Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Izaro Andres Zelaieta
Musikaria

«Euskal Herria oso abeslaria da eta mahaiaren bueltan asko abesten da»

Izaro Andres Zelaieta (Mallabia, 1993) elurpean ikusi genuen aurreko diskoaren azalean, oraingoan, berriz, etxe barruan, goxo eta lagunez inguratuta. Zortzi abesti sortu ditu Gabonen unibertsoan kokatuta, pop kultura estatubatuarrean hainbat musikarik egin izan duen gisara: ‘Izaro Gabonetan’.

Audio_placeholder

«Euskal Herria oso abeslaria da eta mahaiaren bueltan asko abesten da»

Loading player...
Gabonen unibertsoko diskoa kaleratu du 2024 honetan Izaro Andresek.
Gabonen unibertsoko diskoa kaleratu du 2024 honetan Izaro Andresek. (ARRIGURI)

Gabonzalea zarela argi dago eta irudik zitekeen zuk egin zenezakeela halako zerbait noizbait. Elurretan ikusi zaitugu, etxeari ematen diozun garrantzia… ‘Gure Gabon Gaua’ kantua etorri zenean, gainera, zentzua hartu zuen zuk azkenaldian elkar hartu eta elkarbanatzeaz esan duzun guztiak.

Bai eta gainera inoiz baino zentzu gehiago orain. ‘Cerodenero’ diskoaren aro honetan oso emankor sentitzen naiz eta gure lan taldearekin oso familian. Bereziki hori bideoklipean ere erakutsi nahi izan dut. Beraiei begira egote hori benetakoa da, askotan geratzen naizelako lelotuta haiei begira. Konturatzen naiz sekulako zortea dugula gauden tokian gaudenok egotearena. 

Mundu anglosaxoian urtero egoten dira artista esanguratsuek egindako Gabonetako diskoak. Zuk gisa horretako zein disko izan dituzu gogoko?

Nik gogoko-gogoko, urtero-urtero entzuten dudana eta biniloan daukadana, Ella Fitzgeralden bat da eta Frank Sinatrarena ere asko entzuten dut. Era berean Miley Cyrusek Gabonetarako egin zuen berezi hura ere asko gustatu zitzaidan eta nahiko interesatuta nago Sabrina Carpenterrek aurtengorako prestatu duenarekin. Oso kuriosoa da Gabonen inguruan gertatzen den hori. Normalean artista bakoitzak bere nortasunetik gauza oso konkrektuak egiten ditu eta bitxia da bakoitzak nondik ikusten dituen Gabonak.

Zurea bazetorrela jakitean ea zein ikuspegitatik landuko zenuen kuriositatea sortu zidan. Eta ‘Gure Gabon Gaua’ abestiak baditu bi zati musikal nolabait ere, Euskal Herrian Gabon kanta bezala ulertzen duguna eta mundu anglosaxoiko jingle baten soinua ere badu.

Bai eta funky kutsua edota aurrerantza egiten duen kantua da, jostaria, saltaria, non ikusten diren baita bi munduak. Gabonetako Estatu Batuetako popa eta gure herriko Gabon soinuak.

Hauek sortzen, ordea, noiz ibili zara, ‘Cerodenero’ garaian edota denboran gordetzen joan zaren abestiak dira?

Nik gitarroa eta pianoa sortzeko jotzen ditut eta listo. ‘Cerodenero’ idazten bukatzen ibili nintzen horretan, pianoan asko ibili nintzen eta ezagutu nuen Fa akordea. Gitarran ez dut jotzen Fa bere horretan, beno, alferrentzako moduan bai, baina benetakoa ez. Benetako akorde hori jo nuenean, konturatu nintzen niretzat Gabonak hor zeudela eta atzetik etorri zen ‘Gure Gabon Gaua’. Kuriositate moduan, urtarrilean, 2tik 4ra Euskalduna eta Kursaalen emandako kontzertuetan, jo genuen abestia, idatzita zegoelako ordurako. 

Inor ez zen konturatu?

Bai bai, kontatu nien istorioa.

Bada, sekretua ondo mantendu da.

Bai, ez da erreza hori, eta gerora idatzi ditut gainerako guztiak.

Entzuleari, akaso, ez zaio erreza izango ulertzea nola martxoan Gabon kanta bat idaztearena, baina barneratuta duzun unibertso bat bada, errezagoa izango da, ezta?

Maiatzean grabatu genuen diskoa bai, pentsa.

