Zuzenean 21:00h - 23:00h

MusikHaria

Iker Gurrutxaga

23:00h - 00:00h

Beste Bat

00:00h - 02:00h

naiz: formula

Naiz Irratia

Eli Pagola
Elkarrizketa
Maddi Mendibil
Abeltzaina

«Maskotei subjektu izaera eta kontsumorako animaliei objektu izaera indartzen ari gatzaizkie»

Gizakiok edozein garaitan munduan bizitzeko modua ulertzeko gauza askori begiratu dakioke, esaterako, inguruarekin ditugun harremanei. Maddi Mendibil abeltzainak animaliekin ditugun harremanei erreparatu zien filosofiako Gradu Amaierako Lanean eta, gerora, sakondu duen gaia da.

Audio_placeholder

«Maskotei subjektu izaera eta kontsumorako animaliei objektu izaera indartzen ari gatzaizkie»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Maddi Mendibil abeltzaina Albara ganadutegian
Maddi Mendibil abeltzaina Albara ganadutegian (Andoni Canellada | FOKU)

Jakin-min handia sortzen dion gaia da animaliekiko ulerkera, batez ere, animaliak kontsumitzen diren eta, era berean, kalean animalia gutxi eta espezie zehatzetakoak dauden garaiotan abere suharrek azaleratu dezaketen zera hori.

Nola irakurtzen ditugu animaliak?

Oro har, egun animaliekin ditugun harremanak bi zakutan banatu daitezke: batetik, maskota moduan ulertzen ditugun animaliekin ditugunak eta, bestetik, kontsumorako ditugun animaliekin. Horren ondorioz, desberdin ulertzen ditugu bata eta bestea.

Batetik bestera, tratuan alde handia dago? Irakurri dut dikotomia horretan ia pertsonak edo ia objektu gisa tratatzen ditugula.

Maskoten kasuan, oso harreman gertukoak sortzen dira: etxean bizi dira, espezie gutxi batzuetakoak dira, asko begiratzen zaie beraien ustezko beharrizan batzuei… Gama oso zabal batean aldaketa asko ari dira ematen maskoten munduan, Ikusi besterik ez dago zer aurrerapen dauden, hasi medikamentuetatik, jarraitu arropan eta, oinez beharrean, kotxetxoetan dabiltzan txakurretaraino. Itxuraz, ari gara maskotei subjektu izaera azpimarratzen. Batzuetan, beraien beharretan aurrera eginez, baina, beste batzuetan zalantza piztuaraziz ea beraien beharrizanak diren asetzen ari garen horiek edo nahasten ari garen eta ustezko behar horiek gizakion behar edo nahiak ez ote diren.
Erreferentzia moduan, interesgarria iruditzen zait begiratzea egoera natural batean animalia horren premiak zein diren, ahaztu gabe, etxekotze prozesu luze bat izan dutela espezie askok eta prozesu horretan beharrak zertxobait aldatu direla.

Kontsumo animaliekin, aldiz, orokortze bat eginda, ez dugu batere harremanik. Txerriak, ardiak eta, oro har, ganadua, alegia, elikadurara bideratutako edo bestelako kontsumoetarako ditugun animaliekin dugun harremana ia-ia nulua da: ez ditugu ikusten, ez dakigu nola bizi diren, nola hil diren eta gure platerera iristen dira guztiz animalia itxura galduta. Kasu honetan, gerturatzen ari dira animalia izatetik objektu izatera. Alegia, maskotei subjektu izaera indartzen ari bagatzaizkie, kontsumorakoei, objektu izaera ematen ari gara.

Abere suharrak ez dituzu dikotomia horretan hain erraz ulertzen.

