Zuzenean

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

«Euskal Herriko zerbait da» erromintxela, «ez soilik ijitoena»

«Erromintxelaren aldarrikapena» da, 'Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak' dokumentala, baita euskal herritar eta euskal ijito komunitatearen arteko bizikidetzan «gehiago ikertzeko» baliabidea. Ainhoa Zamanillo zuzendarietako batek lanaren nondik norakoak ekarri ditu Naiz Irratira.

Audio_placeholder

«Euskal Herriko zerbait da» erromintxela, «ez soilik ijitoena»

Loading player...
Ijito herriaren bandera eskuan, protestan zegoen emakume baten artxibo irudia.
Ijito herriaren bandera eskuan, protestan zegoen emakume baten artxibo irudia. (Aritz Loiola | Foku)

Argi dute adituek, ez dela hizkuntza ezta dialektoa ere, baina zaila da definitzea zer den erromintxela, akaso aurretik gutxi ikertu delako. Wikipedian, pagadolekto gisa aipatzen dute, nahiago bada, pidgin era batean ere irudikatu daiteke. Erabat argi dagoena da berriz, erromintxela herri honen ondare dela, ehunka urtez ijito herria honen parte diren bezala. Izan ere, erromintxela, «Euskal Herriko zerbait da, ez soilik ijitoena», Ainhoa Zamanillok azaldu duenez. Marta Las Herasekin batera, 'Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak' (Erromintxela, senderos y raíces gaztelaniaz) dokumentala zuzendu du Ainhoa Zamanillok, «ijitoak hemengoak dira, ia ia 600 urte daramatzate gurekin». Lan hau, UN Etxea Gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako 'eman minutu bat' lehiaketa irabazi ostean ekoitzi ahal izan dute.

Hiru zatitan banatu dute ikus-entzunezkoa; lehen zatian ijito herriaren jatorria eta Euskal Herrira arte egindako bidea jasotzen dute, «ijito komunitate txiki bat Indiatik atera zen duela 600 urte», zuzendariak dionez. Bigarren zatian ijito herriaren iritsieratik bertan jada bizi ziren euskaldunekin mendez ehundutako bizikidetzara begira jartzen dira. Bistan da, ijitoekiko bazterkeria hor egin dela beti eta tarteka gorabeherak izan direla. Baina oro har, harremanak nahiko onak izan direla uste du Zamanillok, «Beraiekin ez baduzu hitz egiten, Euskal Herriko jendeak ez dizu bere hizkuntza irakatsiko».

Hirugarren eta azken zatian, erromintxelaren egituran eta honen egoeran sakontzen dute. Zamanilloren aburuz, erromintxela euskara eta erromanieraren «nahasketa bat da, lexikoki, gramatikoki eta fonologikoki», eta urrun daudela dirudien arren, badituzte antzekotasunak, atzizkien erabilera adibidez. Baina dokumentalak, ezin larriagoa den hizkera baten diagnostikoa ere badakar. «Zoritxarrez» dio Zamanillok, erromintxela hitz egiteko gai den norbait ote den «oso zaila da jakitea eta geratzen badira normalena da beraiek ez jakitea».

Ahazturaren aurrean

Funtsean, «erromintxelaren aldarrikapena» da, ikusleak 'Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak' topatuko duena, ez dadin ahaztu; desagertu dadila ekiditeko. Eta jarduteko unea, orain da Zamanillok ohartarazi duenez, «hizkuntza galtzen badugu identitatea galtzen dugu». 

Gaur gaurkoz, nekez lortuko da erromintxelaren erabilera orokortua berreskuratzea, hori ez da ordea aitzakia bat, besoak gurutzatuta egoteko. Libururen bat idatzi da, artikuluak ere eta duela 30 bat urte, oraindik ere erromintxela hitz egiteko gai ziren pertsonekin harremanetan izan ziren Josune Muñoz filologoak, Elias Lopez de Mungiak eta Oscar Vizarraga Kale Dor Kayiko presidenteak ondutako lanak ere, oinarri bat finkatu zuen. Une honetan beraz, eraginkorrena hurrengo belaunaldiei ikertzen jarraitzeko oinarri bat eskaintzea behar duela izan ondorioztatzen du Ainhoa Zamanillok, «honi buruz gehiago ikertzeko balio badu, oso pozik egongo gara».

 

Jaurlaritza Logoa