Zuzenean

Itxaso Leon - Peli Lekuona

«Israeli buruzko begirada aldatu da Euskal Herria ere aldatu delako»

Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri ikerlari gazteek irabazi dute Tene Mujika beka, euskaldunok Israel-Palestina auziaren aurrean izan dugun bilakaera aztertzen duen proiektu batekin. NAIZ Irratian izan ditugu.

Audio_placeholder

«Israeli buruzko begirada aldatu da Euskal Herria ere aldatu delako»

Loading player...
Lander Aranberri, Tene Mujika beka jaso berri duen ikerlari gazteetako bat.
Lander Aranberri, Tene Mujika beka jaso berri duen ikerlari gazteetako bat. (NAIZ Irratia)

‘Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean’ du izenburua Lander Aranberri eta Iñaki Sagarna ikerlarien proiektuak eta bertan aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak bere espresio politiko desberdinetan nola ikusi izan duen gatazka hori, Israelgo Estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara.

Arreta berezia eman nahi zaio kultur munduari; izan ere, hebreeraren biziberritzeak lilura eta jakinmin handia sortu zituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibutzen mugimenduak ere.

NAIZ Irratian izan ditugu proiektuaren sortzaileak, eta gaurkotasunetik abiatu da solasaldia. Ezusterik ezean, igande honetan da indarrean sartzekoa Gazan su-etena, hiru fase zehaztu direlarik, eta horren balorazioa egiteko aukera hartu dute. Aranberri ezkor agertu da azken berri horiekiko, esan du ikusi beharko dela Israelek zenbaterainoko konbikzioa daukan akordio horiek errespetatzeko: «Hau ez da bi alderen arteko bataila partekatu bat, gerraz hitz egiten dugu, baina gerra aspaldi amaitu zen. Asteazkeneko irudiak hunkigarriak dira, baina ikusi beharko da Estatu Batuek erabakia hartzera behartzen duten». Ildo beretik mintzatu da Sagarna: «Bada garaia Estatu baten alde egiteko eta hori erabat aldarrikatzeko».

Kanpotik barruranzko aldaketa

Israelen eboluzio historikoa ikusi besterik ez dago, esan dutenez. Gero eta muturreko erlijioso gehiago daudela eta gero eta sionistagoa dela nabarmendu dute. Isaac Herzog, horren adibide. Bere garaian sortu zen esperantza antisionismo horrekin, baina ez dute uste orain egoera iraultzeko besteko indarrik izango denik.

Bada, hain zuzen ere, Euskal Herria eta auziarekiko begirada aztertuko dituzte Ekialde Hurbilera begira dauden Aranberrik eta Sagarnak. 1950 eta 1980 artekoak izango dituzte aztergai, baina denbora tarte horretatik at ere badago zer hausnartu. Argi dauka Lander Aranberrik: «Nazioartera begiratzea gure buruaren aurrean ispilua jartzea da».

«Askotan zer pentsatzen dugun ohartzen gara kanpora begiratzean», hausnartu du, «gure herriarentzako ona dena proiektatzen dugu». Azpimarratu du gaur egun ezinezkoa ematen duen arren, garai batean Euskal Herri moderno baterako eredutzat hartzen zuela Israel bertako erresistentziak. Orain, ordea, «begirada aldatu da Euskal Herria ere aldatu delako». Eta Iñaki Sagarnak gehitu du iritzi publikoa ere aldatu egin dela zentzu horretan: «Gaur egun Palestinaren aldeko aldarriak egin daitezke publikoki, eta gizartea bide horretatik doa, alderantziz ez da gertatzen».

Antzekotasunak abiapuntu, testuinguru nahasi batean

Kanpora begirako interes horren sorburua parekidetasunak topatzea izan liteke; XX. mende erdialdeko Euskal Herriaren errealitatea dezente desberdina zen, baita euskararen egoera bera ere.

«Adibide asko daude», azaldu dute ikerlariek, «kultura arloan Euskaltzaindiako aurpegiak eta imajinatuko ez genituzkeen izen askok eredutzat hartzen zuten Israel». Ñabartu dute 1960 eta 1970eko hamarkadetako testuinguruan garrantzi handia zeukala euskararen alfabetatzeak; izan ere, «Akademiak euskara batuaren alde egiten duenean, eredu bila hasten da». Hebreera hizkuntza ofizial eta amankomun bilakatzeko erabilitako metodologia arakatu nahi zuten garaiko euskaltzale askok.

Bilakaera linguistiko hori gauzatzeko askotariko metodologiak erabili zituzten, 1976an Imanol Berriatuak eta Xabier Kintanak, besteak beste, tokian frogatu ahal izan zutenez. Hiru hilabeteko egonaldian zehar, Ulpan direlako eremuak ezagutu zituzten; ikerlarien esanetan, barnetegi antzeko batzuk. «AEKren genesia» eta barnetegien ideia hortik ez ote datozen hausnartu dute.

Kibutzek liluratuta

Landu duten hirugarren ildoa da garai hartan Israel erreferente hartzen zuen jendeak izan duen bilakaera. Diote garai hartan laikotasunaren eta modernitatearen paradigma zela, baina orduan bertan izandako asko ikusten dituztela orain Palestinaren aldeko ikur eta aldarriak partekatzen. Katalunian ere antzeko joera bizi izan zen, eta horrek jokabide ugari azaltzen ditu.

Hain zuzen, modernitate horren sinbolo nagusia kibutzak izan ziren garai hartan: «Jende gutxi bizi den guneetan nekazaritza etxalde autogestionatu moduko batzuk ezartzen dira, esan daiteke Israelen abangoardia direla. Berdintasun eta sozialismo ideal horren errealizazioa irudikatzen zuten, baina azkenean postu militarrak dira, kolonizazioaren punta».

Kibutzekiko lilura hori, gainera, ez zen minoritarioa. Senideen artean ere adibideak aipatu dituzte: «Orokorra zen erabat. 1950ean askapen mugimendu gisa ikusten zen Israel, eta euskaldunok sionistak izan behar genuela esaten zen. Saltzen zen narratiba zen haien burua salbatu zutela eta, gainera, frankismoa arabiarren alde erabat lerrotuta zegoen». Azken elementu horrek ere hauspotu zuen sionismoarekiko begikotasun hori.

Itxaron beharko dugu ikerlan horren emaitza ezagutzeko baina, bitartean, haiekin harremanetan jartzera gonbidatu dute protagonistek garai hartan egoera lehen pertsonan bizitako oro, ahalik eta testigantza gehien jasotzeko. 644 632 994 zenbakian egin daiteke.

Jaurlaritza Logoa