Zuzenean 19:00h - 20:00h

Global Musik

Antonio Iriarte

20:00h - 21:00h

Game Erauntsia (Errepikapena)

21:00h - 22:00h

Beste Bat

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Nadia Erostarbe
Basque Teameko surflaria

«Barrera psikologiko potentea izan da niretzat bertan parte hartzea»

Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000) bigarren emakume euskalduna izan da surfeko goi-mailako zirkuituan lehiatzen, Pauline Ado hendaiarraren atzetik. Min hartutako surflari batzuen hutsunea bete du oraingoan, baina zarauztarrak prest ikusten du bere burua Challenger Seriesetik igoera lortzeko.

Audio_placeholder

«Barrera psikologiko potentea izan da niretzat bertan parte hartzea»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Nadia Erostarbe surflariaren agerraldia, zirkuito nagusian sartu ondoren.
Nadia Erostarbe surflariaren agerraldia, zirkuito nagusian sartu ondoren. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Esperientzia laburra, baina aberasgarria» bizitu du Nadia Erostarbek Hawaiin, World Championship Tourrean. Historia egin du zarauztarrak, estatu mailan lehen emakumea izan baita maila goreneko zirkuituan parte hartzen, eta «oso pozik» azaldu da. «Bertan parte hartzea barrera psikologiko potentea» izan dela ere adierazi digu zarauztarrak, are gehiago lesio batetik etorrita.

Hawaiitik itzuli berri zara, WCT debuta eginda. Pipelinen, munduko olaturik ikonikoenetako batean. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso polita izan da. Motza egin zait esperientzia. Azken unean abisatu zidaten eta ez nuen denborarik eduki. Lau egun lehenago iritsi nintzen, gauza asko egin behar ziren. Baina tira, oso esperientzia polita izan da hor lehiatzea nire erreferenteekin.

Proposamen hau egin zizutenean, nola hartu zenuen?

Ez nuen batere espero. Igotzeko postu bakarrera geratu nintzen, baina nik eskatu nuenean wildcard bat, norbaitek min hartzen bazuen edo dena delakoa, esan zidaten segur aski beste neska bati emango ziotela. Orduan, une hartan, esperantza galdu nuen. Goiz batean esnatu eta esan zidatenean bi neskak huts egingo zutela eta horregatik ahalko nuela nik lehiatu txapelketa honetan... Ez nuen denbora asko eduki dena prestatzeko. Larunbat batean deitu zidaten eta astelehenean jada hegaldia hartu genuen, ze asteartean bertan egon behar genuen.

Pipeline, aipatu bezala, izen handiko olatua da mundu mailan. Exijentea eta arriskutsua da, era berean. Nola prestatzen da bat horrelako olatu baterako, fisikoki eta, batez ere, psikologikoki?

Barrera psikologiko potentea izan da niretzat hor parte hartzea. Lesio batetik etorri naiz. Azarotik surfean aritu gabe nengoen, urtarril hasieran hasi nintzen pixkanaka, ez nengoen konfiantza handiarekin. Horra iristea, Pipeline bezalako olatu batera, psikologikoki gogorra da. Oso zaila da hor entrenatzea ere. Jende pila bat egoten da surf egiten eta oso zaila da olatuak hartzea. Nire ideia izan zen uretan egotea, gero eta lasaitasun gehiago pilatzea uretan egonda, beldur hori kentzeko. Ez zaizkigu baldintza idealak egokitu, baina egokitu zaidanarekin ahalik eta onena egin dut.

Behin han zeundela eta olatua ikusita, zure aurreikuspenak bete ziren? Lasaiago geratu zinen edo are beldur handiagoarekin?

Bertan egondakoa naiz, duela bi urte edo. Oroitzapen potenteak neuzkan gordeta, ikusi nuen jendea kolpe fuerteak hartzen, oso leku arriskutsua da. Nola ez zen itsasaldi ona egokitu, egokitu zenarekin ahalik eta onena egin nuen. Gero, azken egunetan baldintza politagoak egon ziren eta aukera eduki genuen bertan surf egiteko. Hurrengo urteetan sailkatzen banaiz, ba konfiantza handiagoarekin arituko naiz.

Kirol psikologoen laguntza izango duzue zuen ibilbidean. Olatu honetarako espresuki prestatu zara?

Iaz Olinpiar Jokoetan lehiatu nintzen, eta Teahupo'o-ko olatua berezia da. Horretarako oso ongi prestatu nintzen, psikologikoki batez ere. Leku hauetan konfiantza hartu behar duzu, ikasi behar da uretan egoten, ondo kokatzen eta ikusten zein olatu nahi dituzun hartu. Azkenean, olatu txarrak hartzen dituzunean hartzen da arriskua. Ondo kokatuta baldin bazaude eta olatua ondo hartzen baduzu, berez, ez dago hainbeste arrisku. Teahupo'o-rako asko prestatu nintzen, eta hor bai lasaitu nintzen. Pipelineko txapelketarako, apur bat berdina egin nuen. Saiatu ahalik eta denbora gehien pasatzen uretan, konfiantza hartzen, hor egoten, eta gero, ba konfiatzen nire surfean, badakidalako olatuak hartzen eta surf egiten.

