Zuzenean

Betharram eskola katolikoan hainbat hamarkadatan inpunitatez mantendu diren gehiegikeriak albisteen lehen lerroan kokatu dira azken asteetan; indarkeria fisikoa eta salatutako beste kasu askotan ere, indarkeria sexuala. Baina albistetik gutxi behar luke, Paueko inguruetan dagoen eskola horretan emandako gehiegikeriak aspaldidanik zirelako ezagunak hezkuntza komunitatean, senideen artean eta baita tokiko erakunde publikoetan ere. «Betharram nolakoa zen bagenekien denok», dio lau urtez (1984-1988) Betharrameko ikasle izan zen Paxkal Indo lapurtarrak. «Isiltasunak duen eragina halako sistema batean harrigarria da. Betharramen bortizkeria sistema oso ongi eramana izan da apaizengatik, baina baita beste batzuengatik ere», gaineratu du.
Astelehenetik ostiralera Betharrameko barnetegian lo egiten zuen ikasleetako bat izan zen Indo eta bertan bizitakoari helduta mehatxuek eta beldurrak markatutako testuinguru bat deskribatzen du. Indoren esanetan, «isiltasunak du sistema babesten. Ez baginen isiltzen berraktibatzen genuen bortizkeria gure kontra». Kolegioko urteak bereziki gogor oroitzen ditu, «ikusi ditut eta bizi izan ditut hainbat injustizia», eta jasan zituen ere justifikaezinak ziren eraso fisikoak. Izuak agintzen zuen egoera hartan, indarkeria sexualaren kasurik ez zuen ezagutu lehen eskutik, baina zurrumurruak beti entzun ziren eta azken urteetan ehunka kasu izan direla salatu dute biktimek.
Beste batzuek jasan dutena jasanda, ez du bere burua biktimatzat hartzen Paxkal Indok, eta «oroitzapen onak» badituela dio, guztiak lagunekin. Ez du ukatzen, ordea, jokabide hori «autodefentsa sistema bat» izan daitekeenik eta gaztetan bizitakoak ere heldu izanda hartu duen norabidean eragin duela. «Injustiziaren kontra pasatu dut nire bizitzaren parte handi bat. Eta segituko du beharbada horregatik ere».
Interes politikoak
Esan bezala, Betharramen gertatzen zenaren inguruko zurrumurrua aski ezaguna zen Biarnon, Ipar Euskal Herrian eta inguruko eskualdeetan ere. Badira pare bat urte zentroan ikasi zuten biktima ohiak ere antolatzen ari direla eta kasu askotan salaketak jartzen. Baina frantziar Estatu eta Europa osoko albistegietara azken asteetan heldu da gaia, hain zuzen ere François Bayrou Paueko alkatea lehen ministro izendatu ostean. Bere seme-alabek bertan ikasi zuten eta hainbat hedabideren arabera, gehiegikeria guztien berri zuen frantziar Estatuko Hezkuntza ministro izan zenean (1993-1997). Berak halakorik ukatu du publikoki, tartean, Asanblea Nazionalean.
Bayrouren kasu pertsonala «bost axola» zaiola esanez lehenik eta behin, Indok dio indarkeria orokortu horrez jakitun behar zuela Bayrouk, eta horretarako bere garaian haurrei beldurtzeko esaten zitzaien esaldia ekarri du gogora: «‘Nota txarrak baldin badituzu joango zara Betharramera’. Zertarako errango da ez bazen jakina leku bortitza zela?» galdegin du. Indarkeria sexualari dagokionez, Indok berak ez zuen horren berri izan eta ondorioz uste du ezin dela ziurtatu Bayrouk bazekienik.
Dena den, kritiko agertu da ikasle ohia hedabide batzuek gaiaz orain egin duten kudeaketarekin. «Non ziren orain Bayrouren aurka ari direnak guk erraiten genuenean izan zirela gauza onartezinak?», galdetu du Indok, eta zera erantsi: «Egiazko biktimak ez dira entzuten gaur ere ez».
Garai bateko isla
Betharramen hamarkadez gertatutakoa nola gertatu zen galdetzen dute orain askok. Indok uste du, ordea, ez zela eskandalu gisa hartu, halako jarrera normalizatuak zeudelako orduan eta kasu askotan ongi ikusiak ere bai. «Jotzen zituzten haurrak? zergatik ez Baxoa (azterketa) ongi pasatzen bazuten? Garaian pentsatzen zen haur batzuek behar zutela joak izan».
Betharrametik kanpo ere, 80. hamarkadan astero-astero Biarnorako autobus horretan igotzen ziren ikasle euskaldunentzako gako izan zen beste aldagai bat ere aipatu behar da. Indarkeria ohikoa zen kaleetan, gerra zikinak Bidasoaren iparraldean zeuden errefuxiatuak eta ETAko militanteak jomugan zituenean, Paxkal Indok gogora ekarri duenez.



