Zuzenean
Amaitu berri da 2024ko Gaztemundu programa, diasporatik Euskal Herrira etorri ohi da urtero gazte talde bat, bertako ezagutza kultural bat lantzeaz gain gaur egungo Euskal Herria bertatik bertara bizitzeko.
Errealitate hori ezagutaraztea eta gaur egungo euskal diasporak dituen behar berriei erantzutea azpimarratu ditu Gorka Alvarez Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak NAIZ Irratian.
Zertaz arduratzen da Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaritza?
Ia 30 urte baino baino gehiago daramatzagu arduratzen kanpoan ditugun euskaldunez, betitik, Eusko Jaurlaritza osatu zenetik Agirre lehendakariarekin batera. Gure Gobernua mantentzeko atzerriko laguntza izan zen beharrezkoa eta gainera oso eraginkorra izan zen. Ikusi besterik ez dago Eusko Jaurlaritzaren historia erbestean, Leizaola berriz Euskadira bueltatu zen arte. Hor sortu zen harreman tinko bat Jaurlaritza eta gure komunitatearekin. Gure Estatutua onartu zenean lege bat onartu zen 1993. urtean. 30 urte baino baino gehiago daramagu hau lantzen eta Gobernuaren ildo nagusi bat izan da gure komunitatea mantentzea, gure komunitatea indartzea. Herri txiki bat gara eta benetako sare bat daukagu kanpoan gure herria ezagutarazteko edo munduan leku bat egiteko.
«Gure komunitateak ere aldatzen ari dira, jada ez dira komunitate fisikoak soilik, baita komunitate interaktiboak ere, sare sozialetan dauden komunitateak»
Zeintzuk dira gaur egun dituzuen erronka nagusiak?
Gure gizartea oso azkar aldatzen ari da. Lehen edozein aldaketa emateko hamarkadak behar ziren eta orain, batez ere atzerriari begira, komunikazioak dira inportanteenak eta zailtasun batzuk ere ekartzen dituztenak. Zergatik zailtasunak? Lehen kanpora joaten ginenean beti sentitzen genuen herrimina edo gogoa euskaldunekin egoteko edo kulturalki berdinak ziren pertsonekin egoteko. Gaur egun komunikabideak, whatsapp-ak, Internet... eta halako gauzekin ez dugu behar hori bera sentitzen. Ondorioz, gure komunitateak ere aldatzen ari dira, jada ez dira komunitate fisikoak soilik, baita komunitate interaktiboak ere, sare sozialetan dauden komunitateak. Orduan, horrek guri ere zailtzen digu identifikatzea non dauden gaur egun gure komunitateak. Baina erronka handi bat ere bada. Euskal etxeekin sare potente bat daukagu, 200 euskal etxe ditugu munduan zehar eta egin behar duguna da euskal etxe horiek mantendu, indartu eta belaunaldiz belaunaldi egiten ari den lan hori sustatu eta tresnak eman gure kultura hazteko eta gure kultura mantentzeko.
Aldatu da kanpoan diren euskaldunen arteko talde sentimendua? Eusten diote euskal identitate horri ala diluitu egin da?
Nik ez dut uste diluitu denik, uste dut sentimendua hor dagoela aberriarekiko, baina egia da sentimendu horiek beste modu batera islatzen direla. Lehen pertenentzia sentimendu hori aldarrikatzeko edo mantentzeko beharra zegoen, zu bezalako besteekin elkartzekoa. Gaur, hainbat kasutan ikusten dugu Whatsapp talde bat direla, eta Whatsapp bitartez antolatzen dituztela hainbat ekitaldi, hainbat enkontru... Orduan, komunitatea egiteko beste modu ezberdin bat da hori, sentimendua mantentzekoa.
Uste dut sentimendu horretaz ari garela aipatu behar dugula harro egoteko modukoa den kontu bat. Zuk Argentinako edo Estatu Batuetako euskaldunekin hitz egiten duzunean beti esaten dizute honakoa: «Nik euskaldun on bat izateko lehendabizi estatubatuar on bat izan behar dut, edo argentinar on bat izan behar dut, eta gero beste guztia. Nik uste dut hor dagoela gure ereduaren edo gure diasporaren arrakasta. Beti joan diren toki guztietan saiatu direla integratzen. Egia da gure historia migrantean badaudela kapitulu latz batzuk non integrazio hori ez den eman, baina gehienean euskaldunak beti saiatu dira izaten herriko onenak edo herrialdeko onenak eta gero beraien sentimenduak eta nortasuna lantzen, euskara, batez ere.
