Zuzenean 23:00h - 00:00h
Reggae Fever
00:00h - 02:00h
Bigarren Kafea (Errepikapena)
02:00h - 03:00h
Bideokluba
Via Campesinaren parte diren hainbat nekazari Palestinan ibili dira tokiko nekazarien errealitatea ezagutzeko. Oso lurralde 'aktiboa' da nekazaritza aldetik eta ekoizpen kultura handia mantentzen dute. Elikadura burujabetzak erresistentzia egoera batean duen ekarpena eta, genozidio-erresistentzia batean elikadura den esparru gakoa geurekoituko ditugu Kelo eta Malu Egiluz nekazarien eskutik, bertan izan baitziren.
Zein eremutan ibili zarete?
Malu Egiluz: Ramallah izan dugu base moduan eta izan gara Jerusalenen, Nablusen, Hebronen eta Jordan bailaran. Gainera, kide askorekin egon gara: bai nekazariekin, Palestinako autoritateekin, feministekin, gizarte sozialeko erakundeekin… agenda zabala izan dugu.
Soldadu israeldarrek herriei eraso egiten dietela jasotzen dugu. Nekazal eremuei ere bai?
M.E.: Duela 10 urte izan ginen Palestinan eta ikusi ahal izan genuen estrategia zela lurra lapurtzea, konfiskatzea, olibondoak suntsitzea, lurralde artean mugitzea eragoztea… orain, 2023ko urriaren 23tik aurrera, zeharo gogortu da egoera eta akzioak zuzenagoak dira. 5.000 ha lur galdu dituzte urte honetan.
Kelo Arribas: Israelen estrategia bi adarretan uler daiteke: batetik, palestinarrak ghetto batean sartu nahi dituzte eta, bestetik, euren lurrak baliatu. Israel nekazal potentzia bat da eta lurra behar du ustiatu ahal izateko. Ondorioz, nekazariak, hein batean, okupazioko lehen lerroa dira.
Besteak beste, Beduinoekin izan zineten. Nomadak dira beduinoak baina, okupazioak ezarritako oztopoak direla eta, egonkortuta daude. Nolakoa da halabeharrez egonkortutako komunitate nomada bat? Zertan dira?
K.A.: Komunitate transhumanteak dira, milaka urte daramatzate zonaldean ganadua mugitzen. Hamarkada batzuetatik hona, ordea, beren mugimendua oso murriztua dago eta herriak sedentario bilakatzen ari dira, alegia, ez dabiltza lehen bezala beren dendak aldean dituztela.
Horrez gain, egoera asko larritu da, zeren, herri asko suntsitu egin dituzte eta oraindik mantentzen direnek ezin dute beren ganadua larretzera atera; horren eraginez, pentsu gehiago behar dute, ezin dute pentsua hainbeste ordaindu, ezin dute tradizioa mantendu eta ezin dute beren lana egin. Jasotzen eraso ugariak, lur konfiskazioak eta okupazioak direla eta, desagertzear dagoen kultura da.
Lurren jabetza eta okupazio gaia zertan da? nola izan nekazari nekazal lurrak orain kendu orain errekuperatu ari badira?
M.E.: Lurren agiriak dituztenek administratiboki prozesu luzeak irekitzen dituzte baina, azkenean, administrazio kontu bat da eta gutxitan lortzen da horri buelta ematea.
K.A.:Betiko galdera da: eta orain, zer? nola biziko zarete lurrik gabe? Bada, palestinarrek oso argi dute, egoera zail egonagatik, beren lurrean eutsi nahi dutela. Kontuan izan behar da Palestinako ekonomia erabat geldituta dagoela eta ez dagoela beste aukerarik, zeren, nekazaritzaren potentziala murriztea sarraskiko eta okupazioko estrategia garbia da.
Erresistentzia egoera batean zertan da gakoa elikadura burujabetza?
M.E.: Lurra galdu ahala, burujabetzarako aukera galtzen ari dira eta garbi dute beste estrategia batzuk ere behar dituztela janari israeldarrekiko mendeko izan ez daitezen.
K.A.: Badaude, hala ere, adibide miresgarri batzuk. Esaterako, errefuxiatuen kanpamentuetan, munduko zonalde habitatuenak direnetan, beren janari freskoa ekoizteko aukera teilatuetan aurkitu dute ur birziklatua erabiliz. Oso bitxia da eta, benetan, erresistentzia maila noraino iritsi daitekeenaren adibide bat.
Ari dira nekazari berriak sortzen? bada proiektu berrien esperantzarik? edo dutenari eusten badute nahikoa?
M. E.: Izan genuen Ramallah ondoko herritxo batean instalatu berri ziren gazte batzuekin egoteko aukera. Hor bertako nekazariek lurra -espazio txikia bada ere- eskaini diete nekazaritza agroekologikoa egiteko. Formakuntza eta erresistentzia asmoa soberan dute.
K.A.: Nekazaritzan sartzea zaila da beti, Palestinan bezala Euskal Herrian. Kasu honetan, ohiko zailtasunei gehitzen zaizkie lur konfiskaketak, mugimendu murrizteak, armadaren erasoak eta beste zenbait oztopo. Palestinan populazio gaztea dute eta, hala ere, harritu gintuen zenbat proiektu zeuden agroekologia lantzen eta irtenbide kolektiboak bilatzen.
Via Campesinak mendebaldeko gobernuen Israelekiko konplizitatea salatu du eta eskatu du nekazal produktu israeldarrak boikotatzeko. Zuek zer nabarmendu nahi zenukete?
K.A.: Boikota, desinbertsioa eta estatu itunak Palestinatik eskatzen zaigun ohiko tresnak dira eta, nola ez, armen komertzioa etetea.
M.E.: BDS kanpaina gero eta presenteago izan behar dugu gure egunerokoan eta kanpainak egin behar dira produktu horiek gure espazioetara hel ez daitezen. Bestalde, gaiarekiko inpotentzia eta ezintasun handia sentitzen dugu eta horrek mugiarazi behar gintuzke zerbait egitera, ez dezagun isilik mantendu.