

Zuzenean 02:00h - 04:00h
MusikHaria (Errepikapena)
04:00h - 05:00h
Beste Bat
05:00h - 07:00h
Euskal klasikoak

Ipuinak kontatzeko artea belaunaldiz belaunaldi transmititu da gure herrian, eta istorio horietan gure kultura, baloreak eta irudimena islatzen dira. 'HALA BAZAN ipuinak' podcastean euskal ondareko 40 ipuin bildu ditugu sei kontalarirekin: Ander Edo, Ane Gebara, Dorleta Kortazar, Joxemari Carrere, Amaia Elizagoien eta Ixabel Agirresarobe.
'HALA BAZAN ipuinak' Spotify plataforman daude entzungai, eta NAIZeko Youtube kanalean ikusgai. Horretaz gain, NAIZ irratiko webgunean ere eskuragai daude lehen denboraldiko berrogei ipuinak, eta noski, FM eta streaming bidez zabalduko ditugu: Astebururo bi ipuin, larunbat eta igande, goizeko albistegia amaitua (09:30ak aldera) ipuinen ordua izanen da NAIZ irratian.
'HALA BAZAN ipuinak'-eko lehen denboraldian, Euskal Herriko ipuin tradizionalak bildu dira. Kontalari bakoitzak bere estilo eta ahots bakarrarekin kontatu ditu aspaldiko ipuinok, horietako asko, berriki berreskuratuak. Ander Edo, Amaia Elizagoien, Ane Gebara, Joxemari Carrere, Dorleta Kortazar eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariek hartu dute parte podcasteko lehen denboraldian. Agirresarobek Zebrabidea saioan azaldu du kontalari bakoitzak bere ukitua ematen dioa beti ipuin bakoitzari: «Norberak beti kontatzen du beretik, ipuin-kontalariak kontakizuna egiterako garaiak bere bihurtu behar du ipuina».
‘Tartalo’-tik ’Ni Neu Naiz’-era
Euskal Herriko ipuin tradizionalak dira lehen denboraldian bildutako ipuinak, tartean daude ipuin mitologikoak: 'Tartalo', 'Galtzagorriak' edota 'Basajaun'; Kondairak: 'Atxorrotxeko kondaira' eta noski, baita ahoz-aho transmititu diren gertaerak ere, horietako asko JM. Barandiaranek bildutakoak: Makilakixki, 'Hire arima niretzat' Joaquin Jimenezek Araban jasotakoak 'Sorginaren ukendua', Jean Barbierrenak: 'Azeria eta jaun kapitaina', edota Jean-François Cerquandek Euskal Herrian bildutakoak: Zapatariaren alaba bizkorra. Badira, berriki bildutako ipuinak ere, 2024an argia ikusi zuen 'Eskoriatza eta Gatzagako betiko ipuinek' proiektuko aleak kontatu ditu Dorleta Kortazarrek: 'Ni Neu Naiz' edo 'Gaba gabekoendako'.
Ipuinak ez dira soilik umeen gozagarri
«Oker dago ipuinak soilik etxeko txikienentzako direla uste duenak», hala dio Ixabel Agirresarobe ipuin-kontalariek. Txikiek gozatzen dute, noski, baina baita nerabe eta helduek ere. «Kontatzen ditugun ipuinetan maiz protagonistak nerabezaroan dauden pertsonak dira. Horregatik identifikatuak sentitzen dira adin hori dutenak, edo helduagoak direnak». Ipuinak eta pasadizoak ahoz aho pasa dira belaunaldiz belaunaldi, orain baina, ipuinak umeentzako aisialdi direlaren ustea zabaldu da Agirresaroberen aburuz. Beraz, ume, gazte zein helduek hartuko dute gozatua 'HALA BAZAN ipuinak' podcastarekin.