Zuzenean
Bisita gidatua Mendietxen Alex Txikonekin batera
Azpeitian kokatuta dagoen Mendietxeren ateak zabaldu dizkiote NAIZ Irratiari, goi mailako alpinismoaren lehena eta oraina jasotzen duen museoa lehen eskutik ezagutzeko eta luxuzko gidari baten eskutik; Annapurna igotzea helburu duen Alex Txikon alpinista lemoarra.
Bisita gidatua Mendietxen Alex Txikonekin batera
Lasaiak izan ohi dira eguberrietako egunak, baita informazioaren ikuspegitik ere. Tenore egokia beraz, ohiko markotik atera eta eduki bereziak eskaintzeko. Irrati bidez egindako bisita gidatu bat zen NAIZ Irratiak bere entzuleei eskaini nahi zien eduki berezia, Azpeitian duela pare bat hilabete ireki zuten Mendietxe Museoan zehar. Mendiaren Etxea irabazi asmorik gabeko elkartea dago egitasmoaren atzean, eta elkarte honen partaide da, era berean, une honetan Annapurna igotzea helburu duen Alex Txikon alpinista lemoarra.
«Zer topatuko dugu? Zerbait ezberdina nire ustez, maitasun askorekin landuta dago», azaldu du Txikonek, Mendietxeko sarreran bertan. «20 urteko lana dago hemen. Ez bakarrik nirea, talde bat osatu genuen. Bata da espezialista mendiko eskietan, bestea autobabeserako gailuetan, bestea pioletetan... eta taldea handituz doa», gaineratu du.
Himalaian espero zuen etxe honek Txikon, aklimatazio lanetan Annapurnak suposatzen duen erronkarako prestatzen. Kasualitatearen ondorio izan, ala zoriarena, alpinistak espedizioan egindako etenalditxoak bat egin zuen audio eduki honen prestaketarekin (argitaratzen den unerako Nepalen izango dira berriz ere Txikon eta bere taldea) eta museoko atarian prestutasun osoz agertu zen. Luxuzko gidari bat beraz Mendietxe ezagutzeko.