Euskal Etxeek ezinbesteko erreferentzia izaten jarraitzen dute. Zer lan burutzen dituzue eurekin?
Euskal etxe ezberdinak ditugu, baditugu oso potenteak direnak, aktibitatez blai daudenak egunero. Gero beste euskal etxe batzuk txikiagoak dira eta jarduera gutxiago izan ohi dituzte. Guk programa ezberdinak ditugu eurei laguntzeko. Garrantzitsuena da ematen diegun diru-laguntza, batez ere aktibitateak sustatzeko eta azpiegitura gastuei aurre egiteko. Gero Gaztemundu bezalako programak aipatu ditzakegu edo beraiekin batera lantzen ditugun ekimen konkretuak. Adibidez, orain dela aste gutxi izan genuen Aste Nazionala, Bahia Blancan, han elkartu ziren Argentinako ia euskal etxe guztiak eta programa hori bereziki lagundu genuen... horretarako gaude. Datorren urtean erronka Jaialdia izango da. Euren beharren araberako laguntza ematen diegu.
Gaztemundu aipatu duzu, nabarmentzea merezi duen programa da...
Bai, batez ere, gazteei zuzenduta dagoelako. Lau urtean behin izaten dugu nazioarteko kongresu bat, non elkartzen diren munduko euskal etxe guztiak eta beraiek esaten digute lau urtetan zer gai nahi dituzten landu gazteriarekin. Adibidez, bukatu berri da 2024 urteko Gaztemundu eta dantzaren inguruan izan da aurten. Beraz, egon dira Argentina, Uruguai eta Estatu Batuetako 15 gazte. Egon dira Euskal Herriko dantza guztiak ikasten, edo, behintzat, ezagutzen. Baina, uste dugu inportantea dela beraiek hemendik alde egiten dutenean beraien euskal etxeetara eta beraien familietara eramatea gaur egungo Euskal Herriaren ikuspegi orokor bat. Gustatu ala ez, diasporan maiz idealizatu egiten baita zer den euskalduntasun hori. Hori bizitzea garrantzitsua da, gure herria ere garatu egiten baita eta harro egon behar dugu gure herria gaur egun zer denarekin eta haiek ere horren parte sentitu behar dira. Horregatik, goizetan klase teorikoak ematen aritu dira, jo ta ke jardun dute dantzak ikasten eta ikusten, baina gero arratsaldeetan Euskal Herri osotik mugitu ditugu, hainbat errealitate ezberdin ezagutzeko.
Euskal Herriaz duten irudia aldatzeko balio du esperientzia horrek?
Apurtzeko ez, batzuk esaten dute apurtzeko ezetz, beraiek bihotzean dutela euren sentimendu hori, baina balio behar du errealitatea ikusteko. Azken batean, errealitate baten parte sentitzen bazara, zure pertenentzia sentimendu hori askoz ere sakonagoa eta indartsuagoa da.
«Euskaldun gisa harro egoteko kontua da, nola 1.000 kilometrotara dauden komunitate eta pertsona batzuk egunerokotasunean erabiliko ez duten hizkuntza bat lantzen, prestatzen»
Zein lan arlo gehiago nabarmenduko zenituzke?
Baditugu egoera larrian dauden komunitateetako pertsonei laguntzeko programak. Gure komunitate esanguratsuak daude Hego Amerikan eta badakizue han zer egoeratan dauden, euskaldun asko ere egoera horretan bizi dira eta batzuk egoera oso larrian daude. Gu saiatzen gara eurei laguntzen eta segurtasun minimo bat bermatzen.
Bestalde, nabarmentzekoa da Etxeparetik egiten den lana euskal etxeetan Euskara Munduan programaren bidez. Euskal etxeetan esfortzu handia egiten dute gure hizkuntza ikasteko, gure hizkuntza lantzeko. Euskaldun gisa harro egoteko kontua da, nola 1.000 kilometrotara dauden komunitate eta pertsona batzuk egunerokotasunean erabiliko ez duten hizkuntza bat lantzen, prestatzen. Hemengo edozein euskaltegitan bezala titulazioak eskaintzen dira; urtero egoten dira Buenos Airesen, New Yorken edo beste hainbat tokitan azterketak eta jendea joaten da azterketa horiek egin eta gainditzera. Nabarmendu behar da Argentinan, adibidez, euskarazko eskolak ematen dauden hezitzaileak bertan hezitako pertsonak direla, hemengo titulazio guztia daukate euskara emateko, harro egoteko modukoa da hori. Batez ere, hemen, Euskal Herrian, euskararekiko ikusten ari garen hainbat jarrera ikusita, kanpoan zein den jarrera baikor hori.
