Zuzenean
Beriaingo herritar talde batek abiatutako ekimenaren eskutik joan dira Valentziara asteburuan Olentzero eta Mari Domingi, «DANAko sarraskiaren albisteak ikusten ari zirela neskato batek bere amari esan zion, ‘begira nola dabiltzan… ahalko nuke nire jostailu bat partekatu hango haurrekin?’» eta eskari horri tiraka heldu da asteburu honetako ekimen solidarioa, sustatzaile lanetan aritu den Xabier Villegasek NAIZ Irratian azaldu duenez.
«Ama hori lagun batekin jarri zen harremanetan eta pentsatu zuten jostailuak batzea hara eramateko. Baina, harago joatea pentsatu zuten eta Olentzerori galdetu zioten ia prest legokeen jostailuak eramateko. Hark baietz, baina ezingo zuela berak bakarrik joan», Villegasek azaldu duenez horrela hasi ziren bateko joaldunak, besteko txistulariak, dantzariak eta trikitilariak elkartzen. Azkenean, delegazio ikusgarria izan da asteburuan Osasunako entrenatzailearen jaioterria den Massanassa herrian eta ia 2.000 opari banatu dituzte hango haurren artean.
Bidaiatik itzuleran hunkituta erantzun die Villegasek NAIZ Irratiaren galderei, «ez ditugu kaleak garbitu baina lagundu diegu arima egun batez garbitzen eta irribarre bat sortzea». Gogorretik ere izan du, ordea, esperientziak, «iritsi orduko autobusean isiltasuna nagusitu zen, sarraski guztia izan zen lekua ikusten ari ginen, ikusi genituen kotxe multzoak, merkatalguneak itxita, lehen irudia latza izan zen…». Bertakoek euren bizipen latzak kontatu zizkieten, ura gainera zetorkiola ikusi eta semearekin goiko solairura igo zen gizonaren kasua, adibidez, «baina emankor ikusten zaie, indarrez eta eskertuta hara joan ginelako, gertatu zaiena kontatzeko gogoa dute».
150 lagun inguru izan dira Beriainen hasi zen ekimen honetara batu eta Massanassara joan direnak; dantzari, joaldun, txistulari eta trikitilariek kalejira ikusgarria egin zuten iritsi eta gutxira. Ekitaldi nagusia plazan izan zen, txalaparta soinuak eman zuen abisua eta bertako piroteknia enpresa baten suziriek lagundu zuen unea, «bi kulturen arteko besarkada» izan zela nabarmendu du Villegasek.
Haurren poza
Massanassako eta Beriaingo alkateen hitz hartzeen ostean iritsi zen une garrantzitsuena, Olentzerok eta Mari Domingik eraman zituzten opariak banatzekoa. Kezkaren bat izan zuten zer nolako harrera izango zutenaren inguruan, «noski bagoaz hemendik, soinua, algara eta ezagutzen ez duten pertsonaia batekin… zalantza bagenuen baina haur denak oso pozik jarri ziren, bere ondoan argazkiak egiten eta… »
Elkartasun bidaia izan da nafarrek antolatu dutena eta bueltan hango zatitxo bat ere ekarri dutela azaldu du Villegasek, hangoek kontatutako bizipen gogorrak, tartean. Azken geldialdi bat ere egin zuten espedizio honetan joan diren trikitilariek, sarraskiaren iturburu izan den Polloko amildegian geratu nahi izan zuten, «ez daudenen omenez».