

Zuzenean 16:00h - 17:00h
Ad libitum
17:00h - 19:00h
MusikHaria
19:00h - 20:00h
Global Musik
«Etxera itzultzea zerbait garrantzitsua zen niretzat»
26 urte ditu eta jadanik bederatzi urte daramatza Emakumeen Endesa Ligan. Euskal Herritik at denbora luzean ibili da, Gernikara itzul arte, belauneko lesioa ahaztu eta talde on bati eskarmentua eskaintzeko. Hala, igandeko derbia «hain derbi» sentitzen ez badu ere, partida gogor baterako prest dago.

«Etxera itzultzea zerbait garrantzitsua zen niretzat»

Malostek derbia jasoko du iganden honetan, Lointek Gernika eta IDK Euskotren izango dira nor baino nor eta «lehia estua» aurreikusten du Irati Etxarri Gernikako jokalariak. Azken urteetako lesioak ahaztuta gozatzen ari da orain nafarra, «etxera itzultzea zerbait garrantzitsua zen niretzat», azaldu du.
Lehenengo denboraldia duzu Gernikan. Nolakoa izaten ari da zure egokitzapena?
Oso pozik nago. Ondo sentitzen naiz, egia da jadanik nire bederatzigarren denboraldia dela hau, Emakumeen endesa Ligako talde ezberdinetan, baina niretzat garrantzitsua zen etxetik gertuko talde batera itzultzea. Belauneko lesioaren ondoren, urte osoa osatzea zen nire helburua, eta horregatik gozatzen ari naiz eta horrela jarraitzea espero dut.
Etxetik gertuago egotea eskertuko da, ezta?
Bai, bai. Familia gehiago ikusten duzu, baita lagunak ere... Baina baita kulturagatik ere. Adibidez, euskaraz egunero gozatzen ari naiz, baina ez hori bakarrik, hemen daukagun bizimodua bera ere bai.
Beraz, gustura hartutako erabakiarekin?
Bai, bai. Gustura eta oso pozik.
Gernikara etorri aurretik Gironan izan zinen, Emakumeen Ligako talde indartsuenetako batean, alegia. Egia da lesioengatik zure onena emateko aukerarik ez duzula izan, baina zergatik hartu zenuen Gernikara etortzeko erabakia?
Aldaketa bat nahi nuen. Lucasek –Fernandez, gernikarren entrenatzaileak– deitu zidan, joan zen otsailean edo... eta niretzat Gernika beti izan da klub on bat. Eta beti pentsatzen duzu ‘agian noizbait gerta daiteke’... Eta momentua huraxe izan zen; niretzat momenturik onena, nik une hartan behar nuena beraiek eskaintzen zidatelako. Eta horrela suertatu da.
Lesioei buruz diharduzula, zure helburuetako bat berriro ez izatea zen. Poztekoa eta eskertzekoa izango da urte osoan jokatzeko moduan izatea, beldurra beti hortxe egongo delako.
Bai, baina ez beldurragatik. Ez lehen ezta orain ere, ez dut beldurrik sentitu. Gauzak ondo egin dizula sentitzen duzunean, horrek segurtasuna ematen dizu eta ondo sentitzen zara.
Beste gauza bat da denbora behar duzula berriz ere sentsazioak berreskuratu eta saskibaloi jokalari sentitzeko. Hemen denbora izan dut eta klubaren eta jokalarien aldetik pazientzia ere; hori eskertzekoa da, eta nahiz eta ez dakigun ehuneko ehun noiz noiz berreskuratuko dugun, agian hori aldatu egin delako, baina ni orain jokalari ezberdin bat sentitzen naizelako. Ez hobea ez txarragoa, ezberdina baino, eta horrekin pozik nago, azken baten osasuntsu nagoelako eta, azkenean, hori delako garrantzitsuena.
Pazientzia orain arte landu baduzu, pixka bat gehiago ere itxaron dezakezu.
Hori da, bai (barrez)!
Zure esperientzia horrekin, Gernika bezalako talde gazte baten zaude orain. Zein da taldeari egiten diozun ekarpena?
Ba esperientzia, hain justu. Jokalari guztiak gara oso gazteak, baina leku oso ezberdinetatik gatoz guztiak. Honekin guztiarekin osatu dugun taldea oso berria da; ez da bakarrik gazteak izatea, baizik eta gure artean ezezagunak ginela. Eta orain nik uste talde izaera hori sortzen ari dela eta elkar ulertzen ari garela eta ez garela elkarrekiko horren ezezagunak. Ondorioz, Lucasek eskatzen diguna gero eta ulergarriagoa da. Hilabeteak pasa izan dira hori horrela izan dadin, baina orain ari gara sentitzen. Partida onak eta txarrak joka ditzakegu, baina orain oparirik ez dugu egiten.
Talde izaera hori hartzen ari zaretela, lansaio eta partidetan elkar ulertzeko balioko du horrek.
