Zuzenean
«Gazte perspektibatik eta belaunaldi bezala erantzun behar diegu erronkei»
Apirilaren 17tik 20ra Berriozarren ospatuko dute Ernaik antolatu duen Gazteon Eskutik ekimena. Jauzi bat emateko mugarria izango dela nabarmendu dute egitarauaren aurkezpenean. Ekimenari buruz gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea.

«Gazte perspektibatik eta belaunaldi bezala erantzun behar diegu erronkei»

Lezo, Elorrio, Baztan, Lemoa… Aurten Berriozarren jarri dute hitzordua gazte independentistek, udaberriko opor garaiko hitzorduari fin. Apirilaren 17tik 20ra ospatuko da udaberriko ekimena, Gazteon Eskutik Independentziara. Amaiur Egurrola Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak laburbildu du ekimenaren izana: «Gazte independentistak elkartzeko topagunea da. Gazteon egoeraz hitz egiteko edo egungo testuinguruaz egiten dugun irakurketa egiteko, irudimena pizteko eta, jauzi bat emateko garaia den honetan, indarrak hartzeko momentua».
«Udaberriko ekimena bada, izaera politikoaz gain, komunitatea eta sarea sortzeko momentua», dio Egurrolak. Gogora ekarri ditu aurreko urteetan bizitakoak: Lezoko lokatza eta bertan loratutakoa, Baztanen egindako kilometro guztiak… «Badu gazteok elkartzeko eta pertenentzia sentimendua sortzeko gaitasuna. Horregatik ere bada berezia».
Joan den ostegunean Iruñean egindako aurkezpenean nabarmendu zuten Ernaiko kideek «erronka globalei aurre egiteko une honetan, posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra independentzia dela». Zentzu horretan azaldu du antolakundeko bozeramaileak «mundu mailan bizi den egoera ezegonkorrak gazteria jauzi bat» ematera daramala eta «herri moduan izan dugun borroka historikoaren oinordekotza hartzeko prest» daudela, ez dutela geldirik begira egoteko asmorik eta independentzia dela ezinegon horri bide emateko modu bakarra.
Erronka horiei «gazte perspektibatik» erantzuteko beharraz aritu da Amaiur Egurrola. Badaudela zenbait gai «bereziki» gazteei eragiten dietenak eta etorkizunean eragina izango dutenak. «Gu izango gara eragina jasango dugunak eta behar ditugu erantzunak bilatu. Gazteok belaunaldi moduan erantzun behar diegu erronka horiei».
Eredu berriak
‘Jaia bai, borroka ere bai’ esan izan da urte askoan. Aurtengoan ere, jaia eta aldarrikapena uztartzeko esentzia nabarmendu du Ernaik. Egoera politikoaren azterketa eta hausnarketarako balioko duten hitzaldi sorta oparoa antolatu dute arlo ezberdinetako adituekin. Aurtengoek, baina, badute berritasunik. Gazte antolakundeak mantenduko ditu zenbait hitzaldi ohiko formatuan, «erabilgarriak eta beharrezkoak direlako ikasteko eta informazioa transmititzeko». Hala ere, nahi izan dituzte eztabaidak piztu eta hausnartzeko bestelako mekanismo batzuk ere sortu; eta dokumentalak eta elkarrizketak bezalako formatuak ere baliatuko dituzte.
Apirilaren 17tik 20ra bitarte Berriozarren aurkitu daitekeenaz jakiteko herri eta auzoko hormak begiratzea besterik ez da behar izango. Formatu digitalean, sare sozialetan ere argitaratu dute kartel osoa, baita Ernai.eus webgunean ere. Sarrerak erosteko aukera ohiko plataforma zein saltokietan. NAIZeko harpidedunek laster izango dute sarrerak merkeago erosteko aukeraren berri.