Zuzenean

NAIZ Irratia

«Ehiztariak ez dira ulertuak sentitu»

Asteburu honetan itzuli dira ehiza uxaldiak Gipuzkoara. Gehiago jakin nahian, NAIZ Irratian izan da Haritz Eceiza, Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzailea.

Audio_placeholder

«Ehiztariak ez dira ulertuak sentitu»

Loading player...
Gipuzkoako baso-gune baten artxiboko argazkia.
Gipuzkoako baso-gune baten artxiboko argazkia. (Juan Carlos Ruiz | Argazki Press)

Oraindik ez dute ehizatu denaren datu zehatzik, kuadrilla bakoitzak sartu beharko ditu datuak aplikazioan: zenbat basurde ikusi dituzten, arrak edo emeak diren etabar.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako akordioaren emaitza bezala itzuli dira uxaldiak. Horren baitan, ehiza nola egin adostu da, eta legeak jartzen dituen baldintza horiek nola bateratu beharrezko segurtasunarekin.

Haritz Eceizak zehaztu digunez, «segurtasunarekin zerikusia dutenak» dira batik bat garatu direnak, beste ezbeharrik gerta ez dadin; bai ehiztariekiko, baita mendiko gainontzeko erabiltzaileekiko ere.

Besteak beste, «eremuaren seinalizazioa areagotu da, aplikazioan alta emanda edozein herritarrek ikusi ahalko du non eta noiz hasiko diren uxaldiak, denek eraman beharko dituzte txalekoak eta tiroaren noranzkoa ondo jakin beharko du ehiztari bakoitzak».

Izan ere, azkenaldian ez da uxaldirik egon Deban etxean zen emakume bat tiro galdu baten ondorioz hil zelako. 22 espediente eragin zituen horrek.

Buruhausteak, izurritearen ondorio

Baserritarrak kexu dira basurde izurritea dela eta. Eceizak zehaztu du egoera ez dela inorentzat atsegina, eta ehiztariak zein gainontzeko arduradunak ez direla «ulertuak» sentitu.

Federazioko ordezkari gisa egiten duen aldarrikapena da, haien ardurak kontuan izanda, ez zirela baldintzak ematen ehiza hori modu seguru batean egiteko, distantziekiko adibidez. Legeak segurtasun eremu horiek izendatzen zituen gainazaleko ura edo errepide publikoak kontuan hartuta, eta esaten zuen Aldundiek orografia ere aintzat hartuta zehaztu beharko zela eremu horietan armen erabilera.

Ehiza faltak basurdeak lasai ibiltzea eragin du, eta talde handiak elkartzea, horrek dakartzan kalteekin. Ondorioz, «tentsio, presio eta haserre egoera» sortu da bi sektoreen artean.

Ehiztari kuadrillen antolakuntzarik ezari buruz, berriz, dio Eceizak puntualki egin izan direla garbiketak baina ez modu sistematiko batean. Mendia garbitzeak denbora eta dirua suposatzen du, eta ehiztariek «iraila eta apirila arteko asteburu gehienak ematen dituzte ehizan», denboraldia aurrera doan heinean nekatuta amaitzen dutelarik. Hala, «eginbehar bilakatzen da, zaletasun ordez».

Egoera honek gaueko ezkutuko ehiza edota lazoen ezarpena ekarri ditu. Federaziotik iritsi izan zaie berririk hainbat arduradunen ahotik, basurdeak hilik agertu izan direla eremu desberdinetan.

Jaurlaritza Logoa