Bai, noski! Bizitzako edozein ataletan bezala, denbora behar duzu. Baina denborarekin, lan egiten baduzu, helburuak lortzen joaten zara. Horregatik, uste dut gure momenturik hoberenean gaudela, edo egon gaitezkeela, baina egin behar duguna da bide horretatik jarraitzea. Lanean jarraitu behar dugu, partida bakoitza garrantzitsua dela pentsatuz eta gure lanean kontzentratuta.
Emakumeen Endesa Ligan bederatzigarren zaudete, Koparako txartela lortuta ere, nola baloratzen duzu taldeak momentuz egin duen lana?
Esan dudala bezala, nik uste orain arte lan ona egin dugula. Egia da denboraldiaren bigarren zati honetan gauzak gogorrak eta zailak jarriko direla; goiko taldeak play-offetan ari dira pentsatzen eta borroka egingo dute; behekoek, berriz, jaitsiera dute buruan. Ondorioz, partida bakoitza oso oso garrantzitsua izanen da, eta gu, gure aldetik, partida bakoitzean pentsatzen ari gara, entrenamendu guztiak baliatzen, eta gutxinaka hoberantz joaten, aurrean daukagun horri ekiteko.
Kopa oraindik urruti dago, baina Girona zure talde ohiaren aurka jokatu beharko dituzue final-laurdenak. Berezia izango da zuretzat?
Ez horrenbeste! Serie-buru sailkatu diren lauren artean bat bakarra ere ez duzu nahi (barrez), guztiak oso onak direlako! Tira, azkenean Girona tokatu zen eta beraien aurka jokatuko dugu. Bueno, baina beraien aurka jokatu ditugun bi partidetan irabaztetik gertu izan gara. Azkenean, beraiek oso jokalari onak dituzte eta badakigu talde hauen kontra irabazteko partida oso ona jokatu behar duzula, eta beraiek agian gaizki xamar jokatzea. Baina azkenean badakigu Kopa nolakoa den: partida bat bakarra da eta jokatu egin behar da. Ikusiko dugu orduan ea zer gertatzen den.
Koparako, hala ere, oraindik falta da eta aste honetan, teorian irabazi beharreko partidei egin diezue aurre: Celta lehenbizi eta IDK Euskotren igandean.
Tira, irabazi beharrekoak... Celtak, gure aurka jokatu aurretik, azkenengo jardunaldian Zaragozan jokatu eta irabazi egin zuen. Kontuan izan behar da jardunaldi bakoitzean gertatzen direla halako sorpresak. Horregatik, partidak jokatu arte ezin duzu ezertxo ere esan. Bestalde, gu selekzioekin lanean aritu gara eta bidaian etorri gara, ia entrenatu gabe, horrekin zailtasuna gehitzen die neurketei. Baina taldeak ahal duena egingo du, beti bezala. Borrokatuko dugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Nahi gabe burua derbira joaten da?
Nirea ez (barrez). Baina agian beste batzuena bai (barrez)! Hainbeste denbora etxetik kanpo eman eta gero, derbiak ez ditut «hain derbi» sentitzen, baina bai da egia klubeko jendearentzat igandeko derbia oso partida garrantzitsua dela. Eta derbi baten, jakina, gauza gehiago daude jokoan, nahiz eta partida bakarra jokatzen den.
Nola ikusten duzu IDK Euskotren? Ez da bere denboraldirik onena izaten ari...
Dena den, partida oso zaila eta gogorra izango da. Beraiek aldaketa asko izan dituzte taldean eta zaila izango da jokalari berri hauek bere jokatzeko modura egokitzea. Egia da aurreneko itzulia nahiko txarra egin dutela eta beraz, orain badakite bigarren erdi honetan gauza ondo egin behar dituztela. Ez dakit nolako partida aterako den, baina gogorra izango dela badakit (barrez).
Ardoi ere maila gorenean dago. Zuretzat, nafarra izanda, pentsatzen dut poztekoa dela.
Egia esan, bai, oso pozgarria da. Eta gainera azkenengo partida beraien kontra jokatzen dugu eta orduan, ikusiko dugu nola iristen garen ordurako (barrez)!
Zuretzat, kantxan gozatzea garrantzitsua da. Lesioetatik bueltatuta, Gernikan sentsazio horiek berreskuratzen ari al zara?
Zorionez, bai. Beldurrik ez, baina momentu txarrak zure barruan sentitzen dituzu eta jokatzen duzunean, zure barruan sentitzen dituzu eta ezin duzu jokoan bakarrik pentsatu; burua beti beste gauza batzuetara joaten da. Baina denboraldiak aurrera egin ahala, askoz hobeto sentitzen naiz eta egia da, bai, gozatzen ari naizela.
Zeintzuk helburu jarri dizkiozu zure buruari etapa berri honetan?
Ezta bat ere (barrez)! Osasuntsu jarraitzea, ez dela gutxi. Gainerako helburuak, iritsi behar badira, pazientziarekin, iritsiko dira.