Zuzenean

Ostegun honetan (hilak 30) greba egun berria dute Nafarroako Hezkuntza Publikoan. Azken orduko aldaketa batzuk izan eta langileekin adostutako aldarrikapen batzuk kanpora utzi arren, Hezkuntza Sailarekin hitzarmena sinatu zuten duela hilabete batzuk UGT, AFAPNA eta ANPE sindikatuek. Borrokarekin eta lanuzteekin jarraitzea erabaki dute ordea, LAB, ELA, CCOO eta Steilas sindikatuek. 14 puntuko akordioa da Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri zuena. Horietako batzuk ordean, konpromisoak edota analisirako borondatea dakarte; alegia ez direla neurri zehatzak.
Steilaseko ordezkari den Ane Apezetxea Naiz Irratian izan da, euren aldarrikapen nagusiek ratioekin eta baliabideekin zerikusia dutela azaltzeko. «Ratioak jaitsi bai, baina marra gorri batekin. Errepikatzaileak ez dira zenbatuko. 23 ikasleko gelara batera etortzen bada errepikatzaile bat, ez du kontatzen. orduan 24 ikasleko ratioa izango litzateke. Hori bai izan zela inork onartuko ez genuen marra gorria; hala ere batzuk sinatu dute akordioa» adierazi du Apezetxeak.
Steilas sindikatuko ordezkariak dionez, negoziazio honetan eurak borondatea erakutsi dute, adibidez, %15era arteko eros ahalmena onartuz hurrengo lan hitzarmenean. Negoziazioaren egoeraren erantzule nagusia, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria bera dela berretsi du Apezetxeak, «prestutasuna behar da (hitzarmen akordio batera heltzeko) eta hori da sail honi falta zaiona».