Zuzenean
Aldaketa bakarra izan da Janus Lester taldean aurreko diskotik ona, baxu-jotzaile gisara Julen Barandiaran ‘Txiki’ batu da proiektura. Gainerakoak aurretik ere bertan zirenak, Mattin Arbelaitz, Andoni Arriola, Garazi Esnaola, Javi Etxarri eta Julen Suarez; guztien buru, berriz, Jokin Pinatxo.
Folk girora gehiago gerturatu gaitu ‘Lore’ diskoarekin Janus Lesterrek. Mumford & Sons, Vance Joy edota Nøgenena bezalako erreferentziak erraz etorriko zaizkigu kantu hauek entzutean. Dena dela, poparen mundura eramaten gaitu sintetizadoreen giroekin, soularen munduan edota funkyarenean ere sartu-irtenen bat egiten du eta balada rockero bat ere eskaini digu diskoan.
Kantu introspektiboak dira, barrura begira jartzekoak, minari aurre egin edota iluntasunean argia bilatzen lagundu dezaketenak. Kolaborazioak ere izan ditu, Neomak taldekoena edota Izarorena. Azken hau elkar truke moduan ulertu daiteke, gainera; Pinatxok Izaroren azken bi diskoetan parte hartu baitu.
Zuzenekoak abenduaren 30 honetan hasiko ditu eta antzokietarako gehiago izan daitekeen diskoaren lehen aurkezpen emanaldia non eta Victoria Eugenian izango da. Sarrera guztiak agortuta direla, gainera. Atzetik etorriko dira Bilboko Kafe Antzokia urtarrilaren 2an, Jimmy Jazz, Gasteizen, urtarrilaren 4an; eta Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea, urtarrilaren 25ean. Ez utzi azken unerako, hegan egiten ari dira-eta.
Bitartean, gozatu bideoklipez, diskoaz eta entzun MusikHaria saioan Jokin Pinatxorekin izan genuen elkarrizketa.