Zuzenean
'Inorenak ez diren lurretan' dabiltza bandoleroak bezala Bidelapurrak taldekoak. Horixe da 2024an argitaratu zuten hirugarren diskoaren izena eta country, folk eta amerikanatik edanda datoz sei urteko lehortearen ostean kaleratu duten lanean.
«Kantu batzuk badituzte sei urte eta beste batzuk duela gutxi sortuak dira. Pandemiak kontzertu bolada eten zigun eta urtetan elkartu gabe egon ginen» aitortu digute.
12 kantu jaso dituzte lan berrian Anderrek, Ekaitzek, Gorkak, Iratik eta Jonek eta jakin badakigu, jendaurrean aurkezteko aukera ere izan dutela. Arrazoia misil noiz bihurtu ote geninan galdetzen dute besteren artean, errima zorrotzekin findutako letretan. «Letrak egiterakoan musika erabiltzen dugu erreferentzia modura. Musikari hitz egiten uzten diogu eta gero etortzen da letra; hizkuntza tresna egokia izan daiteke horretarako».
Disko honek dakarrenaz eta oro har, taldeaz aritzeko gurean izan dira Ander Solozabal Kortabarria eta Ekaitz Aranberri Zezeaga.