Zuzenean 16:00h - 17:00h
Bilynch
17:00h - 18:00h
Alde Erantziz
18:00h - 20:00h
Haria 3

'1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen' izena du LAB sindikatuak Nafarroako Parlamentuan ezarri duen erakusketak. Areto zabal eta argitsuan sindikatuaren hastapenetatik hasi eta gaur egun arte egingo du bisitariak denboran bidaia. Bertan topatuko ditu sindikatuko mugarri izan diren mementuen azalpen eta argazkiak, kartel historikoak, borrokarako gailuak, pegatinak, aldizkariak edota garaian etxeetan gorde behar izan ziren artxiboak. NAIZ irratia bertan izan da Asier Azpilikueta erakusketako kuradorearekin, datorren otsailaren 20a izango da erakusketa bisitatzeko azken eguna.
Erakusketako lehen atalean bilana egin da mende erdian LAB sindikatuaren mugarriak izan direnak gogoratzeko. Ezin dira denak paretan zintzilikatutako panel erraldoian kabitu, eta hautaketa egiten nahikoa lan izan du Azpilikuetak. Irudi eta testu bidez lekua hartu dute LAB sindikatuaren hasierako asanbleek, aurrez aurre eramandako borroka luzeak (Euskalduna), eta baita asko borrokatu baina galdutakoak ere, 35 lanorduko astearen aldarrikapena, adibidez. Irabazitakoak zein galdutakoak, guztiak aski borrokatuak, lantegietan zein kalean.
Argazki ugari ikus daitezke erakusketan, zuri beltzeko franko, koloretan, are gehiago. Nafarroak badu gainera toki berezia erakusketan, herrialdean egindako zenbait borroka gogoratu dira: Huerta de Peralta, Lesakako zahar-etxeko hitzarmena, edo Leitzako Torres-papel fabrikan egindako borroka. Nafarroan ere ekoiztu dira, bestek beste, lau haizeetara zabaldu ziren ikus-entzunekoak, horiei ere egiten zaie lekua erakusketan. Gogoangarria, 'La vida de aBrian los domingos' parodia, kontsumitzaileei jaiegunetan ez erosteko eskaria egin zien LAB sindikatuak esketx honekin.
Sindikatuaren komunikazio moldeak asko aldatu dira azken bost hamarkadetan eta horren lekuko ere bada erakusketa. Mahai baten gainean kontsultagai daude garai batean kaleratzen zen Iraultzen aldizkariaren hainbat ale, oso ezberdinak denak. Sindikatuko txartel zaharrak, zigiluak, bozgorailu historikoa, banderak eta Maiatzak 1eko kartel historikoak...