Zuzenean
«Garrantzitsua da euskarazko espazioak egunerokotasun eta testuinguru ezberdinetan bermatzea»
NAIZ Irratian izan den Beñat Garaio soziolinguistak euskal eskola eleaniztunaren eraginkortasuna aztertu du bi ikastetxe publikotan. Doktorego tesiari jarraipena emanez, euskararen biziberritzea eta hizkuntzen jabekuntza izan ditu ikergai nagusi.

«Garrantzitsua da euskarazko espazioak egunerokotasun eta testuinguru ezberdinetan bermatzea»

Gasteizko D ereduko bi ikastetxe publiko izan ditu Beñat Garaio soziolinguistak aztergai euskal eskola eleaniztunaren eraginkortasuna neurtzeko helburuarekin. Hizkuntza jarreren eta ahozko euskarazko gaitasuna izan dira aztertu dituen alor zehatzak. Lehenengoari dagokionez, Garaiok azaldu du «euskararen biziberritzearekiko jarrera onak» ondorioztatu dituela eta, bestalde, «beraien mailari dagokien euskarazko ahozko maila» dutela ikasleek.
Hizkuntza jarrerak ikertzeko orduan «antzeko testuinguruetan» egindako galdetegiak erabili ditu Beñat Garaiok, «komeni izaten baita orain arte egindakoez baliatzea, hutsetik ez hastea eta dagoenari jarraipena ematea». Jarrera «eguneroko lana» dela uste du soziolinguistak. «Hizkuntza jarrera horiek onak izatea eskola komunitateak nortasunean txertatzearen eta lehentasuna izatearen ondorioa da».
Galdetegien erantzunak begiratuta, «ikasleen testuingurua erdalduna izan arren eta egunerokoan euskara oso gutxi erabili arren, oso gertuko hizkuntza» dela ikusten dela nabarmendu du Garaiok. «Horren atzean dago ikasgelak anitzak izatea, etxean euskaraz egiten duten familiak egotea, konpromisoa dutenak euskara biziberritzeko. Horrela ikasleek hizkuntza bizirik dagoela ezagutzeko aukera izaten dute, beraiena ere badela».
Babes eremu
«Eskola babes eremua da euskararentzat», dio Beñat Garaiok, eta ikasle askorentzat eskola dela euskararekin lotura izango duten gune bakarra. Hortaz, «horrelako espazioak zaindu egin behar» dira. Adibide konkretu bat jarri du tesia ulertarazteko: «Ikasturte amaieran ikasleak beraien arten agurtzen ari zirela kontatzen zidaten batzuk oporraldian ez zutela izango ikaskideekin egoteko aukerarik, horrenbestez, euskaraz hitz egiteko ere ez». Garaiok argi du «euskaraz hitz egiteko espazioak egunerokotasunean eta testuinguru ezberdinetan daudela bermatzeak berebiziko garrantzia» duela.
Ipuinak
Beñat Garaioren ikerketa taldeak aspalditik martxan duen lerroetako bat da ipuin kontakizunena. Metodologia hau erabiltzen dute eguneroko elkarrekintza komunikatibo batean «hizkuntza landu eta gaitasuna neurtzeko». «Mattin Zaku ipuinaren eredu bat ematen nien, testurik gabe, marrazkiz bakarrik baliatuta eta gero beraiek kontatzen zuten». Hor ikusi omen zuen Garaiok, ikasleen etxeko hizkuntza edozein izanda ere, gai zirela eskatzen zieten ipuin hori kontatzeko.
Horrekin erakusten da, soziolinguista honen iritziz, «euskal eskolek gaitasuna dutela, baldintza okerragoetan egonda ere, euskara irakasteko».