Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Lander Garcia
‘Euskal kantu errebeldeak’ liburuaren egilea (Euskal Memoria)

«Kantua ondare kultural bat da eta herrialde zapalduetan borroka eta transmisio tresna ere bai»

Euskal Memoriak ‘Euskal kantu errebeldeak’ lana kaleratu du, herri honetan izan diren borroken soinu-banda biltzen dituzten kantak bilduz. NAIZ Irratian Lander Garciak egitasmo honen berri eman du.

Audio_placeholder

«Kantua ondare kultural bat da eta herrialde zapalduetan borroka eta transmisio tresna ere bai»

Loading player...
Lander Garcia, bere lanarekin.
Lander Garcia, bere lanarekin. (Raul Bogajo | Foku)

Euskal Memoriako Lander Garciak Euskal Herrian borroka ugarirekin iltzatuak diren kanten bilduma den ‘Euskal kanta errebeldea’ lanaren berri eman du ostiral honetan NAIZ Irratian.

«Kantua eta musika ondare kultural bat da eta herrialde zapalduetan borroka tresna eta transmisio tresna ere bertsio ofizialaren kontra aritzeko eta herri gisa bizirik irauteko, herriaren kronika ere bada», azaldu du Garciak.

«Euskal Herrian nahiko ebidentea da, musika herri tresna da mundu mailan eta askapen prozesuetan eta prozesu iraultzaileetan beti egongo da soinu banda bat. Garaiapenak, porrotak, ideiak eta aldarrikapenak zabaltzeko tresna da musika. Euskal Herrian garrantzi handia hartu du musikak».

«Urte askotan herria aldarrikatzeko edo euskara erabiltzeko zailtasunak zirenean musikak berebiziko garrantzia hartu zuen»

Urte askotan herria aldarrikatzeko edo euskara erabiltzeko zailtasunak edo debekuak zirenean musikak berebiziko garrantzia hartzen duela nabarmentzen du Garciak. «Errepresioa musikan iltzatuta geratzen da, gure biktimak, Estatuak egindako sarraskiak, … guzti hori iltzatuta geratzen da», azaldu du.

Borroka anitzak

Euskal Memoriak hamarkadetan kantuarekin lotura dituzten kantu horiek jaso ditu, borroka feminista, ekologismoa, elkartasun internazionalista, errepresioaren kontrako abestiak, ereserkiak, euskara, hildako militanteak, intsumisioa, tortura, presoak eta abar luze bat bilduz. Aldez aurretik pegatinak eta muralen bilduma egin ondoren, kantekin antzeko zerbait egin behar zela ikusi zuten.

«Euskal gatazkaren negazionismoa badago, gatazka politiko eta armatuaren desitxuraketa. Sektore politiko batzuetan ‘teoria’-tzat jotzen dute. Nola azaldu daiteke gatazka? Lan honetan 700 kanta biltzen dira eta badakigu lagin bat baino ez dela. Oraintxe bertan Euskal Herrian norbait egongo da kanta politiko bat egiten. Nola ulertu daiteke hau gatazka politikorik edo askapen mugimendurik ez badago? Nola ulertu daiteke hildako militanteak gogoratzeko ehun kanta baino gehiago izatea? Edo tortura salatzeko hainbeste kanta izatea?», azaldu du Garciak.

«Euskal kantu errebelde bat badago eta desideologizazio eta ukazio horren kontra doan errealitate bat da. Hori da liburuaren mezua».

Lan mardula da, «gure historia politikoaren entziklopedia musikala» gisa definitzen du Garciak, memoria jarduera ere badela nabarmenduz. «Kanta bat gure errealitatearen kronikatxo bat da, gure bizitza politikoaren pasarteak kontatzen dira, gertatu dena salatzen da. Horrek historia musikal bat osatzen du eta hori memoria egitea da».

Irlandara begira

‘Euskal kantu errebeldea’ titulua Irlandara begira egin da. «Irlandan bada genero bat, Rebel Songs deitzen dena, Irlandako askapen prozesuan egindako borrokak kontatzen duena, gehienak folk-rock gisan. Mugimendu errepublikanoaren historia eta ideologia kontatzen dute musikaren bitartez», azaldu du.

Irlandarekin ez ezik Euskal Herriko kantariek Txile eta Argentinara begira izan dira kantuen bidez elkartasun internazionalista eraikiz. «Azken finean gauza berdinari kantatzen zioten, askatasunari, elkartasunari, errepresioa salatzeri». Euskal Herritik kanpora eta kanpotik Euskal Herrira doan bidea da. «Zoritxarrez, errepresio unibertsala da; zorionez, elkartasuna bada, baita musikaren bitartez ere».

«Irlandan Rebel Songs-ak genero batean kokatzen badira, Euskal Herrian, berriz, kantu errebeldeak anitzagoak dira generoari dagokionean. Heavy metal, ska, trikitixa, rock, reggae, kantautoreak...»

Irlandan Rebel Songs-ak genero batean kokatzen badira, Euskal Herrian, berriz, kantu errebeldeak anitzagoak dira generoari dagokionean. Su Ta Gar-en heavy metal-a, ska doinuak eta trikitixan oinarrituriko doinu tradizionalak topatu ahal dira, rock-a, reggae-a edo kantatutoreak ahaztu gabe.

Kanta batzuk kronistaren lana egiten dute, urteak pasa ahala memoria lana egiten dute kantek. Horrela gertatu zen Mikel Zabalzaren kasuan, Kortatuk 1985ean egin zuen abestiarekin eta Raimundo el Canasterok berriki egin duenarekin. Jende askok gertatutakoaren berri kantuaren bitartez izan du. Garciaren kasuan horrela gertatu zen Pasaiako badiko sarraskiarekin eta Barricadaren kantuarekin.

Jaurlaritza Logoa