Zuzenean

Asteazkenean beira ekoizteko balio duen labe erraldoiaren hozte eta itzaltze lanak abiatu zituen Guardian enpresako zuzendaritzak, Laudioko lantegiko jarduera gelditzeko lehen urratsa, enpresa batzordeak prozesu horren arriskuak salatu eta lantegia gaur egun bideragarria dela ziurtatu arren. Beste enpresa batzuk ixteko aurrekari izan daitekeen prozesu bizkor honek zera utzi du agerian LAB sindikatuko Aiaraldeko industria arduradun Maddalen Muguruzak dionez: «Argi dagoena da multinazionalen interesak jartzen ari direla langileen aurretik».
Azkenean, labearen itzaltzea abiatu denez, ostegun honetarako deituta zuten greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute Guardian Glass enpresako langileek, eta «oso mingarria» izango den tartea zabalduko zaie. «Derrigortuta» izango dira langileak, Muguruzaren arabera, labe horren eta beste azpiegitura batzuen itzaltze eta etete lanetan parte hartzera, 171 beharginak kale gorrian utziko dituen Enplegu Erregulazio Espedienta martxan jarri arte.
Gogora ekarri behar da, iaz Glavista Guardianen filiala ere itxi zutela. Kasu hartan bazeuden inbertsoreak jarduerari jarraipena emateko prest, baina ez zen gauzatu Guardianek ez zuelako bere jabetzakoa zen lursail bat saldu. Zentzu honetan, aurrekariek erakutsi dutenari jarraiki «ezin da Guardianen fede onean bakarrik sinetsi», Maddalek Muguruzak ohartarazi duenez.
Langileen etorkizuna
Asteartean gertatutakoak, «amaieraren hasiera» suposatzen duela berretsita, LABeko industria ordezkariak bi gakotan egin du azpimarra. Lehena, itxiera saihesteko alternatiba oro oztopatzeko enpresak baliatu dituen zalantzazko arrazoiak (labe famatu horren matxura ustez konponezina), eta prozesua bera burutzeko izandako denbora tarte laburra. «Hemen gertatzen ari dena da astearte arratsaldean hartzen dela bi aldeen erabaki bat (zuzendaritza eta Lakua), enpresa batzordearekin kontrastatu gabe eta jardueraren jarraipena bermatuko duen akordio bat izan gabe. Guretzat hori arduragabekeria izan da».
Bestalde, Lakuak jokatu duen paperarekin ere kexu dira, batez ere gardentasunik ez duelako izan langileekin. Muguruzak dionez, «guk dakiguna da Eusko Jaurlaritzak prentsari azaltzen diona, ez gehiago, ez gutxiago». Zuzendaritzari presiorik ez, baizik eta proposatu zutena ezbaian jarri gabe onartu zutela kritikatuz, erakunde publikoek aipatu dituzten inbertsoreen berri izateko zain jarraitzen dute Guardianeko langileek. «Ez dakiguna da 171 langileren enpleguak bermatuko ahalko diren ala ez. Gaur gaurkoz dakiguna da ezetz».