Zuzenean
Urte hasierako lehen aurkezpen handia egin dute Xbox etxeak. Developer Direct formatuan garatzaileei hitza ematen saiatzen dira prestatzen dabiltzan jokoei buruzko xehetasunak eskaintzeko. Oraingoan lau —edo pixkat gehiago— bildu dituzte.
Bagenekien Doom: The Dark Ages, Clair Obscur: Expedition 33 eta South of Midnight ikusiko genituela. Hauen jokagarritasunean sakontzeaz gain, argitalpen datak eskaini dituzte: aurten jokatuko ditugu Xbox Series eta PC gailuetan… baita PS5ean ere.
Ustekabe handia, baina, Team Ninja estudioak eman zuen. Ninja Gaiden saga berpiztera datoz NG4rekin; ez hori bakarrik, Ninja Gaiden 2ren Black berregitea iragarri, eta zuzenean kaleratu zuten. Ezin gaitezke ahaztu udan jasoko dugun beste jokoaz ere: Sevillako The Game Kitchen estudioa NG Ragebound prestatzen ari da. Zaleak pozik egon daitezke.
Gacha jokoei begira jarri gara, baita. HoYoVerse erraldoiak 20 milioi euroko isuna ordaindu du; izan ere, Amerikako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalak (FTC) Genshin Impact, Honkai: Star Rail nahiz Zenless Zone Zero joko ezagunetan adingabekoen pribatutasun urraketak eta publizitate iruzurrak gauzatzea egotzi dio.
Joko berriak, euskaraz
Euskal Herria izan da beste gaietako bat Eguneroko denbora-pasak zein Barraka jokoengatik, baita ETIV-UVIGO itzulpengintza sarien hirugarren edizioagatik ere.
Aspaldiko partez analisia prestatu dugu irratsaiorako, gainera; tira, aipatzeko gogoekin genbiltzan. Marvel Rivals arrakasta hutsa izaten ari da abenduan estreinatu zenetik, eta guk dagoeneko hainbat ordu eskaini dizkiogu. Spider-Man, Otsokume, Ekaitz, Iron Man, Scarlet Witch, Magneto eta beste zenbait superheroi ezagun elkartzen dituen heroi tiro jokoa da.