Zuzenean

Euskal nekazariek elikadura-estrategia propioa aldarrikatu dute Kongresuan. Diote agente guztiek parte hartu behar luketela horretan bertako produktuak bultzatzeko eta bidezko prezioak izateko. Lanean jarraitzeko prest daude, baina baldintza horien pean.
Batzarrean, besteak beste, behi okela izan dute hizpide. Horren merkaturatzea ez dago momenturik onenean: «hemen bereizgarri berezi bat daukagu euskal okelarekin, labeleko haragiarekin, eta urtetan zehar lana egin da sektoretik, kooperatibetatik eta erakundeetatik marka defendatu eta merkatuan ondo kokatzeko, baina azken urteotan gertatu zaigu prezio diferentzia kostatzen zaigula lortzen beste haragi generikotik».
Goenagak azaldu duenez, une honetan Estatuko edozein okelen prezioan ari dira euren txekorrak eta behiak hiltegira bidaltzen, eta gainkostua daukate haragia ekoizteko garaian, ezin baitute diferentzia hori lortu.
Nekazal Politika Bateratua eta errelebo falta
Aipatu dugun beste kontu bat, Nekazal Politika Bateratua. Defizitak estaltzeko dago, baina baserritarrei kosta egiten zaie lehian jardutea. Gainera, kantitatea saritzen du bereziki.
ENBAko buruak dio etengabe daudela politika horren gaineko aldaketak proposatzen, baina ezin dutela kantitateari begira egon edo hori defendatzen aritu, bizi garen lurreko orografia eta zailtasunak direla eta. Horregatik, kalitatearen aldeko apustua egiten dute gehiago; kantitatea ere begien bistatik galdu gabe, gero eta baserritar gutxiago baitaude.
Hain zuzen ere, errelebo hori sustatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionalaren programa jarri berri du martxan. Proba mota oro egin beharra dutela nabarmendu du, ez dutelako asmatzen gazteak baserrietara nola erakarri.
Aldundiek diru-laguntza bidez ere bultzatzen dute lehen sektoreko profesionalizazioa, zerortik hastea zaila baita. Lur-sailen prezioek zeresan handia izan dezakete horretan, eta nekazariek ikusi dute badituztela prestatutako baserri eta esplotazioak. «Ikuiluak, adibidez, horretarako bakarrik erabil litezke», Goenagak azaldu duenez. «Nik uste uztea pentsatuta daukan jendeak hartuko lituzkeela gazteak, prest badaude bertan lan egiteko, tratuak egiteko aukera ikusten dugu».
Lehen sektorean murgiltzeko aukera ezberdinak daude. Nork berea bultzatzen du, baina badira nekeagatik edo ezinagatik eurena inori gomendatzen ez diotenak ere. Barazkigintza edo artzaintza aipatu ditu Goenagak etorkizuna izan dezaketenen artean. Une honetan behi esnearekin ere ondo dabiltzala dio. Behi okela sortzeko, ordea, izan larre behiak edo gizendegikoak, zailtasun handiak daude, baina «horrek ez du esan nahi merkatuari buelta bat ematen bazaio hemendik bi urtera bizimodua atera ezin litekeenik behi okelarekin».
Basurde izurritea
Amaitzeko, Gipuzkoan basurdeekin izan diren arazoak izan ditugu aipagai. Bueltan dira uxaldiak Aldundia eta ehiztarien artean akordioa itxi ostean. Elkarrizketatuak kontatu digunez, kosta egin da akordio minimo horretara iristea baina soluzio bakarra da, arazoa gainditu nahi badute.
Azkenaldian 2.000 eta 2.500 basurde inguru ehizatzen aritu dira eta, urte batean hori lortu bada, hurrengoan zifra hori bikoiztu edo ugaritu litekeela uste du. Kuadrilletan basoak garbitzera joatea, berriz, urruti gelditzen zaiela dio.
Aipatu izan da mendien igoera basurdea gailentzearen arrazoietako bat bezala, baina beste faktore bat da Goenagak nabarmendu duena: «basurdearen arazorik handiena gainpopulazioa da, ugalketa izugarria urte gutxian. Otadietan eta sasietan bizilekuak bilatu dituzte, baina jana dagoen lekuetara sartzen dira. Gero eta beherago, baserrietako lurretan ari dira jana bilatzen».