«Gogoarekin geratu naiz gehiago erakusteko, ze badakit hobeto surf egin dezakedala eta ez nuela agian estrategia onena erabili txapelketa honetan»

Nola bizi izan zenuen lehendabiziko txanda goi-mailako zirkuitu honetan?

Lehendabiziko manga oso zaila izan zen, Caroline [Marks] eta Bellarekin [Kenworthy]. Gaizki aukeratu nituen olatuak, gaizki hasi nintzen, baina azken unean buelta eman ahal izan nion egoerari [final zortzirenetara sailkatu zen]. Pozik bukatu nuen, baina gogoarekin geratu naiz gehiago erakusteko, ze badakit hobeto surf egin dezakedala eta ez nuela agian estrategia onena erabili txapelketa honetan.

Baldintzak ere ez ziren onenak izan, zure estrategia ere baldintzatuta egongo zen.

Bai, hori da. Final zortzirenetan berriro Caroline Marksen aurka nuen, txapeldun olinpikoa eta orain arteko Munduko txapelduna dena. Gehienbat izenak pisatu zidan, jakiteak bere aurka neukala, eta ahal nuena baino gehiago egiten saiatu nintzen eta olatu askotan erori egin nintzen. Hurrengorako asko ikasi dut, ikasi dut lasaiago aritu behar dudala eta sinetsi behar dudala nire surfarekin irabazi diezaiokedala munduko onenari.

Caroline Marks surflari estatubatuarra aipatu duzu, egungo txapeldun olinpikoa da, baita munduko txapelduna ere. Inpaktantea izan zen bere aurka aritzea?

Asko ikasi dut berarekin lehiatzen. Ze lasaitasun zeukan berak uretan, ze ondo aukeratu zuen olatua... Manga errazago egin zuen, nota onak atera zituen eta ez zen hainbeste konplikatu, ni ez bezala. Olatu errazagoak hartu zituen, ondo surf egin zuen. Munduko surflari onenetakoa da eta beragandik asko ikasi dut. Aukera eduki dut baita ere txapelketa ikusteko kanpotik, eta horrek asko irakatsi dit hurrengo txapelketetarako.

Irakaspenak aterata itzuli zara, beraz.

Bai, txapelketa hauetan ikasten duzuna beste inon ez da ikasten.

«Barrera hau hausteak hurrengo belaunaldiei bidea apur bat erraztu diezaiekeela iruditzen zait. Oso zaila da iristea, baina sekulako harrobia daukagu eta argi daukat iritsiko direla bat baino gehiago»

Historia egin duzu, Estatu espainoleko lehendabiziko emakumea izan zara WCTn lehiatzen, Euskal Herrian bigarrena, Pauline Adoren atzetik. Sentitzen duzu ari zarela etorkizuneko belaunaldiei ate bat irekitzen?

Bai, argi dago. Aritzek [Aranburu] ireki zituen ateak lehendabizi, eta nik ere zarauztarra izateko zortea izan dut. Asko lagundu nau Pipeline prestatzen, nahiz eta denbora gutxi eduki. Barrera hau hausteak hurrengo belaunaldiei bidea  apur bat erraztu diezaiekeela iruditzen zait. Oso zaila da iristea, baina sekulako harrobia daukagu eta argi daukat iritsiko direla bat baino gehiago.

Iaz WCT-rako atarian geratu zinen, nola heltzen diozu denboraldi honi Challenger Seriesean?

Gogo handiarekin. Aurten, gainera, emakumeen lekuak handitu egin dituzte, lehen bost ziren eta orain zazpira igo dituzte. Saiatuko naiz prestatzen; ea zortea daukadan eta beste CT jardunaldi baterako deitzen didaten, horrela ere hobeto prestatuta egongo naiz, onenekin lehiatu ostean; konfiantza handiagoarekin behintzat. Gustura nago ikusita nola nabilen entrenatzen, saiatuko naiz gero eta fuerteago iristen azken txanpara, ze azken urtean azken bi probatara min hartuta joan nintzen eta ezin izan nuen nire dena eman. Saiatuko naiz aurten hori gerta ez dadin.

Zein esango zenuke dela bi zirkuituen arteko alderik nabarmenena?

Esango nuke surflariei gehiago entzuten zaiela. Hobeto zaintzen dira surflariak, erabakietan pisu handiagoa daukate.

Esperientzia honen ostean, zer dator?

Larunbatean [atzo] hasten da Marokon QS bat, berez ez daukat beharrik joateko, baina nik uste dut ondo etorriko zaidala erritmoa hartzeko txapelketetan. Gainera, olatu oso potenteak datoz, eta aprobetxatu egin nahi dut bertan surf egiteko.

Etxean harrera polita izan duzu, ezta?

Bai, gainera, hona iritsi eta hemen ere sekulako olatuak egokitu zaizkit, beraz, gustura itzuli naiz (barrezka). Hotz apur bat, Hawaii-rekin alderatuta aldaketa handia izan da, baina  oso gustura nago. Familiarekin apur bat egon naiz eta berriro martxa hartzeko prest nago. 

Jaurlaritza Logoa