

Zuzenean 04:00h - 08:00h
Haria 1
08:00h - 10:00h
naiz:musika Gazteon Eskutik
10:00h - 10:15h
Haria 2 aurrerapena

Bateria ikasketak burutzen ari ziren Bartzelonan Ane Barcena eta Raquel Pagès musikariak elkar ezagutu zutenean. Biak bateria ikasten eta biak gitarra-jotzaileak izanda, elkarrekin abestiak sortzera animatu ziren eta ordutik hona bi disko luze eta hiru labur kaleratu dituzte, horietatik berriena ‘Ni un paso atrás’. Lan hori aurkezten izan da Ane Barcena durangarra NAIZ Irratiko MusikHaria saioan.
Orain arte Bartzelonan bizi ziren bi taldekideak eta dena bertan sortzen zuten, baina egun Ane Euskal Herrira itzuli da bizitzera «eta horregatik du titulu hori diskoak. Egoera zailenetan ere pausurik ez dugu emango atzera, aurrera egingo dugu eta proiektuarekin jarraitu».
Bost abestik osatzen du ‘Ni un paso atrás’ diskoa. Lo-fi soinua, 90etako doinuak, pop ukitu bat eta 47 segundo irauten dituen hardcore-punk kantu amorratu bat ere topa ditzakegu bertan. Orain arteko diskoak La Mina estudioan grabatu dituzten arren, Urtzi Izaren gidaritzapean landu dute berriena, Eten Espazio Sonoroan.
Etxean, Durangon, izango dira aste honetan «beti oso berezia den tokian», 40 Minutu Rock Jaialdiaren baitan Pinpilinpussies taldekoak. Jimmy Jazz aretoan ere duela gutxi aritu ziren eta bi aste barru, otsailaren 27an, Bilboko Kafe Antzokian ere izango dute kontzertua. Biko indartsu bezain dibertigarria, mezu esanguratsu ugari dituzten abestiekin, horixe da Pinpilinpussies.