Zuzenean
«Txikitatik nahi izan dut meteorologoa izan, mapak ikusterakoan azalpena eman nahi nien»
Eguraldi Iragarlearen Mundu Eguna izango da asteazken honetan, eta guk Iker Ibarluzea etxeko iragarlea ekarri dugu NAIZ Irratira gurera ospatzeko.

«Txikitatik nahi izan dut meteorologoa izan, mapak ikusterakoan azalpena eman nahi nien»

Txikitatik metereologoa izan nahi zuela onartu digu Iker Ibarluzeak, telebistako mapak ikusterakoan liluratuta geratzen omen zen. Eguzki eta euriaren sinboloa, koloreak… begitartean zuen Andoni Aizpuru eguraldia ematen, eta irudi hori buruan geratu zaio. Eguraldi fenomenoei azalpen eta erantzun bat ematekotan, bokazioz beteta gaur egun bere ogibidea da.
Ibarluzeak 10 urte darama iragarpenak egiten. Denbora horretan, aldaketa asko egon dira meteorologia, batez ere ikerkuntzari eta inbertsioari esker. «Geroz eta baliabide gehiago daude: satelite gehiago, datuak biltzeko kokapen estrategiko gehiago...». Hobekuntza horiek artean, Ibarluzeak Adimen Artifiziala kokatu du baian, aldi berean, ikusi nahi du nola garatuko den hurrengo urteetan, batez ere meteorologoen lanari begira. «Meteorologoen lana, hau da, giza lana, pixka bat apartuta geratu daiteke. Hurrengo urteetan ikusiko dugu gure lana itzalean geratuko den edo biak uztartzen saiatuko diren», esan du meteorologian Adimen Artifizialaren erabilerari buruz.
Jendeari buruz galdetzerakoan, «denetarik dago, baina jendeari ez zaio gehiegi interesatzen, ea eguzkia ala euria egingo duen nahi dute jakin, aterkia hartzeko edo ez». Gure artean hainbat mito ere ageri dira, eta horiek ere azaldu dizkigu. «Probabilitateari dagokionez, jendeak uste du %90a dagoenean izugarrizko euria egingo duela, baina ez da horrela, izan daiteke euria egitea baino bi litro soilik», azaldu digu Ibarluzeak.
Horregatik, balioan jarri nahi izan du euren lana. Zentzu honetan aipatu du normalean euren iragarpenak oso fidagarriak direla, bereziki 24 ordukoak edo bi, hiru edo lau egunetakoak «egoera egonkorra dagoenean». Hala ere, «hego haizea dagoen garaietan, batzuetan 24 orduko aurrerapena asmatzea ez da batere erraza izaten», azpimarratu du. Hori dela eta, gomendatu die entzuleei iragarpen motzei kasu egitea: «Nik bi edo hiru, gehienez jota lau egunetatik aurrea ez nuke begiratuko, badaezpada».
Azkenean, meteorologoak Valentziako tanta-hotzaren egoera aztertu du eta bere diagnostikoa atera du: «Lurrari ematen zaioan erabilera akatsa handi bat da. Ibaiari bere lekua jatea, ertzetan eta zonalde uholdegarrietan eraikitzea... Garrantzi gehiegi ematen diote eraikitzeari». Ibarluzeak azaldu du Euskal Herrian oraindik ez dagoela arazo hori, hemengo ibaiek ura eramateko kapazitatea handiagoa baita eta geroz eta gutxiago eraikitzen ari da. Horrek «etorkizunean eragin dezake halako egoera bat» saihesten, esan du. «Zentzuz jokatuko balute, halako sarraskiak askoz gutxiago emango lirateke».