‘Olentzero’ kantuan sarreratik ulertu dezakegu zein unibertsotara goazen. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin egin duzu kantua eta erabat haien abestia da. Xabi Zabalari ere galdetu nion ea eskurik sartu ote zion kantuari eta ezetz esan zidan.

Niretzako amets bat izan da tonu igoera, adibidez. Kantua idatzi genuenean argi eta garbi neukan horrek egon behar zuela eta pailazoiek kantatu zutenean esaten zuten, «baina hori beti dago» eta ez, nire kantuetan lehenengo aldiz egin dugun zerbait da. 

Nola izan da kantuaren garapena.

A cappella idatzi nuen, ahotsez bakarrik. Etxean grabatu nuen, asko abestu nuen hau eta bandarengana joan nintzen eta zer nahi nuen esan nien, zer soinu mota nahi nuen eta, horretarako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantu mordo bat entzuten genituen nolako giroa nahi genuen zehazteko. Argi neukan dultzainak edo gaitak nahi nituela eta baita atabala nahi nuela ere, kalejira bat izatean nahi nuen eta kalea sentitzea. Poza eta zarata pixka bat. Badakizu nork grabatu zituen dultzainak? Jokin Pinatxok. Aspaldian ez zuen jotzen eta, estudioan aritu ostean, ezpainetako minez itzuli zen etxera.

Abestian festa eta zarata bai, baina mehatxu txiki bat ere irudit zait baduela lerroartean gordetea. «Berandutu ezkero…»

Ai, ai, ai. Bai eta pixka bat bazen hori ere kontzeptua. Nik Gabonak zelan ulertzen ditudan ere hor sartzen da. Ni oso konektatuta sentitzen naiz iparraldearekin, elurra, hotza… eta gau luzearekin ere konektatzen dut, baina Ipar Polotik gertu dagoen gau luze horrekin, ez hemengoarekin. Gau oso luze bat datorrenean nola argitu? Zeren gauak oso luze direnean egun bat joan eta bestea etorri, hartzen du pisu bat guztiak, beldur puntu bat ere bai… Ni gainera oso beldurtia izan naiz gauarekiko eta istorio pila bat sortzen dira horrekin laguntasuna topatu nahian. Bertako munstroekin laguntasuna ere topatu behar da. Hortaz, istorioak asmatuz, norbait etorriko ote den, janari goxoak prestatu… Pixka bat magia hori guztia bizirik mantentzeko hotz eta iluntasun horretan. Olentzerorenak hor hartzen du zentzua.

Ni umetan, askotan, esna gelditzen nintzen Olentzero ikusi ahal izateko gauez. Ume askok egin duen moduan. Hurrengo goizean gurasoei kontatzen nien esna geratu nintzela eta ikusi nuela Olentzero, eta nik hori sinisten nuen. Zain egote eternala da hori eta galderak baino ez dituena sortzen. Non bizi da baina? Basoan, ezta? Baina guk Mallabiko basoak ezagutzen genituen eta ez genuen bera topatzen, hortaz, non bizi zen konkretuki? Bada galdera eta erantzun eternalen zera hori, zain egote hori bera da kantuak gordetzen duena. 

Lagun batek behin esan zidan Gabonak usaindu egiten zituela. Ez dakit zu horretaraino iritsi ote zaren.

Bai, nik ere usaintzen ditut argi eta garbi. Berak zer usain hartzen zien?

Nik uste dut egurra sutan erretzen ari zenean esaten zuela, baina berek ezezkoarekin erantzuten zidan.

Ikatza, beheko sua, janari beroaren usaina… Kea dakarren edozer, ezta?

Bi bideoklipak ikusi ditugu eta koloreak ematen du atentzioa. Kolore beroak erabili dituzue, urre kolorea agertzen da, azalak ere tonalitate hori hartzen du, gorria ere protagonista… zer bilatu duzu horrekin?

Bai bilatu dugu mistizitate puntu bat. Baina bilatu dugu zerbait zaharra izatea eta ez aldi berean. Egia da gure mitologian pentsatzen duzunean, denborarik harago esistitzen den zerbait etortzen zaizula burura. Niretzako oso interesantea izan zen nire amamaren argazkiak topatu nituen lehen aldia. Nire amama umea zeneko argazkiak. Shock bat izan zen nire amama ume ikustea. Ume bat, neska gazte bat zen, baina beldur puntu bat sortzen zidan, nire amama zelako. Hortaz, kontzeptu horretatik abiatuta, ganbara batean bizi ahal den postal zahar bat nola sortu pentsatzen ibili ginen. Nola sortu ‘bodegoi’ bizidun bat, zentzua izango duena, zabaldu eta beti adin horretakoa izango dena. 