Batetik, animalia hori zertarako 'daukagun', zertarako erabiltzen den edo zein den bere funtzioa izango da berarekin dugun harremana markatuko duena eta, bestetik, zein den bere izaera. Kasu honetan, abere suharrek izaera berezia dute, otzanak izan beharrean, badute instintu bat jotzera egitekoa. Etxekotutako animalien artean jartzen ditugu abere suharrak badutelako gizakiarekin harreman bat eta, hein batean, mendekotasun bat beharrizan batzuk gizakiak asetzen dizkiolako -elikadura, osasuna, bizilekua-. Baina, bere izaera horrek ez du lagatzen kontsumoko animaliekin gertatzen den moduan, objektu izaera horrenbeste azpimarratzea abere suharrak berak mugak eta erresistentziak jartzen dizkiolako.

Ganadua etxekotutako animalia da. Zer nolako prozesuak izaten dira?

Maila akademikoan, etxekotzea ulertzeko modu pila bat daude baina, nire ustez, oso garrantzitsua da ulertzea etxekotzea prozesu bat dela, hau da, etxekotutako eta etxekotu gabeko animaliak, kasu batzuetan, desberdindu daitezke baina beste kasu askotan interesgarria da etxekotzearen mailakatze bat egitea eta ikustea etxekotzea nola aldatu den. Eta, horretarako zeri erreparatu behar genioke? bada, gizakiarekin duen harremanari eta gizakiarekiko duen mendekotasunari.

Adibidez, abere suharra etxekotua da, zergatik? ganadutegien inguruan dauden mugatutako partzeletan bizi dira, normalean ez dira barruan bizi, zelaiko belarra jaten dute, baina, lanerako erabiltzen diren animaliak direnez, osatu egiten da elikadura hori; beraz, badago beste harreman bat eta gure mende ditugu. Horrek, jakina, eragina du bere izaeran eta gurekin duen harremanean. Etxekotuetan beti dago selekzio genetikoa. Helburuaren arabera, ezaugarri batzuk edo beste batzuk aukeratzen dira eta horrek etxekotzea eragiten du, azken batean, etorkizun batean jaioko diren animaliak zuk bilatzen duzun horretara bideratzen ari zarelako.

Posible litzake arraza hauei beste ezaugarri batzuk indartu eta beste zerbaitetara bideratzea?

Hein batean, betizu arrazarekin hori da pasa dena. Betizua ez zen guztiz suharra, baizik eta, basatia, gizakiarekin oso harreman gutxi zuena. Izenak berak esaten duenez, behi izua zen eta kalera jaisten zirenean, izutasun horretatik, jotzera egiten zuen. Suhaarretik beharrean izutik egiten duenez lan, zezen festetatik kentzen joan da eta nafar kastakoa hobesten. Orduan, zer egin da betizuarekin? beste ezaugarri batzuk indartu. Oso animalia ona da abere-basa bezala, hau da, haragitarako espezializatuta dauden beste arraza batzuk ondo biziko ez liratekeen lekuetan (leku malkartsuetan, belar gutxikoetan, klima gogorrean, alturan, etab.) oso ondo moldatzen den animalia da, ondorioz, plazetan gutxiago erabili eta haragitara bideratu da. Betizua aldatu egin da, ez ditu garai batekoaren ezaugarri berak.
 
Ondorioz, larrebehiak haragitara bideratzeko hautatzen hasiko bagina, alde batetik, gaur egungo larre behia, nafar kastakoa, desagertu egingo litzateke zeren, gaur egungoarekin ez dugu jatera ohituta gauden okelarik eta ez dut uste jendea prest dagoenik bere okela-ohiturak aldatzeko okela gogor eta siku batera, nahiz eta kalitate altukoa izan. Oso merkatu mugatua izango luke eta ez luke errentagarritasunik izango. Geratzen den aukera da animalia bera aldatzea eta, aldatzen hasita, badaude okeletara bideratutako arrazak. Beraz, hainbeste aldatu beharko lirateke animaliaren izaera, morfologia eta gainerakoa, ezen, praktikan, beste animalia bat izango genukeela beste bizitzeko modu bat duena eta, ondorioz, abeltzainak berarekin harremantzeko modua ere aldaraziko lukeena.

Jaurlaritza Logoa