetzeaz gain, Euskal Herriko pentsalari, sortzaile, kirolari edota ikertzaileak ezagutzeko aukera zabaltzen du ‘Adi eta Ari’ podcastak.
«NAIZ Irratian egunero egunero elkarrizketa asko egiten dira eta gai oso ezberdinak lantzen ditugu. Iruditu zitzaigun aukera ona zela egindako elkarrizketa horiek baliatzea ikasgaiak sortzeko, euskara hobetzeaz gain Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako», azaldu du Maite Bidarte NAIZ Irratiko saioen arduradunak. Horrela, Uxue Alberdiri egindako elkarrizketa bat baliatuz -aro atzizkia landuko da, -ere partikula Jon Galparsoro historialariarekin edota Anje Duhalderi egindako elkarrizketarekin, hizkuntza formala eta lagunartekoa.
Gainera, podcasta jarraitzea errazagoa izan dadin entzuleak solasaldiaren transkripzio osoa topatuko du NAIZ Irratiko ‘Adi eta Ari’ atalean, eta aukera izango du jatorrizko elkarrizketa osoa entzuteko ere bai.
Martxoak 10, erronka
Ander Edok eta Nerea Arriolak aurkezten dute podcasta. Aldarte alai eta arinean izandako solasaldi bakoitzean, NAIZ Irratiko elkarrizketa baten zatitxo bati emango diote bide, gonbidatuak esandakoa baliatuko dute ikasgaia osatzeko. «Egia da gonbidatu denek ez dutela zuzentasun osoz hitz egiten, baina hori ez da gure ustez arazo. Alde batetik, kalean ere ez delako zuzentasun osoz solastatzen, eta bestetik, akatsak ere baliatu ditugulako ikasgaiak sortzeko», azaldu du Bidartek. Podcast bakoitzaren amaieran gainera, ikasitakoaren bilana egingo dute Ander Edo eta Nerea Arriola aurkezleek.
Oihana Maritorena eta Gorka Arrese aritu dira gidoilari lanean. Lehena, aktorea eta euskara irakaslea da, bigarrena euskara zuzentzailea.
NAIZ Irratiak entzuleari gonbita luzatu nahi dio ‘Adi eta Ari’ erronka pertsonal gisa hartzeko. Egunero sei minutu, egunero ikasgai bat eta egunero Euskal Herria hobeto ezagutu. Martxoaren 10etik aurrera, astelehenetik ostiralera iluntzeko 20:50ean emitituko da ‘Adi eta Ari’, NAIZ Irratiko webgunean ere topatuko dituzue eta baita podcast plataforma nagusietan ere.


