

Zuzenean 14:00h - 15:00h
Bideokluba
15:00h - 16:00h
Beste Bat
16:00h - 17:00h
Otea lili
«Eskola Kirola sistema solidario bakarra da, anitza eta emaitzen gainetik dagoena»
EAEko Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez Gipuzkoan kirol klub batean aritu nahi duten umeek Eskola Kirola programan ere parte hartu behar izatea ez da bidezkoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea iragarri du. NAIZ Irratian izan da Goizane Alvarez, Foru Aldundiko kirol, gazteria eta kultura diputatua.

«Eskola Kirola sistema solidario bakarra da, anitza eta emaitzen gainetik dagoena»

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman duen epaiaren arabera, 13 urtetik beherako gazteek ez dute ikastetxeetan eskola kirola egin beharko kirol-klubetan izena eman ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak iragarri du dagoeneko helegitea aurkeztuko duela.
Ezbaian gelditu da, beraz, Eskola Kirola programaren etorkizuna. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol, gazteria eta kultura diputatua den Goizane Alvarezek NAIZ Irratian zehaztu du «auzitegiak hartu duen erabakia atzera botatzeko esperantza» dutela. «Sistema solidario bakarra da Eskola Kirola, anitza, eta lehenengo urteetan psikomotrizitatea lantzen duen bakarra».
Auzitegi Nagusiak iritziz aldatzen ez badu, eta klub batetan sartzeko «multikirola» delakoa egitea derrigorrezkoa ez bada, «behintzat familiek, eskolek eta klubek lehenetsiko duten aukera izatea bultzatu beharko genuke, baina ez dugu bermerik», esan du.
Alde batetik, Alvarezek argi du «espezializazio goiztiarra ekidin» egin behar dela, «kalteak sortzen dituelako osasunean, kirola praktikatzeko ohiturak sortzeko momentuan, eta oro har, pertsonaren garapenean».
Bestetik, kirol lehiaketa klasikoak bizitzeko molde toxikoekin «guztiz» lotuta dagoela dio Goizane Alvarezek. Uste du «emaitzari eta lorpenei» lotuta daudela kirol klubak, eta indarkeria ere «askoz gehiago normalizatzen» dugula kirol eremuan bizitzan baino. Klubetan «praktikaren edo teknikaren ikasketan» oinarritzen dira, eta Alvarezen ustez «akaso landu daiteke beraiekin kirol hastapena beste modu batera egitea», baina uste du gaur gaurkoz garrantzitsuena kirol hori eskola eremuan egitea dela garrantzitsuena, beste balio eta gaitasunak trebatzen direlako. «Eskola Kirola hezitzailea behar du izan eta horretarako oso garrantzitsua da zein eremutan egiten den», argudiatu du.
Gatazka hau Donostiako Askatuak saskibaloi taldean jokatu nahi zuen neska baten gurasoek hasitako prozesutik dator. Alabak taldean sartu nahi zuen, baina Eskola Kirolean aritzean saskibaloia ez zen beste kirolekin ez zuen ondo pasatzen. Hori ikusita, Gipuzkoako Aldundian eskaera egin zuten gurasoek.
Hain justu, Askatuak-eko presidentea den Iñaki Almandozek jaso du aurtengo Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina. Alvarezek kontatu duenez, ez du gaiaz Almandozekin hitz egin, baina ez du uste taldeak berak zerikusirik izan duenik. «Guraso batek eman zuen pausoa eta horrela bukatu dugu, eta orain ikusiko dugu nola lortu dezakegun sistema berdintzaile eta orekatu bat mantentzea», aipatu du.
Kuota
Ikasleek ordaintzen dituzten kuotei dagokionez, bestalde, alde nabaria omen dago multikirolaren kostuan zonalde batetik bestera. Kirol diputatuak argitu du ikerketa bat hasi zutela kurtso hasieran «kuotak armonizatu eta eredua leku guztietan baldintza berdintsuetan garatzeko» borondatearekin. «Ikerketako lehenengo datuek diotenaren arabera urteko bataz bestekoa 40 euroren eta 150 euroren artekoa da».
Hala ere, muturreko kasuak badaude. Adibidez, Beasainen ikastetxe batean hilean 4 euro ordaintzen dituzte eta Donostiako beste batean hilean 40. Donostiako kasua zer gertatzen ari den «aztertu» beharko zutela esan du Alvarezek. Ikastetxe batzuek, Guraso Elkartearen kuotarekin egiten diote aurre gastu horri, eta horregatik hilabeteko kuota baxuagoa da. Beste kasu batzuetan bolondresak dira eskola kirola irakasten dutenak.
Hori ere bada ikerketa horrek lantzen duen beste gaietako bat: nolakoa izan behar den perfila Eskola Kirolaren baitan. Alvarezek aipatu du azken urteetan diru laguntzen bidez «profesionalizatzeko» saiakera egin dutela. «Pixkanaka hori armonizatzen joatea da gure apustua, beti ere boluntarioak beraien nortasunaren parte direla sentitzen duten ikastetxe horiek errespetatuz».