‘Hartu lerak maldan behera’, asko flipatu nauen kantua da. Hilaren 24an, kaleetan, bai hau eta baita ‘Olentzero’ ere zenbat abestuko direla uste duzu?

Bada, espero dut asko abestuko direla. Ez dakizu zenbat hunkitzen nauen irudikatzeak jendearen etxeetan egon naitekeela edota jendearen konpainia izan ahal naizela modu batetara. Oparia niretzako da.

Baina kalean ere uste dut entzungo dela. Lehendik ere Izaro iristen zen umeengana eskoletan. Diskoa egiten ari zinenean ez dakit buruan ba ote zenuen Gabon kanten bueltan ari zela aldaketa bat ematen, laikotasunera eta halako kontuetara. Hutsune bat bazela.

Bai eta horrek ere eraman nau hau sortzera, ezta? Nik ere sentitu nuen beharra hau entzuteko. Hortaz, nik entzun nahi banuen, bada goazen egitera. Hortaz, bai, izan daiteke jendea egotea horrelako kantuen zain eta orain entzungo dutela zain zeuden hori. 

Instrumentu berezien erabilera ere egin duzue kantuak sortzerakoan. Kanpaitxoak, adibidez.

Kanpaitxoa nik uste dut badela Gabonetako abestien sonoritatean letra larriz idatzi beharreko instrumentua. Handi-handi bat erosi nuen, hamazazpi kriskitin akaso izango dituena eta entseatzera gerturatu nintzenean denak harrituta geratu ziren. Baina musika mota nik uste dut musikarientzako badela oso dibertigarria, oso joa delako.

Hitzetan baduzu fonetikoki jolasa egina «du», «da», «badoo-badoop charura» eta abar. Non sortzen da abestia?

Etorri zitzaidan lehenengoa izan zen «aditu aditu, elurra egin du», bando bat bezala. Hortaz hortik abiatu nintzen eta hortik swing edota mota horietan klasikoa den hitz-jolas hori etorri zitzaidan. Konturatu nintzenean «badoo-badoop charura» eta «begiratu zerura» gauza bera zirela kasik, mundua zabaldu zitzaidan. Oso ondo pasa dut disko hau idazten.

Erreza da?

Erreza egin zait, akaso sekulako gogoa nuelako eta oso emankor topatzen naizelako ere bai. Eta eskertzen diot momentuari erreza izatea, disko baten aurkezpen biraren barruan etorri delako guztia. Bost kantu izan behar ziren hasieran, baina zortzi izan dira azkenean, ezin izan nion eutsi.

Eske kantutik badu ‘Ura eskutik eskura’ abestiak. Makil hotsak-eta entzuten direlako. Zuek Mallabian makil eta guzti abesten duzue Gabonetan?

Bai, oles kantua da eta bai, makil-eta guzti ateratzen gara kantatzera. Lurra esnatzeko eta lurrarekin konektatuta sentitzeko. Nahi nuen oles kantu bat egin, baina gaur egunera ekarrita, nik nola interpretatzen dudan kantaera hori erakutsi nahi nuen. Izan ere kantatzeko modu hori bada niretzako oso mistikoa eta sustraietara lotzen dena oso indartsu eta erritutik ere baduena. Eta Kursaalera makilekin goaz eta gauza tantrikoak sentitu ditut entseatzerakoan.

Badira hiru akorde, dena aldatzen dutena giro aldetik.

Bai eta bandak esan zidan ea ziur ote nengoen horrekin. Eta bai, horra joan nahi nuen eta eskea hor bukatzen da. Beldurrezko puntu bat badu kantuak, ilunetik argira bidea egiten du kantuak.

Aurretik beste bi kantuak haurrek abestuko dituztela esan dugu, baina kaleko abesti horien zerrendan hau ere sartu behar dugula uste dut, ezta?

Mundu horretan sartu gara eta bertatik ateratzea ere kosta egiten da. Lotura oso zuzena lortzen da. Kolpera oso zaharra sentitzen naiz, mila urte izango banitu bezala, Anbotoko Mari izango banintz bezala. Baina zaharra zentzurik onenean, aintzinakoa. Iratiko mundu guzti horretara joaten naiz bapatean.

