Zuzenean

Euskal Autonomia Erkidegoan mugarria zirudien EAJk, PSEk eta EH Bilduk hezkuntza arloan lortu zuten akordioak; Podemos ere izan zen lehen itun hartan. Gerora, ordea, ezerezean geratu zen adostasuna eta gobernuko bi kideen babesarekin egin zuen aurrera Hezkuntza Legeak.
Pasa den astean berriro ados ikusi genituen hiru alderdi hauek, kasu honetan ikastetxeen planifikazioari lotuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ikastetxeen sarearen antolaketa arautzen duen dekretua indargabetu zuen urtarrilean. Orain, berriro osatu behar da araua eta EAJk, PSEk eta EH Bilduk adostu dute garaiko Hezkuntza Akordioari jarraiki egitea lan hori.
Ikoitz Arrese EH Bilduren Hezkuntza idazkariak NAIZ Irratian azaldu digunez, akordio horretara itzultzeko bidea izan daiteke lehen adostasun hau. Izan ere, azken hilabeteotan «Hezkuntza Saila aldendu egin da akordio horrek markatzen zituen edukietatik eta beharrezko elkarlanetik». Horregatik uste du iragan ostegunean Legebiltzarrean adostu zuten erdibideko proposamen hori izan daitekeela eduki horretara eta egiteko modu horietara hurbilketa bat, «elkarlanaren eta kontsentsuaren bidera».
Edonola ere, hitzez harago, konpromisoa ikusi beharko dutela azpimarratu du, hitzok errealitate bihurtzeko. «Mesfidati» dira, orain arte ez baitute konfiantzarako arrazoirik ikusi.
Auzitegiek baliogabetu duten dekretua ez zetorrela Hezkuntza Akordioaren oinarriekin bat salatu zuen Arresek garaian, hainbat faktore tarteko: «ez zegoen akordioaren edukiei lotuta, presaz egin zen eta aurretik Hezkuntza Legea onartu behar zen Legebiltzarrean, ondo definitzeko ikastetxe batek finantzazio publikoa jasotzeko izan behar dituen eskubide eta betebeharrak».
Orduan, maparen berrantolaketa osoa emango litzateke, baina «aurretik eta presaz» dekretu hori kaleratu zuen Hezkuntza Sailak. Hain zuzen ere, azken horrengatik utzi dute bertan behera epaitegiek: «gauzak modu kaskarrean egiten direnean, justiziak horrela erantzuten du».
EAJk eta PSEk lehen dekretu hau modu batekoa egin arren, orain Hezkuntza Akordioaren oinarrien gainean egiteko aukera sortu da. Arresek ez daki zerbait aldatu den edo itxurakeria den, baina sinetsita dago «Pedrosa sailburua konturatu dela harrokeriaz ezin dela gure hezkuntza sistema eraldatu».
Izan ere, kontuan hartzeko hiru faktore daude tartean azkenaldian; «jaiotza-tasaren beherakada, migrazio fluxu berriak eta digitalizazioa». Hori ikusita, EH Bilduko Hezkuntza idazkariaren aburuz, bi modu daude hezkuntza politikei eragiteko, markatu zuten lankidetzaren bidea edo «legegintzaldi hau hasi denetik Hezkuntza Sailak egin duen bezala, Lakuan bulego itxietan gauzak erabakitzea, erabaki horiek goitik behera inposatzea eta proiektu horiek inorekin kontrastatu gabe».
Zehaztu duenez, «konturatu dira gure sistema gero eta tentsionatuago dagoela eta duela lau urte zituen gabeziak estruktural bilakatzen ari direla». Berriro azpimarratu du «elkarlana» dela horri aurre egiteko modu bakarra.
«EH Bilduk herri ardura du eta, bide horretatik, hezkuntza da herri egiten gaituen zutabeetako bat. Zalantzarik ez dugu askotarikoen inplikazioa beharko dela bide horretan».


