Zuzenean 19:00h - 20:00h

Global Musik

Antonio Iriarte

20:00h - 21:00h

Game Erauntsia (Errepikapena)

21:00h - 22:00h

Beste Bat

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Jokin Altuna
Aspeko pilotaria

«Txapelketa zaila izan da, baina ilusioa eta gogoa ez dira falta izan»

Ez da batere ohikoa Jokin Altuna horren goiz txapelketa ofizial batetik kanpo ikustea, baina hala egokitu da Eskuz Binakako honetan. «Txapelketa zaila» izan dela aitortu du NAIZ Irratian amezketarrak, «baina ilusioa eta gogoa» ez zaizkiela faltatu. Azken egunotako polemiken inguruan ere mintzatu da.

Audio_placeholder

«Txapelketa zaila izan da, baina ilusioa eta gogoa ez dira falta izan»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Jokin Altuna Peña-Albisuren aurka galdu berritan.
Jokin Altuna Peña-Albisuren aurka galdu berritan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ez dakit denboran noraino joan behar dugun zu goiz samar txapelketa ofizial batetik kanpo ikusteko. Nola zaude?

Ondo nago. Penetan azkenengo egunean eman genuen itxurarekin, baina bestela lasai. Ez nago kezkatuta kalera joan garelako. Txapelketa bakoitza hasten denerako ederki dakit ondo amaitzea baduen bezala gaizki ere amai daitekeela; ez da ezer arraroa.

Egun nahasiak izan dira, Aspe enpresak Aranguren baztertzea erabaki zuelako, baita materialaren inguruan egin zenituen adierazpenengatik ere. Horrek guztiak eraginik izan zuen igandeko partidan?

Tira... Partida ikusten duzunean pentsa dezakezu eraginik izan zuela. Guk ez edukitzea nahi genuen eta partida hastean irabaziko genuela ziur agian ez, baina behintzat beste itxura bat emango genuela espero genuen.

Egia da, bai, aste oso zaila izan zela, gehienbat Aitorren [Aranguren] inguruan enpresak hartu zuen erabakiagatik. Ez zen aste erraza izan, Aitorrentzat okerrena, baina egoera niretzat ere ez zen erraza. Polemika dexente sortzen duen erabaki bat da, normala den bezala, galdera asko kontu horren inguruan... eta garrantzitsuena partida bada ere, nahi gabe ere ez zara ehuneko ehunean zentratzen.

Esan zenuen «igandera ehuneko ehunean heldu» nahi zenuela, baina «ehuneko ehun» horretan lortzea zaila ikusten zen.

Hala nahi nuen, baina horrez gain nik uste Biku-rentzat ere [Iñigo Bikuña] “pastel” handia zela. Garbi esateko, Aitorrentzat kristoren “putada”, baina Biku-rentzat ere ez zen inongo aukera. Frontoira atera behar, jende piloa, berak ere ondo jokatu nahi berea ez zen txapelketa batean... Bazekien galduz gero ni ere kanpoan geratuko nintzela, eta nik uste tentsioz gainezka atera zela eta gaizki pasa zuela. Partida amaitu eta gero ere oso jota zegoen horregatik. Hala ere, asterik zailena Aitorrentzat izan zen eta animorik handienak berari eman behar zaizkio.

Galtzeak pena ematen du, baina nola galdu ere aldea dago. Penarik handiena da ez ginela lehiatu.

Txapelketan gorabehera askotxo izan dituzue: gaixorik izan zinen, Arangurenek eskuetatik dezente sufritu du... Ez da txapelketa erraza izan.

Zaila izan da, bai. Gorabehera asko... Hasieran Xabi Tolosarekin jokatu behar nuela uste nuen, baina ezezkoa eman behar izan zuen lesio batengatik, gero Arangurenekin...

Ilusioz hartu nuen Txapelketa; Aitorrek ere ilusioa zuela badakit, baina beti diogu Binakako Txapelketa horrela izaten dela: jokoaz aparte zorte puntu bat ere behar duzu. askotan 22ra iristeak konfiantza ematen dizu, baina horretaz aparte faktore gehiago ere badaude, eta guretzat ez da erraza izan baina, tira, beste bikote batzuk hobeak izan dira.

Ez dakit aurreneko faseko ligaxka bereziki luzea egin ote zaizun aurtengoa?

Denboraz motzagoa izan da Gabonetan partida asko jokatu ditugulako; sentsazioa daukat Gabonetan partida dezente azkar batean joan zirela, eta esango nuke Txapelketa erraza ez dela izan, luzea ez zait egin. Horregatik, ilusioa, gogoa eta esperantza bageneuzkan, eta bi partidaren faltan nahiko ondo kokatuta ere jarri ginen, baina beti esaten dudana: egin beharrekoa egin behar denean burutu behar da. Guretzat neurketa klabeak azkenengo biak ziren eta horietan ez genuen asmatu.

Zertan egin duzue akats gauzak espero ez bezala joateko?

Ez dakit... Partida batzuetan oso ondo lehiatu garela iruditzen zait eta horregatik puntua atera dugu, baina beste batzuetan... Partida klabe batzuk izan ditugu: adibidez, Arrasaten Artola eta Mariezkurrenaren kontra erraz irabazten gindoazen eta galdu egin genuen; Bartzelonan ere oso ondo ari ginen Ezkurdia eta Rezustaren kontra eta Aitorrek hatzean min hartu zuen... Beste bikote batzuk gu baino indartsuagoak eta kantxan gehiago agintzen dutenak dira. Guk, ez agintzeaz aparte, opari gehiago egin ditugu.

