Zuzenean

Julen Duhau / Nagore Belastegi

40 urteko historiaren ostean, Donostiako Hontza liburudenda ixtera doa

Donostiako Hontza liburudenda historikoa itxi egingo da komertzioaz arduratuko den erreleborik aurkitu ezean. Erretiro garaia heldu zaie jabeei, eta lokala salgai jartzea erabaki dute. Bitartean, zabalik jarraituko du bezeroei orain arteko zerbitzu bikain bera eskainiz.

Audio_placeholder

40 urteko historiaren ostean, Donostiako Hontza liburudenda ixtera doa

Loading player...
Jon Tatiegi, Hontza liburudendako arduraduna.
Jon Tatiegi, Hontza liburudendako arduraduna. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Okendo kalean dagoen Hontza liburudenda historikoari denbora agortzen ari zaio. 40 urteko ibilbidearen ostean, pertsiana jaisteko garaia iritsi zaio eta ez dago inor erreleboa hartzeko prest.

1982. urtean lau oñatiarrek zabaldu zuten lokala, baina hortik pare bat urteera egungo jabeek hartu zuten negozioa, ezagutzen dugun Hontza sortuz. Kale berean, lokal batzuk harantzago, zegoen duela gutxi ateak itxi zituen Tanger taberna, Donostiako beste klasiko bat. Biak, urte luzeetan zehar, Zinemaldira etortzen ziren izarren distiraren lekuko izan dira, Maria Cristina hotelaren gerizpean. Orain, Hontzaren itxierarekin batera, Donostiak distira pixka bat galduko du.

«Egun hiru jabe daude, eta ni naiz horietako baten semea –argitu du Jon Tatiegik NAIZ Irratian egindako elkarrizketan–. Beraiek egin dute lana urte luze askotan, baina orain bakarra gelditzen da lanean eta aurten jubilatzera doa. Orain arte hiru pertsonaren artean kudeatu dutenez, beste talde kudeatzaile baten beharra ikusten dugu, eta momentu honetan ez dago inor prest».

Izan ere, Tatiegik uste du horrelako denda batek taldetxo baten inplikazioa behar duela. «Horrelako negozio batek ordu asko eskatzen ditu, jakin gabe zer jasoko duzun, eta horregatik da zaila», argitu du. Lokalaren salmenta asko pentsatu gabeko erabakia izan dela esan du. «Erabaki dute lokala salgai jartzea itxiera gastuei aurre egiteko», azaldu du, eta argi utzi nahi izan du saldu arte zabalik eta normaltasunez funzionatzen jarraituko duela, eta prozesua hilabetetakoa izan daitekeela. Beraz, nahiz eta Hontza laster itxiko den, lokala edo liburudenda bera erosiko duenik agertu arte martxan jarraituko du.

Donostia, parke tematiko

Berria zabaldu zenetik jende asko joan zaie esaten pena ematen diela ixteak. «Tristura hori ere poztekoa da, ongi egindako lanaren aldarri delako, jendearen eskertza bat. Bezeroak ondo zaindu izanaren emaitza da. Hirian komertzio txiki asko ixten ari dira eta hau ere galera bat izango da», aipatu du.

Horri buruz, oso iritzi argia du Tatiegik. «Uste dut damutuko garela urteak pasa ahala», baina erreleborik gabe ez dago ezer egiterik. Hontza bezalako denden itxieren ondorioz, Donostia «parke tematiko» bihurtzen ari dela uste du elkarrizketatuak. «Kontsumo ereduei dagokionez, jendeak gero eta gehiago kontsumitzen du azalera handiko saltokietan edo online plataformetan, eta horrek eragiten du komertzio txikiak ixtea», adierazi du nahiz eta hori ez den Hontzaren itxieraren arrazoia. Zorionez, kasu honetan, hiru jabeak bertan lana egiten jubilatu ahalko dira.

Negozio txikien itxierak hiri ereduari «kalte handiak» ekarriko dizola iritzi du Tatiegik, baina baita herritarren egunerokoari ere. «Urte gutxitan ematen ari den aldaketa, berriro horri buelta ematea asko kostatzen da», azpimarratu du. Joera hori eteteko, uste du gakoa direla instituzioak, eta negozio txikiei laguntzak ematea eta enpresa handiei trabak jartzea dela konponbidea. Kontsumitzaileei dagokionez, «norberak autokritika eta barne hausnarketa egin beharko luke, bakoitzak non kontsumitzen duen kontziente izateko», esan du.

Jaurlaritza Logoa