Zuzenean

Eli Pagola Apezetxea
Elkarrizketa
Joseba Attard
Ardi moztailea eta diseinatzailea

«Burutik kendu behar dugu latxaren artileak ez duela baliorik»

Artzainentzat arazo bilakatu da artilea edo, behinik behin, hondakin, eta, beraz, kudeatu beharreko zerbait. Soberakinak ez duela zertan zaborra izan eta, gaiaz hitz egiteko gonbidatu dugu gurera Joseba Attard ardi moztailea.

Audio_placeholder

«Burutik kendu behar dugu latxaren artileak ez duela baliorik»

Loading player...
Joseba Attard diseinatzailea da eta ardi-moztean ere aritzen da.
Joseba Attard diseinatzailea da eta ardi-moztean ere aritzen da. (Aritz Loiola | FOKU)

Euskal Herrian artzaintzara begira jartzen garenean ibilbide luzeko ofizioa ikusten dugu, nahiz eta, egun, inor gutxi kexatzen den artilezko jertseek eragindako azkuraz. Neguko kanpaina bukatuta, lasaiago dabil Attard. Lasaiago lan aldetik, hizketan hasi orduko antzematen baitzaio, beste herrialde batzuetako ereduari erreparatuta, burua martxan dabilkiela Euskal Herrian artilearekin zer egingo.

Zer gertatu da artilearekin?

Argi eta labur esanda, erabaki dugu petrolioa erabiltzea artilearen ordez. Gure arropa eta janzteko guztia artifiziala da, gehienbat: poliesterra, nylona, eta abar. Kotoia, bestela.
Egia da hemengo artilea ez dela egokiena arroparako eta prozesu nahiko berezia izaten dela hori dena garbitu eta transformatzea. Hori baino merkeagoa da, zoritxarrez, artifiziala erabiltzea.  

Nola iritsi da lehengai izatetik hondakin izatera?

Duela 30 bat urte artileak balorea zuen, pentsa, esaten da artileak Bilboko pisu bat erosteko modua ematen ziola artzainari (barreak). Gaur egun ez du lehengo baliorik eta, hori gutxi balitz, artzainek ordaindu egin behar dute ardi-moztea gain, artilea kentzearren.

Nora kentzen da artilea?

Foru Aldundiek kudeatzen dituzte biltze-puntuak eta, artile guztia jasotzen dutenean, erretzeko zentro batzuetara eramaten dute. Lehen konpostatu egiten zen baina horretara bideratutako guneek zenbait arazo izan dituzte eta batzuk itxi egin dituzte.

Eta, zergatik ordaintzearena? bada, artilea erretzeak —keak, usainak— kutsadura bat sortzen du eta, Europa mailako zuzentarauen arabera, zerga batzuk ordaindu behar dira.

Artilea kudeatzea gastu bada, aukera bat da  ardi-moztea ez egitea? Horrek arazorik ekar lezake?

Ez badugu ardi-mozterik egiten ardia hil egingo da, nahiko arin. Ardiei ilea mozten diegu   beren ongizaterako zeren, egin ezean, udaberrian eta udan batez ere, euliak sartu egiten dira eta kabi moduko bat egiten dute ile artean. Zuk kanpotik ez duzu ikusten baina barrutik euliak jaten ari dira eta ardia hil egiten da barrutik kanpora.

Euskal Herrian milioi bat ardi omen dago eta urtean, gutxienez, mozketa bat egin behar bada, artile kantitate handia da hori.

Ia 3 mila tona artile ekoizten da Euskal Herrian urtero. Ipar Euskal Herrian gehien, ondoren Nafarroan eta EAEn gutxixeago. Zerbait egin behar da artile horrekin.

Lehengai gisa errekuperatzea, artilea berriz ere balioestea da hainbat lekutan lantzen ari zaretena. Zer egin daiteke artilearekin?

Irtenbide asko daude eta munduan, are, Europan, prest daude gure artilea erosteko. Gure burutik kendu behar genuke ez duela baliorik eta gure artilea eskasa dela. Hori gezurra da.  Latxa arrazaren izena bere artiletik dator, oso latza da. Ez du balio, akaso, arroparako? bada ez, ez dauka ezaugarri interesgarririk arropan erabili ahal izateko baina Eskozian duela urte askotik egiten dutena da barruan beste geruza bat jartzea, kotoizkoa-edo, azalaren kontra egongo den zatia bigunagoa izan dadin.

Arropaz gain, beste hamaika erabilera daude. Erresuma Batuan, Txinan edo Eskandinavian asko erabiltzen dute tapizeriarako —esaterako, Londresko metroan aulkiak British Wool-ekin egindakoak izaten dira—; isolamendurako; eraikuntzarako. Ingalaterran bada Solidwool izeneko enpresa bat eta egiten dutena da artilea xehatu, bio-erretxin batekin nahastu eta moldeen bidez aulkiak, mahaiak, surf taulak eta gisako objektuak egin. Bada beste enpresa bat ere, Woolcool izenekoa eta artilea erabiltzen dute janaria eramateko paketeen isolamendurako. Beraz, pentsa ahala erabilera daude eta guri tokatzen zaiguna da burutik kentzea ez duela baliorik eta lantaldeak zein entitateak sortzea irtenbide bat egituratzeko eta komertzializatzen hasteko berriz, artzainentzat ez dadila kostu gehigarri bat izan, behintzat.

Jaurlaritza Logoa