Zuzenean

Muga-zerga herrialde edo gune komertzial batera kanpotik inportatutako merkantzia datorrenean ezartzen zaion zerga da, erosleak ordaindu beharrekoa. Niko Cuencak NAIZ Irratian azaldu duenez, Euskal Herrian altzairua edo aluminioa erosten duen inportatzaile batek dagokion zerga ordaindu beharko luke, %25 eta %30 inguruan, eta produktua garestituko luke horrek.
Bezeroarentzat ere arazoa izan daiteke bere hornitzaileak prezioa garestitzea. Ekonomialariak gogora ekarri digu egoera ezaguna dugula; 2018an ere ezarri zituen Donald Trumpek muga-zerga horiek, atzera egin behar izan bazuen ere, eta orain abiadura bizian ari dela prozesu hau sustatzen dio.
Joera populista batek bultzatutako erabakia omen da: «Estatu Batuetan badago boto-emaile tarte handi bat, gako izan daitekeena. Beti izan dute hor globalizazioak kalte egin dielako sentsazioa, industria kanpora haiek eraman zuten arren, eta Trump horretaz baliatu da». Mehatxu gisa erabili duen tresna da beraz, ondorioak ikusteko.
2018 hartan nabarmen egin zuen gora gisa horretako produktuen inportazioak ere. Kanpoko eskaria murriztu egin zen eta barrukoa garestitu, eta horrek zuzenean eragin zien ekoizleei. Neurri honen ezarpenerako argudioetako bat da herrialde barneko industria ere sustatzeko balio dezakeela.
Eta Europan, zer?
Europako eta espainiar Estatuko enpresei so eginez gero, «argi» gelditzen da nor atera den irabazle eta nor galtzaile, eta horren adibide badira hainbat euskal enpresa ere. Bertan ekoizten dutenek ez lukete muga-zergarik izango, baina «horrek inflazioa igotzea ekarriko du».
Inflazioak, finean, jendearen poltsikoari eragiten dio. Baina badira hori saihesteko moduak; bertan lantegiak irekitzea edo beste merkatuak topatzea litzateke gakoa, Cuencaren arabera.
Euskal Herrian ekoizten den altzairuarekin zer gertatuko den ere zalantzan dago. Prezioa, ezinbestean, merkatu liteke, eta produktuak balioa galdu. «Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten den altzairuaren %14-15 Estatu Batuetara esportatzen da eta, ezin bada, konpentsatzeko kostuak murriztu behar dira. Industria honek, adibidez, energia kontsumo altua eskatzen du eta kostuen marjina ikusi beharra dago. Bestelako merkatu aukerak bilatu behar dira».
Ekonomialariaren ustez, Europak baditu horrelako egoera bati aurre egiteko tresnak. 2023an, hain zuzen, hertsaduraren aurkako neurriak onartu zituen. Cuencaren esanetan, Ursula Von der Leyenek «argi esan zuen gogor erantzungo duela, akordioren batera heldu beharko dute». Edonola ere, uneko ziurgabetasun egoera tarteko, balizko akordio horrekin «edozer» gerta daitekeela uste du Cuencak.
Etorkizunera begira, zalantza dago zeintzuk izan daitezkeen Europarentzat neurri baliagarriak. Aurretik Mexiko eta Kanadarekin izandako gatazketan ere, gobernu horiek muga-zerga propioak ezarriz erantzun izan dute. Horrek ere eragina du herrialdeko barne ekonomian: «Une honetan neurriok dolarra garestitzea eragiten ari dira, eta eurora hurbiltzen ari da. Inportazio asko dolarretan daude eta, hortaz, gure inflazioari eragingo diote». Ondorioak, beraz, ez dira gutxi izango, eta «bi ekonomiei» eragingo diete.
Paradigma aldaketa
Niko Cuencaren interpretazioa da hasiera batetik «ziztu bizian» indarra erakutsi nahian aritu dela Trump, gerora etorriko diren negoziazioei begira, denek baitakite «galtzeko asko» dutela.
AEBek azken aldian hartu dituzten neurri desberdinak, OMEtik ateratzea tartean, aprobetxagarriak izan daitezke, esaterako, Txinarentzat, toki hori hartzeko: «AEBek okupatzen zuten tokia Txinak hartu dezake lasai asko, eta Europak merkatu berriak beharko ditu».
Adibide gisa, Ursula Von der Leyenek berriki sinatutako Mercosurrekin aurreakordioa. AEBekin arazoak izango direla ikusita, merkatu berriak topatu beharko ditu. Horrek, Cuencaren esanetan, ondorio anitzak izango ditu. Nabarmentzekoa, esan bezala, munduko foku ekonomiko eta geopolitikoa aldatu litekeela, eta Txinak protagonismoa hartu.





