Zuzenean

Zaloa Badiola - Oihana Azkue
Elkarrizketa
Markos Zapiain
'Txillardegi hizkuntzalari' liburuaren egilea

«Hizkuntzalaria baino askoz gehiago izan zen Txillardegi»

Markos Zapiainek 'Txilardegi hizkuntzalari' saiakera liburua argitaratu du Elkar etxearen eskutik. Sakona, zabala eta askotarikoa izan da Txilardegiren obra eta pentsamendua, baina batik bat hizkuntzalaritzan egindako ekarpenak jaso ditu bertan. Honen ingurukoez aritu da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Hizkuntzalaria baino askoz gehiago izan zen Txillardegi»

Loading player...
Markos Zapiain, 'Txillardegi hizkuntzalari' liburuaren aurkezpenean
Markos Zapiain, 'Txillardegi hizkuntzalari' liburuaren aurkezpenean (Gorka Rubio | Foku)

Markos Zapiain euskal idazle eta filosofoak eraman du Jose Luis Alvarez Emparantza ‘Txillardegi’k egindako ekarpena eta bizitza saiakera liburura. Filosofiaren historia irakasgaiaren programazioan aldaketak eman direla eta autore berrian sartu dituzte, tartean Txillardegi. Zapiainek azaldu du «Hezkuntza Sailak zenbait Agorakide (filosofia elkarte bat da Agora) liberatu» zituztela materiala prestatzeko, «ez baitago Txillardegiren inguruko material gehiegirik». Horren emaitza da ‘Txillardegi hizkuntzalari’.

Zabalpenari dagokionez Txillardegiren figura eta ikuspuntua «nahiko murritza» izan dela iruditzen zaio Markos Zapiaini, «bere alde abertzale eta euskaltzalera» mugatu izan dela. Hizkuntzalaria baino «askoz gehiago» izan omen baitzen Txillardegi, «antropologian, biologian, psikoanalisian...» ere egin zuen bere ekarpena.

Liburua hiru ataletan banatu du Zapiainek, Txillardegik berak, UZEIren hizkuntzalaritza hiztegiaren arduradun gisa, artikuluak sailkatzeko erabili zuen irizpide berari jarraituta. «Berak hori egin bazuen aitzakia polita neukan liburua horrela egituratzeko». Hizkuntzalaritza orokorra alde batetik, bestetik euskararen problematika berezia eta azkenik biografia.

Hizkuntzatasuna

Liburuaren lehenengo atalak hizkuntzatasunaz diardu, Txillardegik berak sortutako terminoa.  «Gizakiak egiten duen guztia hizkuntza bihurtzen» duela zehaztu du Markos Zapiainek, Txillardegiren teoriari jarraiki. Gakoetako bat da «estrukturamena» kontzeptuaren edota «estrukturagile imkontzientearena». Jackes Lacan psikoanalistak esandakoa jaso zuen Txillardegik eta hala ekarri du Zapiainek liburura ere: «Gizakiok topatzen dugu kaos bat berez mundura gatozenean, eta mapak, ordena, antolamendua behar dugu; gure baitan badago estrukturagile inkontziente bat guztia bihurtzen duena zeinu hizkuntza, ametsak, hizkuntza bera, totemismoa, mitoak…»

«Genetikoki ere idatzita gaude». Txillardegi gehien arritu omen zuena ekarri du haren liburuaren idazleak. Izan ere, «genoma testu bat» dela azaldu du, «artikulatuta dago eta badauzka elementu minimo batzuk artikulatuta ez daudenak, giza hizkuntzarekin alderatuta fonemak bezala, esanahirik ez dutenak: B, F, U.... Baina horiek artikulatuta sortzen dira monemak: ‘buru’ bezalako hitzak. Genomek berdin funtzionatzen dute». Nabarmendu du Txillardegik beti jotzen zuela «kanpoko ugaritasun, ulergaitz, amorfoaren azpiko estruktura matematikoa harrapatzera».

Euskal estatua

Bigarren atalak euskararen problematika berezia nabarmentzen du, euskara salbatzeko Txillardegik proposaturiko bidea. Besteak beste, «bere tresna guztiak euskararen biziraupenaren alde jarriko dituen euskal estatu bat sortzea». Markos Zapiainek kontatu du «historiaren azterketa zorrotz batetik» atera zuela teoria. «Bere ondorioa izan zen estatuaren jabe egiten diren hizkuntzak biziraun egiten dutela eta besteek ez». Txillardegik berak esana da, «estatu bat izanda baliteke euskara galtzea, baina estaturik gabe euskararen desagerpena gauza ziurra da».

Hizkuntza eta pentsamenduaren arteko loturan ere asko sakondu zuen. Hortik bere formula labur bezain esanguratsua: «euskarak egiten gaitu euskaldun». Markos Zapiainen ustez esaldi horrek apurtu egiten du «euskalduntasunaren funtsean arraza edo abizena jarri izan duen tradizio zabalarekin». «Txillardegiren arabera egon daiteke Sudanen ‘Bakarka’ren bitartez ordenagailuan euskara ikasten duen norbait eta hori euskalduna izango da. 37 abizen euskaldun dituen bizkaitar edo gipuzkoar bat agian ez».

Militantzia

Txillardegik bere bizitza lan militanteari eman ziola kontatu du Markos Zapiainek liburuan, eta hirugarren atala horri loturikoa da. Bere biografia «euskara ardatz hartuta». Oso bizitza «poliedrikoa» izan zuela kontatu du idazleak. Hizkuntzalaritzan zein zientzia eta matematiken esparruan, artean, politikan, pentsamendu filosofikoan… Oso arlo ezberdinetan nabarmendu zen pertsona izan zen, baina hizkuntza, euskara, izan zuen ardatz bizitza osoan.

‘Txillardegi hizkuntzalari’ saiakeraren idazleak aitortu du berarenganako izan duen miresmena areagotu egin dela liburua idaztearekin batera. «Ezustekoa izan da zelako alorrak jorratu zituen ikertzea». Azpimarratu nahi izan du «gero eta autore gehiago ditugula eskura Internetari esker» eta «iraganak ezusteko handiagoak emango dizkigula etorkizunak baino».

Jaurlaritza Logoa