Inoiz izan zara Gabonetan halako toki batean?

Ez, sekulan ere ez naiz iparraldean izan Gabonetan. Egia da gure etxean, Gabonetan, elurra egin izan duela, Trabakuan, Mallabian, baina beti pentsatu izan dut Laponiara edo Alaskara joatea, benetako negura. Naturarekiko harreman hori nola bizitzen den ikusteko ere bai. Nahiz eta etxe inguruan orkatzak eta ikusi izan ditugun.

Orain, ordea, hirian bizi zara. Gabonak bizitzeko modua asko aldatzen da?

Asko, bai. Gu beti mendi kontzeptu batean, bakoitza bere etxe banatuetan, bizi izan gara. Ez dugu kalerik eduki. Hortaz, elkarren etxeetan egon izan gara beti, lagunen artean, elkarren familietan oso barneratuta baita. Gure kontzeptua beti oso etxekoia izan da, gauza denak beti oso etxe barruan egin izan ditugu. Hortaz, Gabonak beti lotu izan ditut etxe baten barruarekin. Egia da kaleak oso polit egoten direla eta hori guk ez geneukala, baina niretzat etxe barruan gertatzen da magia. Pisuan sutondoa sumatzen dut faltan eta hori gabe ez dakit nola usaindu Gabonak. 

Azkar saldu ziren Kursaaleko sarrerak eta kontzertu oso berezi batetarako izanda.

Eta kanturik ere atera gabe ginela. Benetan, jendeak nigan daukan konfiantza ez dakit nola eskertu bueltan. Beno, kantatzen. Baina kanturik atera gabe, bi Kursaal betetzea, bi tigre handi, eta datak binaka atera ahal izatea… sekulakoa da. Aurreko egunean beti urduri egoten naiz, baina gero bagatoz. Kontzertu oso desberdinak izango dira ohituta gaudenetik. Mahai bat diseinatu dugu eta denok mahai buelta batean jarriko gara, gure otordua gure instrumentuak izanda. Elkarrekin abestekoa izango da. Euskal Herriak badu hori, oso herri abeslaria dela eta mahai bueltan asko abesten dugula. Hortaz, hori ere ekarri nahi genuen bertara, gure Gabon afari propio bat izango balitz moduan. 

Zer edaten du Izarok halako ospakizun batean?

Ura, nik ura. Asko gainera, ahizpak eta biok ur asko edaten dugu.

Kontzertu eta disko honen harira, beste gauza zoro bat ere iragarri zenuen. Kontzertu hau grabatu eta editatu egingo dela. Hau da, atera gabe zegoen disko baten aurkezpen kontzertu bateko zuzeneko diskoa dator. 

Hori da. Simil oso iluna egingo dut. Etorkizun batetara goaz hor. Garai batean kapsula batzuk lurpean sartzen ziren argazkiekin eta urte asko pasa ostean berriz ere atera egiten ziren eta nola aldatu den ikusi guztia. Une horretako argazkian inprimatuta geratzen zara. Jakin dut Hiroshiman lurrean itzalak inprimatuta geratu zirela bonba atomikoaren eztandaren ostean. Bada, pixka bat sentsazio horrekin hartu nuen Kursaaleko kontzertua grabatzearen erabakia. Zerbait inprimatuko dugu, baina zer ez dakigu. Hori betiko geratuko da. Denbora pasako da, baina zahartzaroan kontzienteki inprimatu ginen une hori gogoratu nahi dut. Eta entzuleari ere zor nion aldez aurretik hori gertatuko dela jakitea, grabatuko dutela bertan gertatuko dena, alegia. Eñaut Gaztañagak, grabatu gaituenak, esan zidan bera behin izan zela halako kontzertu batean, grabatuko zutela zekien batetara, eta bereziki hunkigarria izan zela. 

‘Urte berri on’ kantuan munduko bakea eskatuz ixten duzu diskoa.

Bakea munduan badirudi badela zerbait oso errepikakorra eta hain errez esaten dena, ez duela ezertarako balio. Baina bakea munduan, berez, denbor guztian errepikatu beharreko zerbait da eta uste dut pisu handia daukala eta denok nahi beharko genukeen zerbait badela. Nik neuk behintzat bai. 

Zuk behintzat opa duzu eta ez da gutxi. Eskerrik asko, Izaro.

Zuri!

Jaurlaritza Logoa