Baina ezin duzu pentsatu irabazten duzunean beti dena ondo egiten ari zarela, ezta galdutakoan ondorio dramatikorik atera ere. Irabaztea eta galtzea gauza normalak dira; hau kirola da.

Eta Aitorrekin zer moduz?

Txapelketarekin hasi aurretik ere berarekin ondo konpontzen nintzen. Horregatik, gogo handiz hartu genuen Txapelketa eta, horrela, galdu izan dugunetan ere saiatu izan gara elkar topera animatzen. Horrek eman dit pena: momentu zailak pasa ditugu eta garai horretan, kalera joan edo play-offera pasa behar baginen, berarekin bukatu nahi nuen, batera bukatzea. Denok atera gara galtzen; pilota ere bai.

Pilota aukeraketari buruz esandakoek ere hautsak harrotu zituzten, baina metodoa bera da kritikatu zenuena.

Aldatu nahi dugun gauza bat da. Horretarako enpresek ere guri kasu egin behar digute.

Nire ustez, Martin Alustiza bada pilota aukeratzailea, berari indar handiagoa eman behar zaio eta, berak egunkari batean esan zuen bezala, aukera gehiago behar du pilotak hautatzeko. 500 pilota eraman eta 480 aukeratu behar baditu, azkenean nahitaez pilota pila sartu beharra dauka eta nik uste hori ez dela hautaketa.

Haserrea eragin du Arangurenen inguruko erabakiak. Berarekin hitz egin duzu?

Kendu zutenean Aitorrek berak deitu zidan eta egun hartan hitz egin nuen berarekin. Gero Whatsapp bitartez ere hitz egin dugu hurrengo egunetan ere, eta orain lasaiago ikusten dut. Berak onartu zidan deitu zidanean oso ikututa zegoela, baina pixkanaka ari zaio buelta ematen eta berak ere azkenean aurrera segi beharko du, atzera begira egoterik ez dagoelako.

Pilotarion artean ere kritikatu duzue erabaki hau, moduagatik eta momentuagatik.

Pilotari guztiak kontu horretan oso ados gaudela iruditzen zait. 13 partidaren ondoren, bakarraren faltan pilotari bat kentzea... Pertsonalki, pilotari bat kentzea bera oso gogorra dela iruditzen zait, eta, gainera, azken partidarako kentzen baduzu, kristoren kolpea hartzen duzu; irabazi izan bagenu ere, ez dakit poz berbera hartuko nukeen, ezta Iñigok ere. Azken finean, Arangurenekin hasi nuen Txapelketa eta berarekin amaitu nahi nuen.

Ohar baten bidez eman zuten erabakiaren berri, «erabaki teknikoa» zela argudiatuz. Gero Jorge Vidarte Aspe enpresako zuzendariak adierazi zuen «kirol arloko» erabakia zela eta zuri «babesa erakusteko» hartua izan zela. Baina ez dakit zenbaterainoko onura eragin dizuen.

Enpresak azkenean bere erabakiak hartzen ditu eta Biku-k berak esan zuen bezala, guk kasu egitea besterik ez daukagu. Ezin dugu hortik aurrera ezer ere egin, baina kontua ez da aurrekoan 4-22 galdu genuelako dena gaizki atera dela; irabazi izan bagenu ere ez zukeen balio berbera edukiko sailkapenak. Azkenean pilotari batek 13 partida jokatu eta besteak bat, eta bakarra jokatu duena pasatzea, hor ez dago kirol justiziarik. Azkenean denak ateratzen gara galtzen.

Bada Pilotarien Elkartea. Biltzeko ohiturarik baduzue?

Dezente hitz egiten dugu eta elkartu ere bai. Sortzen diren gauza horietaz, barruan dauden beste kezka batzuez...

Gu gara protagonista nagusiak; gu gustura ez bagaude eta maila ona ematen ez badugu, jende gutxiago joango da; protagonista printzipalak garenez, pilotariok eduki behar dugu indarra.

Kanpotik ikusita, Pilotarien Elkarteak jarrera aktiboagoa behar ez ote duen...

Hasi nintzenean ezer ere ez zegoen eta injustiziak pilotan lehen ere bazeuden. Nire ustez, aurrerapausoak eman dira pilota munduan azkenengo urteetan, eta garrantzitsua da, esan bezala, aktore printzipalak gu garelako, gure kezkak, haserreak eta abarrak enpresari adieraztea. Eta beraiek ere kasu egin behar dute.

Hain arin kanporatuta, atseden hartzeko behintzat ondo etorriko da, ezta?

Bai. Hamar bat egun lasai deskantsatu nahiko nuke. Gero saiatuko naiz “denboraldiaurre” txiki bat egiten hilabete edo hilabete eta erdi bat, eta ondo etorriko zait, bai Buruz Burukoari begira, baita udara begira ere, hura ere gogorra izaten baita. Etorriko diren erronkei erantzuteko eta prestatzeko ondo etorriko zait.

Hamar bat egun atseden hartu eta Buruz Burukoa prestatzen hastera begira, orduan.

Asmoa horixe da, bai: pixka bat deskonektatu lehenbizi, pilak kargatu, eta gero prestatzen hasi. Baina ez bakarrik Buruz Burukora begira. Geldialdi hau ondo etorriko zaidala iruditzen zait.



Jaurlaritza Logoa