Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Miren Zubizarreta
ELAko hezkuntza arduraduna

«Akordio hobe bat merezi zen; jendea mobilizatzeko prest zegoen»

Haurreskolak Partzuergoko mobilizazioak bertan behera geratu dira arlo horretan gehiengoa duen LAB sindikatuak hitzarmena berritzeko akordioa erdietsi ondoren. EAEko irakasle publikoena eta garraio eta jantokietakoena martxan dira; ELAko Miren Zubizarretak ez dela aurrerapausorik eman ohartarazi du.

Audio_placeholder

«Akordio hobe bat merezi zen; jendea mobilizatzeko prest zegoen»

Loading player...
Haurreskolak Partzuergoko langileen greba, urtarrilaren amaieran.
Haurreskolak Partzuergoko langileen greba, urtarrilaren amaieran. (Andoni Canellada | FOKU)

Bistan da jantoki eta garraioetako langileen zein irakasleen egoera eta baldintzak oso ezberdinak direla. Biak mantentzen dira mobilizazioetan eta, momentuz, ez dago hurbilketarik.

Gabeziak ikusi dituzte astelehenean sinatutako lan hitzarmenean, iruditzen zaie «gaia faltsuan itxi» dela. Besteak beste, salatu dute %20ko erosahalmena berreskuratzeko neurririk ez dagoela. Diotenez, Eusko Jaurlaritzak «erakutsi du erabat egingarria» dela hori, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak esandakoaren harira, «eta aurrera eraman dituztela beste esparru batzuetan».

Horrekin batera, ratio hobekuntzarik ez dela aipatu dute, LABek esan badu ere 0-3ko dekretuko ratioak alboratu direla. Zubizarretak dio sindikatu denek izan duten aldarrikapen bat dela, lan karga arintzeko, «haur eta hezitzaile kopuru zehatz bat ezartzea». ELAren arabera, «arazoa da mahaigainean ez dagoela ezta baloratu dezakegun proposamen bat ere, ez dagoelako proposamenik. Hala ere, badira sinatu dutenak».

«Akordio hobe bat merezi zen», gaineratu du, «jendea mobilizatzeko prest zegoen». Esan du argi daukatela zein den bidea eta bide horren alde egiten jarraituko dutela.

Gainontzeko auziei dagokienez, ez dela «aurrerapauso nabarmenik» egon nabarmendu du Zubizarretak. «Sukaldeetan eta ikastetxeetan LABek ez dauka gehiengo osoa» eta ezingo du erabakigarria izan sektore horietan.

Datorren astean garbitzaileek eta jantokietako langileek abiatuko dituzte lanuzteak, eta hurrengoan irakasleak daude bi eguneko grebara deituta. Erantzunik ezean, mobilizazio gehiago izango direla esan du ELAko ordezkariak.

Jaurlaritza Logoa