Zuzenean

NAIZ Irratia

Voxi kereila jarriko dio Aita Marik eta tasa administratiboei errekurtsoa

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak errekurtso ekonomiko administratiboa aurkeztuko die tasa portuarioei, eta kereila bat Voxen aurka. NAIZ Irratian izan dugu Ana Perez Aita Mariko kidea.

Audio_placeholder

Voxi kereila jarriko dio Aita Marik eta tasa administratiboei errekurtsoa

Loading player...
Aita Mari ontzia, Bilboko portuan
Aita Mari ontzia, Bilboko portuan (Aritz Loiola | FOKU)

Itsas Salbamendu Humanitarioak Voxi kereila bat jarri dio, eta errekurtso ekonomiko administratiboa aurkeztuko die tasa portuarioei. Kereiletako bat Jesus Albiol Vox taldeko parlamentariaren aurka aurkeztuko dute, iragan urrian irratian egindako adierazpen arrazistengatik; itsas salbamenduak «pertsonen salerosketan dabiltzan mafientzat beharrezko konplizeak» direla esan du Ana Perez Aita Mariko kideak Naiz Irratian.

Albiolek esandakoak «bortizkeria» zirela iritzita, kalumniengatik kereila jartzea eta hitzok erretiratzeko eskatzea erabaki zuten Aita Mariko kideek. «Gure lana eta guztion lana da itsasoan arriskuan dauden pertsonak erreskatatzea, hala esaten dute nazioarteko legeek. Delitua dena da pertsona horiek itsasoan uztea», zehaztu du Perezek.

Zabalik daukaten beste auzietako bat tasa administratiboekin lotutakoa da. Valentziako Gobernua aldatu zenean, portuetako tasak ordaintzeko eskatu zien. Perezek argitu du izatez, legean ez dela aldaketarik egon, baina egungo gobernukideek diotela «txarto interpretatu» zutela legea aurrekoek. Uneotan indarrean dagoen legean oraindik jasotzen da portuetan haien gisako lanetan aritzen diren ontziak tasetatik kanpo daudela.

Gobernu berriak tasa horiek ordaindu behar zituztela esan zioten, ordea, «portuan gauden bitartean ez garelako gure funtzioak betetzen ari». Perezek arrazoitu du erreskate lanak prestatzea ere laneko funtzioak direla. Gaineratu du, Valentziako Gobernuaren ohartarazpenean, jaso zutela 2021etik aurrerako tasa guztiak ordaindu behar zituztela. 63.000 euro eskatzen zizkieten orduan, gaur egun, ia 80.000 euroko zorra lukete. Europako Parlamentuak arrazoia eman zion Aita Mariri. Perezek gaineratu du bide judizialetik jarraituko dutela, baina ordaindu ez dutenez isunak jasotzen jarraitzen dutela: «Beren helburua diru bilketa horren bidez gure jarduna etetea da, baina argi dugu arriskuan dauden pertsonak erreskatatzen jarraituko dugu».

15.misioa

Momentu honetan portuan da Aita Mari, eta otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran 15. misiora aterako da.

Bertan dagoen artean, administrazioak diru eske jarraituko du, horregatik erabaki zuten Estatu espainoleko portuetan geratzea. Oraintxe, esaterako, Valentziakoan dira eta, mugimendu aldetik hain erosoa ez zaien arren, ez diete hainbeste kobratzen. Pasa den urtean Euskal Herriko portuetara etorri zirela «salbuespen» moduan kontatu du, baina Meditarraneotik itsasontzia mugitzea denbora eta diru gehiago dela ondorioztatu zuten.

Argi dute hemendik aurrera ere nola jardun beharko duten: «Gure misioetan jarraituko dugula eta zer edo zer muntatu behar badugu dirua lortzeko, modu batera edo bestera egingo dugu. Ezin diegu Voxi edo ultraeskuinari arrazoia eman, batez ere ezinbestekoa delako pertsona horiek erreskatatzea».

 

Jaurlaritza Logoa