Zer ikasia ere bada, beraz...
Asko daukagu ikasteko gure diasporatik.
Aipatu duzu Jaialdia, izan ohi den aldiro hitzordu garrantzitsua da...
Bai, data esanguratsua da. Badaude diasporan egun esanguratsuak. Lehena irailaren 8a litzateke, Diasporaren Nazioarteko eguna. Hainbat urte daramatzagu ospatzen. Diaspora hasi zen eskatzen behar zutela egun bat beraien nortasuna kaleratzeko. Euskaldunak ez gara Irlandarrak edo beste herri batzuk bezala egun bat dugunak batzen gaituena, ez dugu Saint Patrick bat, ez? Hasi ginen pentsatzen zer egun izan zitekeen egokia; ezin zen izan data politiko bat, ezta erlijiosoa ere... eta beno, ba Elkano hor zegoela baliatuz irailaren 8a aipatu zen, bozkatu zen eta ondorioz Diasporaren Eguna da. Egun horretan aldarrikatzen da gure komunitatea mundu osoan.
Gero, badugu Semana Nacional Vasca, urtero egiten da Argentinan, euskal etxe ezberdinetan lantzen joaten da eta niretzako jai izugarria da. Aurten ikusi ditugu 32 dantza talde elkarrekin dantza egiten bi ordu eta erdiko emanaldi batean. Hori hemen dantzari egun batean ez da ikusten! Han ikusi genituen ia 800 dantzari elkarrekin. Gainera, kaleetan ere euskaraz, mintzodromoak...
Datorren urtean izango dugu lau urtean behin egiten den Jaialdia, Boisen. Azken urteetan ez da egin pandemia dela eta. Aurten, San Inazio egunean izango da, uztailaren 31n. Badakit hainbat euskaldunek hartu dutela dagoeneko hegazkinerako txartela, hotela... Badira zortzi urte ez dela ospatu eta irrikitan daude iristeko.
Zuri-beltzean ikusi izan ditugu Euskal Herritik kanpora joan direnen bizipenak. Oraindik bada kanpora joateko emari bat. Nola antolatzen da diaspora berri hori? Garaiekin batera aldatu dira beharrak ere?
Gu herri migrantea izan gara beti. Diasporaz hitz egiterakoan aski da asteburu goizetan telebista jarri eta ‘El Pais de los Vascos’ ikustea. Hori gure diaspora da, bai, baina gure diaspora asko aldatu da. Gaur egun hainbat jende kanpora joaten da eta munduan zehar euskaldunak ditugu sakabanatuta. Azken urteotan ‘Han-hemen’ esperientzia jarri dugu abian, batez ere identifikatzeko non dauden euskaldunak. Lehen komunitateetan antolatzen ziren baina orain behar hori ez dago eta maiz ez dakigu non dauden euskaldunak, zer behar dituzten, nola ase behar horiek. Inkestak egin ziren, emanaldiak, bilerak... datorren urtean legea aldatu behar dugu, 30 urte daramatzagu lege berdinarekin lan egiten. Lege hori errealitate berrira moldatu behar dugu, behar berriak ditugulako eta oinarri juridiko bat behar dugulako hainbat errealitate lantzeko, hori izango da gure lehentasuna.
Dagoena mantendu nahi dugu, sustatu eta jarraitu eraikitzen; adibidez oraintxe jaso dut Los Angelesetik email bat euskal etxe bat sortu nahi dutela esanez, jarraituko dugu dinamika horrekin. Baina ireki behar dugu ikuspegia kanpoan dauden hainbat pertsonen beharrei erantzuteko, norbanakoak direnak. Pandemian ikusi genuen, aire espazio dena itxita zegoen, hainbat argi piztu zitzaizkigun mapan, «aizu! hemen nago!» zioen batek, «ados, ba ez nekien hor zinela eta ez dakit zein zaren». Orduan, badakigu gure komunitateak non dauden, baina gure pertsonak identifikatzea eta hauei laguntzea falta zaigu, datorren urteari begira gure erronka nagusia hori izango da.