Zuzenean 02:00h - 03:00h
Ad libitum
03:00h - 05:00h
Zebrabidea (errepikapena)
05:00h - 09:00h
Haria 1
Abenduaren 12an egindako batzar nagusian aukeratu zuten Lourdes Auzmendi Aierbe ataundarra, UZEIko lehendakari berri, Jon Etxabek utzitako lekukoa hartuz. Aurretik duen erronkaz jakitun da, globalizazio eta digitalizazio garaiotan asmatu behar delako testuinguru hori mesedegarri egiten euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat. Gakoa da, gizakiaren adimenaren ezinbestekotasunaz jabetzea. «Pentsatzen dut beti horrela izango dela, gure adimena garrantzitsuagoa izango da makinarena baino», dio Auzmendik, «ez dago zalantzarik aurrera pausu handia dela baina erabiltzen ikasi behar da eta irakatsi behar dugu», gaineratu du.
Modu grafikoago batean, eta adimen artifizialari erreferentzia eginez, hauxe da UZEIko lehendakari berriak egiten duen irakurketa: «zenbait testu mota itzultzen ditugunerako, itzuli baino gehiago eskatzen digu itzuli osteko lana egitea. Alegia, makinak egiten baldin badigu itzulpen lanaren parte handi bat, ezin gara fidatu hala ere makinaz».
Urteek aurrera egin ahala, osatuz eta konplexuagoa bilakatuz joan da UZEI, eta gaur egun puntako teknologiez nola baliatu aztertzen ari badira ere, «egiteko nagusiak jarraitzen du izaten terminologia eta lexikografia mundu horri lotuta», Auzmendik gogora ekarri duenez. UZEIri asko zor diotelako euskal itzultzaileek, mugarri bat ezartzeagatik beharrezkoa zenean. Eta horretan sinesten duelako, garai batean erakundeak eman ziona, itzultzen saiatuko dela azaldu du lehendakari berriak, «planteamendu hori beti defendatu izan dut, zerbait hartzen dugunok zerbait ematea momenturen batean».