Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Amaia Fontang
Etorkinekin Diakite Federazioko bozeramailea

«Auzi hau Europaren eta Estatu frantsesaren migrazio politikak salatzeko baliatuko dugu»

Datorren asteartean izango da 36 migratzaileri Santiago zubia gurutzatzen lagundu zieten zazpi ekintzaileen aurkako epaiketa. ‘J'accuse’ kanpainaren barruan, manifestazioa egingo dute igande honetan Irun eta Hendaia artean hainbat herrialderen politika «antimigratorioak» salatzeko.

Audio_placeholder

«Auzi hau Europaren eta Estatu frantsesaren migrazio politikak salatzeko baliatuko dugu»

Loading player...
 Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzeko ekintzaren epaiketaren inguruko dinamikaren aurkezpena
Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzeko ekintzaren epaiketaren inguruko dinamikaren aurkezpena (Andoni Canellada | Foku)

Korrikaren azken edizioan, 2024ko martxoan, 36 migratzaileri Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubia gurutzatzen lagundu zietelako epaituak izango diren zazpi ekintzaile babesteko manifestazioa izango da igande honetan bi herri horien artean. Dagoeneko mila autoinkulpazio jaso dituzte. Honen ingurukoez aritu da NAIZ Irratian Amaia Fontang, Etorkinekin Diakite Federazioko bozeramailea.

Azaldu duenez, igandeko manifestazioa barne hartzen duen ‘J'accuse’ kanpaina «tribuna» bat da Europako politika, Europako herriak, Gobernu frantsesa eta hauek aurrera eramaten dituzten politika migratorioak –«antimigratorioak» migratzaileen aldeko kolektiboen aburuz– salatzeko. Bide batez, Euskal Herria «harrera herria dela erakusteko» aukera dela uste dute.

Gobernu frantsesaren politikak ‘Vigipirate’ izeneko «terrorismoaren» aurkako neurrien barruan daude. Amaia Fontangentzat, aldiz, «terrorismoaren» aurka egitea «aitzakia» baino ez da mugak ixteko eta horrela migratzaileen aurka egiteko.

Mugetako gaur egungo egoerari erreparatuz, «ez da aldaketarik egon», deitoratu du Diakite federazioaren bozeramaileak. Azaldu duenez, «ez da dudarik» azalaren kolorearen araberakoak direla muga gurutzatzen dutenei kontrolak egiteko irizpideak. Hala ikusi dute kolektibo desberdinek mugetan egiten dituzten behaketetan, hain zuzen.

Migratzaileen aurka ez ezik, ekintzaileen kontra egiten jarraitzen dutela gaineratu du Fontangek, autoak gelditzen, esaterako. «Gorputz errepresibo guztiak hor dira, Jendarmeria, Armada, Polizia nazionala...», deitoratu du elkarrizketatuak.

Egoera gorabehera, hainbat atxikimendu jaso dituzte manifestazioaren alde. Amaia Fontangen hitzetan, «biziki hunkituak gaude kanpoko atxikimenduak jaso ditugulako, mugetan ari diren beste elkarteetakoak eta kanpoko hainbat pertsona ezagunenak». Berarentzat, baina, Euskal Herrikoak garrantzitsuagoak dira, izan ere, «harrera herria garela erakusten dutelako».

Jaurlaritza Logoa