Zuzenean
«Politikagintza, gobernantza eredua, aldatzera dator EH Bildu eta etxetik hasi behar gara»
EH Bildurentzat bi ganberako zuzendaritza sistema proposatu dute: mahai politikoa eta idazkaritza. Alderdiak hirugarren kongresua burutuko du otsailaren 6a eta 8a bitartean. Arnaldo Otegi proposatu dute EH Bilduren idazkari orokorra izan dadin. Guzti honetaz gehiago jakiteko izan da NAIZ Irratian.
«Politikagintza, gobernantza eredua, aldatzera dator EH Bildu eta etxetik hasi behar gara»

Igande honetan jakin dira EH Bilduren Hego Euskal Herriko Mahai Politiko berria osatzeko proposatutako 37 pertsonak. Otsailaren 8an amaituko den alderdiaren hirugarren kongresuaren baitan kokatzen den prozesuaren emaitzetako bat da hau. Arnaldo Otegi proposatu dute EH Bilduren idazkari orokorra izateko. Azken urteetako balorazioa egite aldera aipatu du «Euskal Herriko politikagintza hainbat alorretan aldatzea» lortu duela alderdiak.
Beste proposamenetako bat da idazkaritzak pisu handiagoa izatea. Otegik azaldu du nahiz eta epe luzerako erronkak egon badauden, «egunerokotasunak askotan erabakiak ahalik eta azkarren hartzera behartzen zaituela». Mahai politikoa bi hilabetero batuko da eta horrek zenbait gai «patxada gehiagorekin» lantzea ahalbidetuko omen du. Mahai iraunkorrak, ordea, «gai eta eztabaida horiei uko egin gabe, egunerokotasunak dakarren dikaturari aurre egin beharko die ahalik eta modu eraginkorrenean».
EH Bilduren koordinatzaile orokorrak argi du, Euskal Herria «fase politiko berri batean» dagoela eta zentzu horretan, «prestatzen» ari dela alderdi soberanista. «EH Bairen eskutik eta ezkerreko eta independentisten etxe amankomun bat eraikitzearekin batera, politikagintza aldatzera dator EH Bildu. Euskal Herriaren egoera aldatzera alor sozial eta nazionalean. Gobernantza eredua aldatzera». Eta horretarako, «etxetik hasi behar».
Hainbat eta hainbat izan dira kongresu prozesuan zehar eman diren eztabaida eta emendakinak. Dena dela, ponentzia politikoan defendatu duten tesia nahi izan du azpimarratu Arnaldo Otegik: «proiektu nazionala jarri dugu erdian». «Ezkerreko esparru herritarra gara, baina euskaldunak. Planteamendu eta alternatiba bat daukagu, baina Euskal Herriarentzat. Feminismoa, ekologismoa, sozialismoa... euskal begietatik ikusten ditugu eta horrek ematen dio balore gehitua gure proiektu nazional eraldatzaileari».
Bideak
«Esadazu zertan ez gauden ados eta bide gutxi egingo dugu. Esadazu zertan gauden ados eta bidea egingo dugu», Tupamaroen Nazio Askapenerako Mugimenduko esaldia hartu du abiapuntutzat Otegik bidea egitearen inguruan duen iritzia mahai gaineratzeko. Bidea egiteko «printzipioak eta baloreak galdu gabe, ahalik eta gehien izan» beharraz aritu da. «Ez gaude hemen gutxiengo intentsuak artikulatzeko. Gu hemen gaude gehiengo herritarrak artikulatzeko, programa demokratiko herritar batekin».
Akordioak
Ez da EH Bildu barne prozesu bat aurrera eramaten dagoen bakarra. EAJ ere tankera berdinean dabil azken hilabeteetan eta Arnaldo Otegik izan du aukera honen inguruko zenbait hausnarketa plazaratzeko ere. «Herri honek eduki behar du ezker independentista bat eta eduki behar du zentro-eskuin abertzale soberanista bat», aipatu du. Zergatik? Esparru abertzaleak bere lekua izateko, «abertzaleen akordioak egoteko. Akordioak sakralizatu eta desakordioak dramatizatu gabe, badaude espazio amankomun batzuk non, beharrezkoa liratekeen eta arrunta izan beharko litzatekeen akordioak egotea». Hori bai, betiere gauza bat argi edukita: «ezker independentista izan dadila eskuin soberanista baino indartsuagoa».


