Zuzenean

Orain dela bost urte sortu zen Izan Iñurri, Miren Cuerdo eta Julene Izagirreren eskutik. Azken honen ama bularreko minbizi metastasikoaz hil zen, eta orkatilean inurritxo batzuk zituen tatuatuak. Bere omenez eman zioten izena elkarteari: «badakigu inurriak nolakoak diren, elkarrekin izugarrizko lan astun eta gogorrak egiten dituztela. Elkartea ere horrekin bat dator, gu ere sare indartsu bat gara eta elkarrekin gauza ederrak egiten ditugu».
Metafora hori ere ez da debalde. Bazkide eta bolondresez osatutako tribu edo talde eragiletzat dute euren burua, minbizia lehen pertsonan edo inguruan bizi duten pertsonei formakuntza, informazioa eta akonpainamendua eskaintzen diena, profesionala ez bada ere. Artitza Albisuk azaldu du ez dutela psikologorik, baina «minbizia pasatzen ari den emakume bat minbizia pasa duen beste emakume batekin elkartzea» dela egiten dutena.
Bakarka zein sarean egiten dituzte elkarketa horiek, nork bere zalantza, haserre eta pozak bestearekin partekatzeko eta elkar ulertzeko.
Hain zuzen ere, badute Iñurritegi deritzon sare bat, 210etik gaindi emakumek osatua, denak minbizi prozesu bat pasatakoak edo pasatzen ari direnak: «komunitate horren helburua da, batetik, Iñurrik elkarte moduan egiten dituen ekintzen berri ematea edo, askotan, laguntza eskatzea, hemen egiten den lan ia guztia borondatezkoa delako». Batez ere, «elkar laguntzeko sare bat» bezala dago sortua.
Saretuta eta tabuei aurrez aurre begiratzen
Epairik eta taburik gabeko espazio segurua dela nabarmendu ohi dute, gizarteak minbiziarekiko izan ditzakeen aurreiritzien aurrean. Albisuk uste du ez dela gardentasunez hitz egiten, esaterako, minbiziaren aurkako tratamenduak eragiten dituen albo ondorioen inguruan.
Elkartetik garrantzia ematen diote, besteak beste, tratamenduak emakumeen sexualitatean daukan eraginari. «Oso» garrantzitsua izanik, «gutxi» hitz egiten da horren inguruan. Ez gizartean bakarrik, baita kontsulta medikoetan ere: «sarritan gure emakumeek onkologoari zalantzak planteatzen dizkiote eta harrituta begiratzen ditu horrek».
Albisuk salatu duenez, «ez da hitz egiten bularra ez berreraikitzea erabaki duen emakumeaz, gorputz ez normatiboez edo nutrizioak duen garrantziaz».
Zentzu horretan, ahalegintzen dira zerbitzu publikoek sarritan betetzen ez dituzten zerbitzuak ematen. Izan ere, beharrak sortuta asmatu zen Iñurritegia, minbizia duen emakume baten akonpainamenduaren zerbitzu publikoa existitzen ez zela ikusita.
Ez da ezohikoa izaten minbiziaren berri izan, ikaratu eta isolatuta gelditzea. Terapia bilakatzen diren bertso saioak edo asteburuko erretiroak bezalako ekimenak tarteko, badute korapilo horiek nola askatu: tribuan.